kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Ez obeditu inori / Mikel Peruarena / Susa, 2009

Germinal Ion Olano / Gara, 2009-07-03

Garai onak datozela esan nuen aurrekoan (“Good times are comin”). Izan ere, hala iradoki didate azken boladan irakurritako zenbait literatur lanek: emaitza txukunak loratzen ari dira euskal ipuingintzan eta olerkigintzan, baita nobelagintzan ere. Horren adibide garbia da Mikel Peruarenak (Ereñotzu, 1978) idatzi duen estreinako eleberria: Ez obeditu inori. Liburuak XIX. mende amaierako Donostia erakusten digu, Sotero Mujika bertsolari ia analfabeto eta besomotzaren begietatik. Espainiako erreginaren izena duen astoarekin ibiltzen da Sotero batetik bestera, mandazain lanetan, eta tarteka bertso-paperak saltzen, jaietan-eta. Hala ezagutu du Baroja moldiztegian Frantsesa esaten dioten gizon bat: Émile, okzitaniarra. Asteazken iluntzero biltzen hasi dira Ramiroren tabernan, poemak eta bertsoak itzultzeko aitzakian, Alberto estudiantearekin batera. Herri literaturaz gain, badituzte beste hainbat kontu mintzagai: Espainiako inperioa azkenetan da Amerikan, hain zuzen ere Kuban galdu zuen besoa Soterok; Émilek, bere aldetik, Parisko Komunan gertaturikoak kontatzen ditu, eta estudiantearekin batera Soterori erakutsi nahi dio kapitalismoa zer den, nola erantzun behar zaion. Alegia, Angiolillo anarkistak piztutako sua bizirik mantendu behar dela, Canovas del Castillo garbitu ondoren gorago begiratu behar dela.

Diotenez, hitz bat eta bakarra esan zuen Michele Angiolillok garrotean hil aurretik: “Germinal!”. Hori ez da Peruarenaren liburuan azaltzen, baina susmoa daukat Ez obeditu inori eleberria Koldo Izagirreren Nik ere Germinal! egin gura nuen aldarri (Susa, 1998) liburuaren ahaidea dela. Gaiari dagokionez bai, behintzat. Era berean, ez dut uste kasualitatea denik nobela honetako pertsonaia nagusietako batek Émile izena izatea, hain justu 1885ean Germinal idatzi zuen Émile Zolak bezalaxe. Frantziako egutegi errepublikarraren arabera, zazpigarren hila da Germinal. Martxoaren amaieratik apirilaren amaierara bitartean irauten du, gutxi-asko, gereziondoak loratzen diren garaian. Iraultzarekin loturiko izena da, inondik ere. Baina kontuak kontu, kontakizunaren istorioa baino gehiago, Ez obeditu inori honetan narratzailearen idazkera nabarmenduko nuke nik. Nabaria da dokumentazio lan handia dagoela atzetik, hiztegi aberatsa eta egokitua darabil, prosa bera oso zaindua da. Elkarrizketak ere apartak iruditu zaizkit, nahiz eta batzuetan latinezko esaldiak sinesgaitzak egin zaizkidan pertsonaien ahotan. Kontakizunak atzera-aurrera egiten du etengabe, eta errepikaren bitartez indartu egiten dira zenbait pasarte. Ez da aise aurreikusten zein bilakaera izango duen istorioak, baina hori ez da arazo. Izan ere, prosa dotoreak erraz eramaten du irakurketa aurrera, eta zer pentsatu ugari ematen du bidean.

Gereziak jateko sasoia iritsi da, Joseba Sarrionandiak esango lukeen eran. Dagoeneko ohitu egin gara gerezi garratzekin, baina gozoak ere baditugu, zer demontre! Urteetan gogotik lan egin behar izan da, lur eremua uztarako prestatu. Eta esango nuke uzta ona datorrela, gerezi gorriak eta gozoak izango ditugula, azokak eta poltsikoak bere onenetan ez dauden arren. Akaso txepeltzat joko nau norbaitek, hondamen ekonomiko, politiko eta kulturalaren erdian gereziak ikusteagatik. Baina tira, liburu honekin bezala hatzak miazkatzera iritsi baldin banaiteke, gaitz erdi.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak