kritiken hemeroteka

8.790 kritika

« | »

Tatuaia bat ene begietan / Txili Lauzirika / Susa, 2008

Gatazka eta maitasuna Beñat Sarasola / Berria, 2009-02-08

Tatuaia bat ene begietan poema liburuaren aurkezpenean azpimarratu zuten Txili Lauzirikaren poemak gatazka eta maitasunaren poemak zirela, eta baiki, uste dut horixe dela liburu honi buruz lehenengo irakurketan esan daitekeen gauzarik nabariena, liburua ongi ezaugarritzen duen ideia orokorra. Haatik, ez da zehazki desamodioak edo maitasun ezinezkoak eragindako gatazka, ez da Wertherren amodio gatazkatsuaren lakoa, erlazio hau metafisikoagoa da nolabait esatearren, sakonean errotutakoa. Hala, batetik, bigarren pertsonan idatzitako poemak dira asko, zu bati zuzendutakoak, eta bestetik, halako imaginario fantastiko-mitologiko bat dute (Alice, Transilvaniako beleak, Andromeda…), emaitza nahiko berezia osatzen dutenak. Gero, badago beste ildo bat, aurrekoak bezain indartsuena ez dena, baina poema batean baino gehiagotan agertzen dena: denboraren hausnarketa, zeina ordulari eta bertako orratzen bidez iradokitzen baita maiz.

Horiek dira liburuko elementu errepikarienak eta, horrenbestez, bere bereizgarri, baina gainontzean, liburu aski desiguala dela esan daiteke. Tatuaia bat ene begietan poema bilduma bat da funtsean, non, batez ere formalki, poema aski ezberdinak topatzen ahal diren. Zenbaitzuk kantu formara gerturatzen dira gehiago (“Bart”, “Izenaren izana”, “Emaizkidan 5 minutu”), beste zenbait anaforetan oinarritzen dira (“Baditut”, “Tatuaia”), edo amaierako biraketa batean (“Haurraren kezkak”, “Komenigarria”). Eta poema sorta desigual honetan, ni behinik behin, galdu egin naizela aitortu behar dut. Alde batetik, ale batzuen osaera formal nahiko zabarra dela medio (“Argi ilunen tarte honetan”), baina, batez ere, poema guztiei zer edo zer faltan edo sobran topatu diedalako. Poema bildumen indarra ale bakoitzean egon ohi da oinarrituta, eta poema hauek ez nautenez bete-betean astindu, azkenean liburua bera ere ahul samarra geratu da nire begien aurrean.

Laburbilduz, poemoi elaborazio edo lanketa falta zaiela iruditu zait, soseguz poema bakoitza hartu eta handik eta hemendik tira egitea. Esaterako, Urrinetik poema luze bikain bat izan zitekeela iruditzen zait, baina azkenean azkarregi ixten dela esango nuke, eta irakurlea erdibidean geratzen dela. Izan ere, kolpetik idatzitako poemak dirudite gehienek, gordin-gordinean emandakoak, eta, egia da, gordintasun horretatik poema bikainak idazten ahal dira, indarrez betetakoak, irakurlea berehala ukitzen dutenak, probokatiboak, zoliak, baina liburu honetan nekez topatu dut halakorik. Hori guztia neurri motzeko poema batzuetan (“Ken diezazuket”, “Esnatzean”) nahiz beste zenbait poema eskematikoegi (“Birrindutako etxaldeak”, “Komenigarria”, “Baditut”) edo nahasietan (“Mutu diraute”) dela bereziki ageria uste dut. Poema hauek, hala formari, nola edukiari dagokionez, sinpleegiak iruditu zaizkit.

Nolanahi den, gauza interesgarriak topatu daitezke orobat liburu honetan. “Izan zen une bat” eta “Seinalea” iruditu zaizkit liburuko poema borobilenak, bi ale eder. “Interrogatorioak” poemak ongi aski uztartzen ditu liburuko bi hari nagusiak, maitasuna eta gatazka, eta amaiera eder askoa dauka. “Haurraren kezkak” poema osatzen duen konparazioa gogoko izan dut, halaber, nahiz eta, arestian aipatu ahuleziekin loturik, poemaren gauzatzea bera ez zaidan guztiz betea iruditu.

Poema liburuekin sarritan gertatzen da gauza txiki bat soilik (dela poema bat, dela lerro bat, konparazio bat) gertatzen zaizula deigarri. Oso zaila da goitik behera beteko zaituen poema liburu bat topatzea. Hori kontuan izanda ere, liburu honetan gauza gutxi aurkitu dudala esango nuke; gutxiegi aukeran.

Azken kritikak

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak