kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

T (Tragediaren poza) / Juanjo Olasagarre / Alberdania, 2008

Tesidun nobela Javier Rojo / El Correo, 2009-01-24

Juanjo Olasagarreren bigarren nobelaren azalean letra bat baino ez zaigu agertzen: T. Gero T honek azpititulu bat duela ikusiko du: Tragediaren poza. Bere lehenengo nobelan bezala, Olasagarrek euskal errealitate tipikoari buruzko nobela bat aurkezten du, hau da, kontrajarpen politikoan oinarritzen den errealitateaz hitz egiten du. Horretarako pertsonaia eredugarri batzuk hautatu ditu: Teresa, istorioa lehen pertsonan kontatzen duen narratzaile-protagonista “pijo” xamarra; honen gurasoak eta senargai abertzalea; Andres Barrutia, haren irakaslea, eta azken honen bizkartzaina. Azpimarratzea komenigarria da: errealitate tipiko bat aurkezten digu eta pertsonaiak eredugarriak dira. Izan ere, egoera honek markatzen du liburuaren ibilbidea, onerako zein txarrerako. Pertsonaiak eredugarriak izanik, ideia batzuen errepresentazioak dira, ideiak pertsonaiengan irudikatu nahi izanak zehazten baititu pertsonaien ezaugarriak, batzuetan era exajeratu batean zehaztu ere, ia-ia parodiak izateraino.

Argumentua ere ideien errepresentazioa egiteko eraiki dela ematen du. Horrela labur daiteke hasierako egoera: Teresak doktorego ikastaroa egiten du Gasteizko Fakultatean; bertan topatzen da Andres Barrutia irakaslearekin, Ermuko Foruko kidearekin; Barrutia Hendaian errefuxiatua egon zen gazte garaian, Teresaren gurasoekin batera. Egoera horretan, harreman bitxia sortzen da Teresa eta Barrutiaren artean, Teresaren ikuspuntutik higuina eta erakarpena biltzen dituena, nahiko sinesgaitza, parametro errealistetatik begiratuta. Teresaren aita, bestalde, oso gaixorik dago, hilzorian. Nobela honetako osagai gehienek nobelatik kanpoan dagoen eskema ideologikoan (hau da, nobelaren tesian) dute jatorria, nobela eskema ideologiko hori azaltzeko adibide luzea izango balitz bezala. Nobelan ikusten ditugunak, beraz, ez dira gertatzen historiaren barruko logika bati jarraituz.

Gauzak honela, irakurleak liburuaren aurrean duen asmoak determinatzen du haren gaineko balorazioa. Ni naizen irakurle honen ikuspuntutik, idazleak planteamendu ideologikoa azaltzeko gogoa alde batera utzi duela dirudienean eta istorio bat baizik kontatu nahi ez duenean (adibidez, Teresaren eta aitaren artekoak kontatzen dituenean), agertzen dira liburu honetako benetako balioak, Olasagarre, dudarik gabe, idazle ona da-eta.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak