kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Erlojuen mekanika / Jose Luis Otamendi / Susa, 2007

Egia dio Igor Estankona / Argia, 2009-02-15

Jose Luis Otamendi itzal handiko poeta da, gure belaunaldia markatu duenetako bat. Lur bat zure minari (Susa, 1995) liburua giltzarri izan zen: idazkera dominatu egin behar zela orduan hasi ginen sumatzen idazle gazte asko, artean idazkerak berak dominaturik genbiltzanean.

Berandu hasi ginen han-hemenka bere mezuaren eztia irakurtzen, baina “tximeleta eri bat gelan sartu zaigu” hura, Deabruak Teilatuetan taldeak kantatua, profetikoa zen: tximeleta eri hori, idazkera bigun, apal, egiazko hori barruraino sartua daramagu honez gero, Oto irakurtzean sentitzen dugulako hezur-haragizko pertsona baten intimitatea ezagutzen ari garela.

Idazleak bihotza irekitzen duelako identifikatzen da irakurlea hainbeste berarekin, pazientziaz, maitasunez, arnasa luzeko poema orekatu eta leunen bitartez ailegatzen zaigu, sakon, mezua: sentitzea, sufritzea, galtzea? ez da txarra. “Jendea gara eta jendeak jendeari jende izatea dio zor”, dio halako batean, bere Azpeitiaz ari den bitartean, Xabier Aldairi dedikatutako “Jendetasuna” poeman.

Horregatik potentzia berezi bat gordetzen du bere baitan Erlojuen mekanikak. Pazientziaren potentzia da. Berba bat bestea baino lodiagoa erabili barik, estridentziarik gabe, xuxurlaka, Otamendik indar itzel bat lortzen du konposizioetan. Ilea lazteko modukoak dira, esate baterako, “Mundua” eta “Aberriaz zelan ahaztu” poemak. Joseba Sarrionandiarengan bakarrik ikusi dut nik halako xamurtasuna, pentsamendu oso sinpleen bitartez munduaren bihotzera hurrera zaitzakeena. Pentsamendu horiek sortzen duten orea uniformea eta oso landua izateak, noski, badauka zerikusirik. Otamendik teknika poetiko itzela dauka, eta korronte bihur dezake ideien masa handia.

Baina, badiot, batez ere pertsona moduan egiten duen zintzotasun ariketa iruditzen zait dela klabea: irakurleak hasiera-hasieratik daki idazlea egia esaten ari zaiola, hitz egiten ari zaiola. Txori batek ezin du gezurrik esan kantatzen ari denean.

Abentura estetikoen zaleek ez dute kontsolamendua Jose Luis Otamendiren Erlojuen mekanikan aurkituko, hori seguru. Klasikoa eta posmodernoa da era berean liburu hau. Ez dakar ahapaldiz ahapaldi norabidez aldatzen den diskurtsorik, ezpada esanahiaren poesia, igerilariaren poesia, besarkadari eusten diona gurutzatzeko itsasoak, itsasoak eta itsasoak.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak