« Gorriaren alaba | Galeria »
Bestea da mundua / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2008
Erdaldunena da mundua Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-11-16
Perfektua, eleberria. Perfektu egituraturik kontakizuna, perfektu dosifikaturik narrazioaren datuen mahairatzea, perfektu eskematizaturik kontakizunari dagozkion garaiak eta mentalitateak, perfektua narratzaile orojakitunaren distantziamendu dotorea kontatu nahi dituen saltsetatik, perfektu diseinaturik pertsonaiak eta haien arteko jokoak, perfektu bridaturik estilo literarioa, perfektu bezaturik euskara oraindik ere hezigabea egileak nahi duena (ez gehiago, ez gutxiago) zehatz-mehatz erranarazterakoan.
Euskal Herriko industrializazioaren hastapenetan kokatzen gaitu idazleak, XIX. mende amaieran eta XX.aren hasieran. Bertako bi familia tradizionalen kume banatan (euskaldun elebakarrak, erlijioari, karlismoari eta ohitura zaharrei lotuak) sortzen diren igotzeko nahiak maila sozial eta ekonomikoetan, eta horrek bertzea (erdalduna) dela mundua erakusten die hasiera-hasieratik. Kostatu bai, baina ez diote muzin eginen ahaleginari, euren jatorrizko familiako batzuekin haustura (are krudelkeria ere) edo urruntze fisikoa suposatuko duen arren. Orbetar seme nagusia, metalurgia industrialari ekin nahi diona, eta aldasorotar bigarren alaba, aitak bere mentalitate patriarkaletik hil hurrean botatako irainari mendeku hartu nahi diona. Euskaldunak biak, elkar ezagutu gabeak, bakoitzak bere bidea hartuko du: lanabesak konpontzeko familiako sutegitik labe garaiak eraikitzeraino gizona; herrian udatiar izan ohi zen Madril eta Andaluziako familia aristokrata bateko neskame izatetik bertze mundu bateko handikien manerak ikasteraino emakumea. Bi mundu txertatuko du eleberrigileak anbizio pareko biei jarraikiz, nobelako hainbat atal bikoitzetan: zenbaki neutroetan aldasorotar eta haren nagusi aristokratei dagozkienak (1, erraterako) eta kakotx sinpleen arteko zenbakiekin orbetarrei dagozkienak (‘1’, alegia), hurrengo 2 eta ‘2’, eta horrela, 11 eta ’11’ arte, azkeneko orbetar hori ezin irekiago utziz egileak, bere asmoko trilogiaren bigarren alera irekita, susma dezakegunez. Bikotekide euskaldunek espainiar lurjabe aristokratikoekiko loturei esker (negozioen bidez gizona, etxekotasun eta handikiekiko miresmenaren bidez emakumea) lortuko dute elkar ezagutzea eta euskal familia eredu burges berri bat osatzea. Espainiar nazio-merkatua eratu omen zuen triangelu-paradigmari jarraiki dio egileak, hots, espainiar merkatu nazionala (nazionalista) kataluniar eta euskal burgesia industrialek eta Andaluzia-Madrilgo aristokrazia lurjabe eta elite administratibo-politikoak marrazturiko triangeluak bermatu zuela dioen paradigma historiografikoari.
Ez dira kontu sozialak Joan Mari Irigoienek jorratzen dituen arloak. Bi protagonista euskaldunen barneko haustura hizkuntza-kulturalak, mundu euskaldunean bertze mundu batek (erdaldunak) sortzen duen liluramendua, eta hartan txertatzeko nahiak nola egiten duen jauzi historiko berri bat, inoiz baino errotuago, sakonago eta zabalagoa, Euskal Herriko industrializazioaren hasierarekin batera, horixe du egileak liburuaren funtsa. Horretarako, ikerketa psikologikoei ekiten die, Euskal Herriaren erdalduntzearen ikerketa psikologiko bati, azken finean.
Gehiegitan aipatu dut hasieran perfekzioarena, ezta? Propio egina, perfektuegia delako akaso eleberria, irakurle honen inpresioan. Estudiatuegiak ene sarreran aleturiko alde guztiak. Eskema teoriko batean aurretik zehaztuegi diseinatu eta okerbiderik gabe gauzaturikoak. Zerebralegia, erranen nuke, eta aukera gutxi emanez irakurleari, nonbait, bere kabuz bizitza emateko jauzi hari.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi