kritiken hemeroteka

8.741 kritika

« | »

Bestea da mundua / Joan Mari Irigoien / Elkar, 2008

Galeria Iratxe Esnaola / Gara, 2008-11-21

XIX. mende amaieran hasi eta noiz bukatuko den ez dakigula, hala utzi gaitu Altzako idazle beteranoak osatu duen Orbetarren sagako lehen liburuak. Luze eta mamitsu dator lana, baina inor ez dadila beldurtu garai historikoko gertakizunek behar baino leku gehiago izango dutelakoan (gerrate edo egoera politikoen deskribapen amaigabeak). Jakin tamainan datozela, erabilgarri, pertsonaiak ezagutzeko diren heinean. Ez da, beraz, historiarik berridatzi, bestela ere, zer kontatua badakar eta.

Sagaren lehenengo liburu honetan, Orbe familiaren istorioaren hastapenak kontatzen ditu. XIX. eta XX. mende hasieran dago girotuta, industrializazioa Euskal Herria iritsi zen garaian. Bi gazte baserritarren hobetu nahia da istorioaren motorra. Regina Aldasoro, Villalbako markesen Madrilgo etxera doa neskame. Nazario Orbe, lan eta izerdiz, hutsetik bere fortuna osatu eta labe garai baten jabe bihurtuko da. Paraleloan kontatzen diren bi narrazio dira, kapitulu bana txandakatuz, amaieran elkartzeko. Inguruko pertsonaiek eurek adina garrantzi dute, baina. Pertsonaien galeria deituko nioke, hortxe baitu bere indarra, dohaina eta meritua. Ondo ezaugarrituak, sinesgarriak, aberatsak datutan, izaera koherente eta erabatekorik gabe, erreal, oroimenean geratzen dira. Barnerapen psikologiko xehetasunez josia atsegin duzuenontzat, liburu egokia.

Garaiko ardura eta eztabaidak ez dira gutxi. Amaitzen ez den zerrenda da jorratutako gaiena. Hezkuntzaren alorrean, irakurtzen eta idazten ikastearen berrikuntzak maila sozialean gora egiteko lehen beharkizuna gaztelania bihurtuko du. Euskara baztertuen estigma da. Gaztelania, aurrera egiten dutenen hizkuntza. Emakumeak ez dezake goi mailako gauzarik ikas. Beharbada, interesgarriena bertsolariaren pasartea da. Eskolan ikasteko gaitasunik ez baina bertsotarako denak zeuzkanak, tontotzat hartuak, jakintza zer eta nola neurtzen den pentsarazten digu.

Hiritartuago zegoen jende liberalak Diderot eta Rousseau irakurriak ditu, naturaltasunaren gainean, deskolonizazioaz edo kristau dogma eta eginkizunez mintzatzen da. Elizaren baitan iritzi kontrajarriak badira, baina erruduntasun kristaua bezalako gauza serioak irria sortzen duen birjintasunaren debozioaren ondoan datoz, exorzismoz lagundurik, inoiz. Gero irakur daitezke mistikoen poemak, makina bat santuren bizitzak, baita, bestalde, mitologia, pasadizo eta bertsoak ere.

Esan bezala, pertsonaien haragian ezagutzen ditugu hauek denak, ez diskurtso hotzean. Egia da narratzaileak konstatazio gehitxo egiten duela tarteka esplikazio asko emanez. Hori gertatzen da psikologia edo psikologia sozialeko terminoak erabiltzen dituenean, teoriak aipatzera ere iritsiz. Ederto transmitituz gero jendearen inkoherentzia, herren eta faltak narrazioaren bitartez, nire ustean, esplikazio teknikoen beharrik ez legoke.

Esaldi luze eta prosa mantso bezain zainduarekin bare doa erritmoa luze osoan. Hautatutako bideak, elkarrizketa geldo eta deskribapen taxutuak, berarekin dakar gertakizunak aurreikus daitezkeela erraz. Ez da berebiziko tentsiorik, jakin-nahirik zer gertatuko denaren gainean. Galeria bat baita finean, zeinean argizarizko figurak ez baizik hezur haragizkoak ditugun. Galeria honek konektatuko ahal du beste galeria batzuekin, sagaren jarraipenean.

Azken kritikak

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Maialen Sobrino Lopez

Biba gorriac!
Imanol Murua Uria

Mikel Asurmendi

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Patxi Iturregi

Terraza debekatua
Fatima Mernissi

Amaia Alvarez Uria

Poesia kaiera
Elizabeth Bishop

Irati Majuelo

Godoten esperoan
Samuel Beckett

Aritz Galarraga

Esaterik ez dagoenaz
Fito Rodriguez

Iñaki Lopez de Luzuriaga

Bazter utzietan
Karlos Linazasoro

Hasier Rekondo

Gari errearen urrina
Fertxu Izquierdo

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

Hedabideak