« Zeru ala infernu | Egia dio »
Mozorroa ispiluan / Manu Lopez Gaseni / Erein, 2008
Literatura meta Mikel Ayerbe / Berria, 2009-02-15
Demagun hau literatur kritika iruzkin bat dela eta berau sinatzen duenak “demagun hau literatur kritika iruzkin bat dela” idazten duela aurreneko esaldian, kritikaren barruan kritika bera hizpide hartuz. Aldeak alde, antzera defini daiteke metaliteraturaren edo metafikzioaren kontzeptua ere: literaturaren baitan, literatura bera hizpide duen literatura. Eta hain zuzen, Manu Lopez Gaseniren Mozorroa ispiluan. Ibilbide bat metafikzioaren historian zehar saiakerak (2007ko Becerro de Bengoa saiakera sariaren irabazleak) metaliteratura terminoaren barruan murgildu eta fenomeno horren inguruan gogoeta egitea du helburu.
Balizko anekdota batetik abiatzen da liburuaren ernamuina: lau lagun bazkalondo batean literaturaz hitz egiten hasten dira, eta, elkarrizketak aurrera egin ahala, metaliteraturaz hitz egiten amaitzen dute. Hizlarien artean joera metaliterarioen aurkaria eta babeslea eztabaidatzen hasiko dira. Etxera bidean, eztabaidarekin gustura gelditu ez eta hirugarren lagunak, egilearen alter egoak, metafikzioaren inguruko lan bat egitea erabakitzen du.
Liburuaren egiturari dagokionez, ildo nahiko akademikoa jarraitzen duela aipatu behar, baita idazkerari dagokionez ere, aipu eta bestelako erreferente ugariz baliatuz. Lehenik eta behin, metaliteratura terminoaren definizioa —“literatura era batera edo bestera gaitzat darabilen literatura da metaliteratura”— eta literatur teoria eta kritikaren barruan aipatu kontzeptuaren inguruan eginiko teorizazioaren bilketa lana dator (Kristeva, Genette, Camarero…). Jarraian metafikzio moten sailkapen metodologiko landua eskaintzen da. Eta, azkenik, literaturaren historian zehar bil daitezkeen metafizkioaren lekukotasunen azterketa, garai historikoen arabera bost ataletan banatuta, eta azken atala euskal literaturako lanei eskainita. Lekukotasun horiek direla eta, liburuaren azpitituluan zehazten den “ibilbide bat” hitzak azpimarratu behar dira, metaliteraturaren arloko klasikoekin batera idazlearen irakurketa markatu duten liburuen azterketa egiten baita, eta Lopez Gasenik behin eta berriro zehazten duen bezala, ispiluaren atzeko bidaia hau “ibilbide erabat subjektiboa da, neurea”.
Saiakeraren egitura zurrun horri kontrapisua egiteko, ordea, idazleak hasierako lau lagunen anekdotaren hariari tira egin, eta kapituluen artean lagunek irakurtzen ari garen metafikzioaren lanaren gainean egiten dituzten iruzkinak txertatzen ditu. Nolabait, zirkulua ireki eta metaliteraturaren gaineko lan metaliterario bat sortuz. Egia esan, joko oso interesgarria eta dibertigarria iruditu zait horrelako liburu baterako. Baina aitortu behar dut zenbait iruzkinek kirrinka egin didatela, bereziki beste lagunek lagunaren lana sutsuki goraipatzen dutenean (nahiz eta jarraian lagunaren lana kritikatu): “egin nahi duzun lanerako fundamentazio zuzena egin duzula uste dut”; “oso eskertzekoa iruditu zait euskal adibideak ematea egindako sailkapenaren lagungarri” eta abar. Dena den, autoironia ere egon daiteke aipu metaliterario horien atzean, baina jakina denez, ironia eta are gehiago autoironia, eremu labainkorrak izaten dira sarritan irakurleontzat.
Bestalde, liburuan Lopez Gasenik ibilbide propio bat eskaintzen duen neurrian, kontua apur bat okertu daiteke egilea irakurle bakoitzaren ibilbidetik zenbat urruntzen den ikustean. Nire kasuan, honako hauen falta sumatu dut, adibidez, egilearen beraren gaiarekiko ekarpen edota gogoeta propio gehiago, edota, azkenaldian hain boladan dauden metafikzioaren eta autofikzioaren arteko harreman korapilatsuen azterketa bat. Eta, hala ere, ez dut zalantzarik saiakera honek metaliteratura gaiaren gainean irakurketa atsegin bat eskaintzen duela.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi