« Gurasoen etxea | Jantzi beltz bi »
Poems, everybody poems! / Asier Sarasola / Mikelazulo, 2009
Poemen omenez Mikel Ayerbe / Berria, 2009-07-05
Liburu salmentaren merkatua (eta literaturarena, oro har) inoiz baino lehiakorrago eta eraginkorrago bihurtzen ari den honetan, Asier Sarasolak Poems everybody, poems! lana ezagutarazi du batBada proiektuaren barruan. Eta lehenik, batBada proiektuaz hitz egin dezagun, Sarasolaren lana bere testuinguruan kokatzeko.
Oreretako Mikelazulo kultur elkarteak aspaldidanik jorratzen duen sormen grinari eutsiz (poesia errezitaldiak, saio esperimentalak, bidaia eta talde argitalpenak…) batBada egitasmoa sortu berri dute. Ezaugarri zehatzak ditu egitasmoak: irakurle lantegiko talde lanaren ondoren, tankera ezberdinetako testuak kaleratzen dituzte. Baina harrigarriki, testuaren ale bakarra argitaratuz (hortik egitasmoaren izenburua), hainbat alorretako sortzailek (pintura, ilustrazioa, argazkia…) artista-liburu gisa atondua. Liburu alea Mikelazulon bertan egoten da irakurketarako eskuragarri, baina nahi duenak sarean aurkituko du copyleft lizentziarekin.
Ezin esan, beraz, proiektua bitxia ez denik. Alde batetik, liburuaren fetixismoari men egiten badio ere (ale bakarra eta oso berezia, liburu-objektua artelan bihurtuz), irakurleak doan ale horren kopia eskuratu ahal izango baitu (saretik hartuta). Izan ere, proiektuak egungo musikagintza edo sormen ekintzen alorrean jorratzen diren bide berriekin bat egiten duen neurrian, bestelako arte adierazpideetan ohikoa dena ere biltzen du (pinturan edo eskultura kasu, non obra originalaren erreprodukzioak edo kopiak nonahi aurki daitezkeen). Hori bai, lana pantailan ez eta paperean irakurri nahi duenak, inprimatzeko ardura hartu beharko du eta, zoritxarrez, niri gertatu bezala, kalitatezko originalaren eta nire zuri-beltzeko kopiaren artean alde nabarmena dago.
Baina itzul gaitezen harira. Sarasolaren Poems, everybody, poems! lanak Testuketan literatur irratsaiorako eginiko kolaborazioetan du sorburua, poesiagintzari buruzko poesiazko irakurketak bilduz. Bost ataletan banatzen da lana: Baldintzarik ezaren tasuna aurreneko atalean poesiaren lilura zentzugabearen inguruko aipuak eta azalpen poetikoak biltzen dira; Lorcaren orkatila librea-n Lorcaren ibiliak eta gogoeta zenbait eskaintzen; E. A. Poeren Belea poema esanguratsuari heltzen dio Sarasolak Belezuloetarako argibideak atalean; Gazar hitza banintz-en, Mahmud Darwish poeta palestinarrari jarraiki, Gaza eta hango bidegabekeriak salatzen dira; eta azkenik, Poesiari ohostutako eskaintzak atalean, Julio Cortazar eta Alejandra Pizarnik eskutik hartuta aurkezten ditu. Guztia poemen bidez osatuz, aipaturiko autoreen poema zatien itzulpenekin zein bestelako erreferenteei ere lekua eginez.
Handinahikeria gabeko lana da Sarasolak aurkezten duena, berak badaki zer dagoen eta horixe eskaintzen dio irakurleari, tranparik gabe: poesiari omenaldi bat poemagile entzutetsu jakin batzuen irakurketa aukeratuen bidez. Hain zuzen, poesia ezagutarazteko eta bide batez, poesia lantzeko bidexka berezi bat. Ezohiko irrati kolaborazioetatik abiatuz, bestelako emaitza eskaintzen baitigu orain Sarasolak. Gainera, Idoia Beratarbideren zigilua daramate ilustrazioak eta maketazioak, eta Ander Fernandezek egokitu ditu egilearen hitzak audio CD batean, bere horretan liburua batBada proiektuaren ildoetara moldatuz.
Azken batean, batBadako bestelako aleekin bezala, Sarasolaren Poems, everybody poems! interesgarriaren aurrean irakurlearen esku geldituko da lan honetara iristeko ahalegina eta egungo kontsumismo pasiborako joera nagusituaren ondoan edo “irakurtzen ditudan liburuak erostea/izatea gustatzen zait” bezalako jarreren alboan, ekimen berezia bezain ausarta dela ezin uka.
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Asier Urkiza
Beste zerbait
Danele Sarriugarte
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Amaia Alvarez Uria
Txillardegi hizkuntzalari
Markos Zapiain
Jon Jimenez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Paloma Rodriguez-Miñambres
Lakioa
Josu Goikoetxea
Mikel Asurmendi
Lur mortuak
Nuria Bendicho
Irati Majuelo
Hitz etena
Eustakio Mendizabal "Txikia"
Paul Beitia Ariznabarreta
Akabo
Laura Mintegi
Joxe Aldasoro
Patrizioak eta plebeioak
Kepa Altonaga
Paloma Rodriguez-Miñambres
Nork gudura haroa?
Patziku Perurena
Mikel Asurmendi
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Asier Urkiza
0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar
Nagore Fernandez
Akabo
Laura Mintegi
Aiora Sampedro