kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Euskal kultura? / Antton Luku / Pamiela, 2009

Euskal kultura? Hasier Etxeberria / zuzeu.eus, 2009-04-25

Antton Lukuren azken liburuak halaxe du izenburua, galdera ikur eta guzti, eta, seguru asko, zalaparta handiegirik gabe egingo du bere bidea. Baina liburu honek badu bere baitan hamaika arrazoi baino gehiago, bonba baten antzeko gerta dadin.

Oraindik txundituta nago liburu honen irakurketarekin: ez dut gogoan noiz gozatu dudan hainbeste saiakera liburu batekin. Baina, gaizki diot, erabili beharreko hitza ez baita gozatu, beste zerbait behar nuke esan, mingotsa baita berez Lukuk liburuan aztertzen duena. Funtsean, Euskal Kultura deitzen dugun horren benetakotasunaz dihardu. Baina ez horretaz bakarrik, azpian, posmodernitatea astintzen baitu, inoiz gutxi ikusi izan dugun bezain egoki.

Panorama latza da Lukuk erakusten diguna. Antzerkigintzaz duen ezagutza sakonaz baliatzen da gainerako disziplinetarako ere balio duten egia borobilak jaurtitzeko. Kolonialismoaz eta asimilazioaz da mintzatzen, nola geu ere bilakatzen garen kolonialismoaren tresna. Lukuk dio transmisioa bera dela arriskutan, txikia eta bazterrekoari eskatzen baitzaio izatea moderno, izatea globalizatu, izatea berez denaz besteko.

Bereziki Iparraldeko kulturaren agerpenei laguntzeko dauden instituzio, tresna eta pertsonak ditu astintzen, gogoeta ongi eramandakoen bitartez, berak duen ezagutza enpiriko, teoriko eta bibliografiko zabala profitatuz. Baina Lukuk liburuan dioena, edonorako da baliagarri. Oso mamitsuak, halaber, hizkuntzaren inguruan egiten dituen gogoetak, ausart bezain egiazkoak.

Estiloari dagokionean esango nuke, bihotzak eta buruak bat eginda idatzitako liburua dela, interes puntuen garapen sakonari kontatzeko freskotasuna ezarri zaiola, irakurleak ez dezan alferkeriarik izan lerro baten ostean beste bat irakurtzeko. Eta hala, gaiaren gordinagatik, irakurtzeko ederra da liburua, Hegoaldekoontzat pertsona ezezagunen izenek eta bestelako termino zenbaitek bidea zailtzen badigute ere.

Hau guztia ikusirik, baten batek uste dezake pentsamendu atzerakoi moduko baten jabe dela Luku: halako gezurrik! Nago Lukuk kulturaren transmisio eta berreskurapenerako oinarri egiazkoak dituela aurkitu, nahiz eta, itxura batean, garaion aurkaria dirudien. Ezer ez da abangoardista eta iraultzaileagorik benetako gaitza zein den ikusi eta harentzat irtenbideak proposatzea baino. Eta horixe dagi Lukuk, lotsarik gabe, beldurrik gabe, ausart eta klarki. Lagunak galduko ditu ederki, ezker-eskubi.

Ezinbesteko liburua da, ordea, kultura oro har, antzerkia partikularki eta euskararen etorkizunaren inguruko gaiak maite dituenarentzat. Baita ere bizi ditugun garaion gaitzak eta giltzak ezagutu nahi dituen edonorentzat. Xapó, Luku!

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak