« Liburuak geratzen zaizkigu | Euskal kultura? »
Gaueko hegaldia / Antoine Saint-Exupéry (Koldo Izagirre) / Igela, 2008
Aitzindarien zama Ion Olano / Gara, 2009-04-24
Zeruan hasten da kontakizuna, San Julian gaineko arrastirian, 1930eko Patagonian. Gaueko hegaldiak aitzindariak dira garai horretan, trenei eta itsasontziei aurrea hartu nahian dabiltza, baina bitarteko faltagatik oso arriskatua da oraindik ere. Hala, Fabien pilotuak eta berarekin doan irratilariak posta daramate airez, Patagoniatik Buenos Airesera doan hegaldian. Aurrean, gero eta ilunago, zain dauzkate gaua eta ekaitza. Lurrean zain daukate halaber Riviere buruzagia, Buenos Aires gero eta ilunagoan, gau hartan heldu behar diren hiru hegaldien esperoan. Ia hitzik atera gabe, minuturo telegramak jasoaz, gauaren ezezagunari zati bat kenduz uneoro. Andre Gidek hitzaurrean dioen bezala, hegazkintzaren “aro heroikoa” delakoan gertatzen da istorioa, aitzindarien “mentura tragikoa” aurkeztuz. Aski zehatz identifikatzen du Gidek liburuaren muina, egia paradoxiko baten itxuran: “Gizakiaren zoriona ez dela askatasuna, egiteko baten onarpena baizik”.
Zeruan eta lurrean, hor daude buruzagia eta mirabea ilunpe berean, norberak bere zama gainean. Liburuko atalak ere (denera 23) tartekatu egiten dira zeru-lurren artean, muntaia alternatua eginez. Aire ilunean sumatzen dugu pilotuaren eta irratilariaren larritasuna, argi gorri ahul batek soilik argiztatzen dituelarik, ekaitzaren erdian. Eta bitartean, lur iluneko bulegoetan ikusten ditugu Riviere buruzagia eta Robineau inspektorea, zalantzaz beterik biak, zurruntasuna mantendu nahian. Argia da Rivierek lankideari azaltzen dion filosofia: “Maita itzazu zure agindupekoak. Baina halakorik esan gabe”. Gizon zurruna baita Riviere, samurtasunik gabea itxuraz, haren menpekoak “gizatasunaz goragoko bertute batera” jaso nahi dituena. Bera ez baita ekintzailea, ekinarazi egiten du: mirabeak balentria egitera behartzen ditu, beldurrari eta misterioari ez-ikusiarena eginez. Halakoxea da bere garaitzaren zama astuna. Pilotu eta idazle, bereziki Printze txikia lanagatik ezagutzen dugu Antoine Saint-Exupery (Lyon, 1900-Mediterraneo itsasoa, 1944). Gaueko hegaldia eleberria izan zen, ordea, munduan estreinako sona eman zion liburua. Eleberriko nondik-norakoak aski sinpleak izanagatik, prosa zehatz eta txukunaz egiten du aurrera, baliabide poetikoz betetako testuan barrena. Pertsonaiak ere sinbolikoak dira, lerro bakunez soslaituak, baina aski mamitsuak eta gogoangarriak. Riviere buruzagiaren figura izan da arreta gehien eman didana: erabaki gupidagabeak hartzen dituen bitartean gizatasunez betetako gogoetak eginez, zein konplexua den haren sinpletasunean. Ziurtasun eta zurruntasun osoa erakutsi arren, zalantzarik ilunenak dituena bera da.
Diotenez, “Saint-Ex” (hala deitzen zioten gertukoek) oso idazle perfekziozalea izan zen. Ez dakigu bere buruari eskatzen zion mailara iritsi ote zen, baina zalantza izpirik gabe, aparteko lana da Gaueko hegaldia izeneko hau. Koldo Izagirrek, bere aldetik, itzulpen lan honekin argi utzi du (beste behin ere) zein mailara arte irits daitekeen bere perfekziozaletasuna. Ipar Euskal Herriko idazlea bailitzan, itzulpen lan totala egin du Izagirrek, muturreraino zaindua eta maisutasunez burutua. Erabat ohituta ez gauden Hegoaldeko irakurleontzat, alboan hiztegia izatea komeni da (neronek, ia bost dozena hitz bilatu ditut). Esan gabe doa, Igela argitaletxeak ere argi utzi du (beste behin ere) bere katalogoa kalitatearen sinonimo dela.
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Zerua hemen
Oihana Arana
Maialen Sobrino Lopez
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Amaia Alvarez Uria
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Joxe Aldasoro
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres