« Sator-lana | Aitzindarien zama »
Nora ez dakizun hori / Irati Jimenez / Elkar, 2009
Liburuak geratzen zaizkigu Beñat Sarasola / Berria, 2009-04-19
Jende guztiak ditu aurreiritziak, jende guztiak ekiten dio liburu baten irakurketari liburu horri buruzko edo autoreari buruzko aldez aurreko zenbait ideiarekin. Kritikariak ez dira salbuespen, esan gabe doa. Eta hala, aitortu behar dut Nora ez dakizun hori liburua halako nagitasun batekin hartu dudala eskutan. Ez nuen Irati Jimenezen aurreko liburua, Bat, bi, Manchester, irakurria, baina liburu hari buruzko hainbat iritzi ez oso baikor jasoak nituen: Erasmus literatura, literatura arina, estereotipatua… Bestetik, Igartza bekako azkenaldiko liburuak ere ez ziren nire kutunenen artean kokatzen. Literaturan ez dago gauza hoberik liburu batek zure aurreiritzi guztiak hankaz gora botatzen dizkizunean baino. Hor ikusten duzu, guztiarekin, oraindik ere liburuek, testuek, zer esatekorik badutela.
Liburua bi bikotek gidatzen dute, nobela ere bitan banatuta dator, eta kapitulu bakoitza bikoitza da: A zatiko protagonista Imanol-Elias bikotea da, eta B zatikoa, berriz, Nora-Rosa. Giza harremanak dira, gisa honetan, nobelaren erdigune, bikote bakoitzeko pertsonaiek beren artean osatutako erlazio afektiboak eta pertsonaia horiek besteekin, tartean beste bikotekoekin, osatzen dituztenak. Izan ere, hasieran bi zatiak —A eta B zatiak— ongi bereiziak dauden arren —bi kontakizun paralelo balira bezala—, pixkanaka bi istorioak gurutzatzen joaten dira, azkenerako, bi zatiak ia bereizezinak bihurtzeraino. Bi bikoteen arteko lotura benazkoa zein den da, neurri batean, irakurleak orrialdeak pasa ahala ezagutu nahi duena, baina, haatik, ezin esan daiteke hori denik kontakizunaren sostengua. Besteak beste, nobelak badaukalako halako ukitu tragikoa, hots, hasieratik bertatik susma dezakegulako istorioa nola bukatuko den. Horretan asko laguntzen du nobelaren egitura bereziak. Besteak beste, narratzailea (lehenengo pertsonatik hirugarrenera) zein denbora (iragana, oraina, etorkizuna) etengabe aldatzen dela. Lehenengo kapituluko paragrafo bat, adibidez, modu honetan hasiko zaigu ezustean, “hara zer gertatuko den hiru hilabete geroago”, eta istorioaren amaierako xehetasunak narratuko zaizkigu segidan.
Egitura berezi hori da, dudarik gabe, liburuak duen puntu aipagarrienetakoa, nire ustez. Puzzle gisara antolatuta, istorioak atzera-aurrera eta alde batetik bestera egiten du, baina gezurra badirudi ere, hori ez da irakurketarako oztopo; molde zatitu hori izanagatik, istorioa zailtasun handirik gabe jarrai baitaiteke. Beste zenbait elementu erdi fantastikok ere (likantropoak, banpiroak, aingeruak) liburuaren berezitasuna areagotzen dute, berau egiantzekotasunaren mugan kokatuz. Istorioko hari guztiak azkenean nola lotzen diren ere kasualitate handiegia iruditu dakioke bati baino gehiagori, baina, nire ustez, ezegokia da proposamen literario hau nobelagintzarako gure ohiko irizpide gutxi-asko errealistekin irakurtzea. Eta bere bitxikeria guztiekin nobela irabazten irteten dela uste dut, zalantzarik gabe.
Iruzkin honen espazioak ondo azaltzeko lekurik uzten ez didan gauza askoz gehiago gordetzen ditu, gainera, Nora ez dakizun hori-k. Izenburuak berak gordetzen duen hitz jokoa, musika, ipuinak —ezbairik gabe, kontakizuneko alderdi zentraletakoa—, argazkigintza, hirigintza (Bilbo)… Azkenean, aurreiritziak aurreiritzi, gozatu ederra hartu dut liburua irakurtzen; hala bere proposamen ausart eta originalarekin, nola Jimenezek erakusten duen idazteko abileziarekin —aintzat har ezazue zati dialogatuen indarra—. Eskerrak liburuak geratzen zaizkigun.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez