« Tesidun nobela | Neurrian »
Euskaldunon guztion aberria / Iban Zaldua / Alberdania, 2008
Ihesa, aberri? Bixente Serrano Izko / Berria, 2009-01-25
Zeri egiten diogu ihes, ihesean gabiltzala? Ezaguna da sen poetiko handiko erantzuna: geure buruari ihes egiten diogula…, atzera berriro gure baitara itzuli eta bertze behin ere ihesean hasteko, hainbat ziklo bizi artean biribiltzen. Ez nuke nik erranen ihes mota guztiak horrelakoak direnik, balio askatzaile anitz izan baitezakete ihes mota batzuek eta horretara bultzatzen duen beldurrak berak ere. Baina tankera horretako ihes ziklikoa narratzen digu Iban Zalduak Euskaldun guztion aberria eleberri laburrean.
Joseba Anabitarte dugu protagonista, intelektual abertzale ttattar horietako bat, dudaz beterik duena burua, erran nahi baita, aberriaren eta euskararen eta historiaren eta independentziaren inguruko arazoei irtenbide klaroak ikusten dizkietenek jasan ezin dituzten dudez beterik. Protagonistaren kontzientzia gisa, haragiturik, Pello laguna eraiki du egileak, eta haren bidez aitortuko du protagonistak, zeharka, Kotxintxinara joateko nahiak zerikusi gehiago duela bere buruari, bere baitako nahasmenduei, bere bizitzaren nekeei ihes egin nahiarekin, Zutabe-n “sasi intelektual horiei guztiei” zuzenduriko agiriaren beldurrarekin baino. Izan ere, gure intelektuala inoiz ez da ibili iritzi politikoetan, literarioetan baizik. Bizitzaren nekeei buruz hitz egiten hasten da, hain zuzen, eleberria: “Nekerako bide luzea da bizitza” Samuel Butlerren erranari honako glosa hau egiten dio Josebak: “Eta bidea luzatzen delarik, bizitza bera da nekea”.
Alaskako Anchorage izanen da Josebaren Kotxintxina, hango unibertsitatera joanen da “euskal hizkuntza eta kulturako eskolak ematera”, sei hilabetean. ETAren su-etenaren etena, lesbianismoaren kontura iraganeko amodio-porrotek sortu dizkioten Arantza emaztearekiko jelosiak eta aitorrezinezko beldurra, Zuriñe ikasle abertzalearekin dituen gona-kontuak…, den-dena nahastuko zaio, “bizitza bera da nekea” ondorioztatzeraino. Auto-justifikazioa, halaz ere, ETAren balizko mehatxua.
Euskal Herritik guztiz deskonektatzeko aukera paregabeak ematen omen dizkion Kotxintxina hartan, bere sorpresarako, betidanik kritikatu duen Euskal Herri imajinarioaren berreraikuntza aurkeztuko die ikasle gazteei: euskal literatura laikoa eta eskola unibertsal guztien aitzindariak diren euskal idazleak, poetak eta filosofoak asmatuko ditu, “Nabarralde elkartekoak pozez zoratzen” jartzeko moduko historia loriatsua asmatu ere, Euskal Herri independentea, errepublikanoa, mundu garatuaren eredu eta gaurko errealitate gisa ezagutaraziko die.
Eta horrela itzuliko da etxera, sei hilabeteak pasa ondoren, berriro ez joateko asmoz. Berak asmaturiko Euskal Herria ikusiko du bueltan…, baina, siglak eta protestarien izen eta helburuak guztiz aldatu arren, ihes egin zueneko arazoekin eginen du topo bertze behin ere, “bizitza bera da nekea” ziurtatuz. Eta hasiko zaio, ostera ere, ihesi zikloa.
Ez izan beldur, irakurle hori, eleberriaren trama lardaskatu ote dizudan. Eleberri labur-laburra, di-da batean irakurtzekoa, bizia, fabula baten antzekoa, hori guztiori izateaz gain, umore senez beterik dago, planteamendurako oso egokia den umore sumindu batez beterik, eta bere itxura apalean irakurketa anitzi irekitzen dizkio bideak. Askok sentitu dugulako noizbait aberri honetatik ihes egiteko nahia, aitortu gabe agian geure baitako nekeetatik ihes egiteko gura orokorrago bat denik, baina denok ez bada, asko bai behintzat, sentitzera heldu garelako geure aldizkako nahasmenduetan, sarri askotan, edozein Kotxintxinatara ihes egitea dela “euskaldun guztion aberria”.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi