« Fadoan kantetako moduko patua | Proposamena »
Apokalipsia guztioi erakutsia / Joseba Gabilondo / Erein, 2009
Basque Aleph Ion Olano / Gara, 2009-07-31
New Yorkeko MOMA museo sonatuan bada Greco pintorearen koadro bat, “Apokalipsiaren ikuspegia” izena duena (“Bosgarren zigiluaren zabaltzea” izenaz ere ezaguna da). Diotenez, koadro horren konposizioan oinarritu zen Pablo Picasso “Avignongo andereñoak” (MOMAn bertan dagoena, bidenabar) pintatzeko, alegia, adituen ustez arte modernoa zabaltzen duen lana egiteko. Aipatu ditudan bi koadroetako bat ere ez da azaltzen Joseba Gabilondoren (Urretxu, 1963) Apokalipsia guztioi erakutsia liburuan, baina baliagarriak zaizkit liburu honi buruz esan nahi dudana esateko. Inork gutxik ukatuko du, egun, modernotasuna atzean gelditu dela eta aspalditik sartuta gaudela garai postmodernoetan (akaso atera ere egin gara, ohartzerako). Irakurri ez, baina entzun izan ditut Gabilondoren Nazioaren hondarrak (EHU, 2007) liburuari buruzko hainbat komentario, gehienak positiboak. Liburu hartan “post-nazioa” eta halako kontzeptuak aipatzen ei zituen idazleak, eta irudipena daukat Apokalipsia guztioi erakutsia honetan ideia antzekoak praktikara eramateko ahalegina egin duela. Hau da, liburu likidoa (“postmodernoa” ez esatearren) egiten saiatu dela, osagai zinez interesgarriak erabiliz, baina kontuak kontu, irudipena daukat saiakeran hankamotz gelditu dela.
Erein argitaletxeko narratiba sailean argitaratu dute Gabilondoren literatur lana, hain zuzen ere, 2009ko Erein narratiba saria jaso duelako. Ipuin bildumaren itxura du liburuak, izan ere, ia 300 orritan zortzi narrazio biltzen ditu. Ipuinen artean, ordea, begi-bistako lotura ugari dago (pertsonaiak narrazio batean eta bestean azaltzen dira, garrantzia eta funtzio ezberdinekin; gaiak eta erreferentziak ere errepikatu egiten dira batetik bestera) baita ezkutukoak ere, eta horrenbestez, esan liteke nobela gisa ere irakur daitekeela, hala nahi izanez gero. Esan dudanez, Gabilondok narraziootan erabili duen materiala interes handikoa iruditu zait, jakituriaz eta umorez landuak dira betiere, baina idazteko moduak ez nau inondik ere asebete. Gaiak lantzeko eran badago berrikuntzarik, baina prosari dagokionez, lanketa dezente falta duelakoan nago. Irudipena izan dut, halaber, istorioak pentsatzeko eta elkar lotzeko beta hartu duela egileak, baina idazketa prozesua bera azkarregi igaro duela. Zer esanik ez, ematen du saria jaso ondoren ukitu gutxi eman zaizkiola testuari, zeren ortografia akats batzuk topatu ditut testuan, letra batzuk faltan, eta oro har, badirudi editoreak ere apenas ukitu duela azken emaitza.
“Ez dago apokalipsirik, lehenaldiarekiko elkartze abegikor eta lasaia baizik”, esaten du Gabilondoren pertsonaietako batek. Hain zuzen, denboraren joan-etorria da liburuko motibo nagusietariko bat. Zentzu horretan, Jorge Luis Borgesen El Aleph lan ospetsuaren oihartzunak etorri zaizkit irakurketan zehar. Jakina, ez naiz ausartuko bi lan horiek konparatzen, baina, nire ustez, Gabilondo saiatu da Borgesen alderdi fantastikoa eta intertestuala bere erara erabiltzen. Argi dago Borgesek baliatzen zituen erreferentziak eta Gabilondorenak arras diferenteak direla; orobat, bataren eta bestearen narrazioek ere ez dute zerikusi handirik elkarren artean. Baina desberdintasunik handiena idazkera edo estiloa da, nire ustean, liburu honen alderdirik ahulena. Izan ere, orrietan luze gelditu dela iruditu zait, eta estiloan berriz, motz.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi