kritiken hemeroteka

8.787 kritika

« | »

Golgota / Xabier Montoia / Elkar, 2008

Oroimena ahanzturaren aurka Mikel Ayerbe / Berria, 2008-11-09

Euria euriari deika, zakurren zaunka etengabeak, familia bat (gurasoak eta hiru alaba) afaritarako prest eta bat-batean, ate kolpe itzelak: guardia zibilak aitaren bila datoz, ahizpa zaharrenak ezin aita askatu, eta ama-alaben garrasi, negar, oihu eta erregu artean, guardia zibilek aita eta ahizpa zaharrena eramaten dituzte. 1936ko abuztuko Ama Birjinaren eguna da. Hurrengo egunean amaren bila agertzen dira zibilak, alaba batek atea ireki eta zibiletako batek gozoki bat ematen dio Felisa izeneko alaba gazteenari. Oraingoan ama eramaten dute. Eta hori da, hemen azkar eta gaizki kontatuta, Xabier Montoia idazlearen Golgota nobela berriaren abiapuntua.

Hortik aurrera, Felisaren bizimodua biltzen da liburuan zehar: ume inozente izatetik, Gorriaren alaba bihurtuko da Felisa, eta amari eta ahizpari oldartuz, mojatara sartuko, ahizpa Elena bihurtu arte. Amaiera aldera, ordea, protagonistak bestelako erabaki bat hartuko du. Eta erabaki bakoitzaren oinarrian 36ko abuztuko egun mingarriaren oroimena. Oinazetik abiatzen den kontakizuna izanik, bidegabekerien eta bazterkeriaren ondorioak nozitzen dituelako Felisak nobelako orrialde gehienetan. “Golgota bakarti bat” baita protagonistaren gurutze bidea, eta hala ere, inguruko gertakariei baino, buru barruan jazotakoei egin beharko die aurre Felisak. Lehenik jaioterrian, Iruñean gero, Lezkairuko komentuan nobizia gisa, misiolari gisa Pakistango Karachin, Frantziako Rontalonen malariaz eri, Madrilen beranduago, eta azkenik, berriro ere Iruñean.

Idazketari erreparatuz, gutxi gorabehera bi orrialdetako pasarteetan banatu du Montoiak kontakizuna (kapitulutan banatu gabe) eta nobela lineala izanik ere, sarritan ezin hobeki eta modu neurtuan aurreratzen dira beranduago garrantzia hartuko duten gertakizunak. Protagonista berriki moja bihurturik, baina oraindik ahizpa Esther moja zahar bezain bekaitzaren mendeko dela, adibidez, narratzaileak honakoa aurreratzen dio irakurleari: “Hala erabiltzen zuen moja zaharrak, Gorriaren alabak hartu berri zuen abituari eta jainkoari berari ere berrogeitaka urte beranduago uko eginen ziela igarrita, nonbait”. Aurrerapen horiei nobelako abiapuntu indartsuaren oroimen errepikatua kontrajartzen zaie, etengabe eta halabeharrez atzera begiratuz egiten baitu aurrera protagonistak.

Aitortu behar dut, argumentua aurrez jakinda, nobelaren irakurketak ez ninduela asko erakartzen. Baina idazlearen eskarmentua aintzat hartuta, eta Montoiarekin aurrejuzguek gutxirako balio dutela jakitun, berehala harrapatu ninduen Felisaren istorioak. Irakurketan zehar nabaritu ditut ahulgune bat edo beste, baina amaierara iritsitakoan, erraz ahaztu nituen irakurle zalantzati baten kezkak. Areago, nobela amaitu ondoren. Niretzako, zalantzarik gabe, liburuaren amaieran ezkutatzen baita kontakizunaren giltza. Ez soilik azken bi orrialdeetan irakurleak bizi dezakeen katarsi gogobetetsuagatik, baizik eta idazleak pistak eman bai, baina kontatu gabe biltzen duen beste istorioarenagatik ere bai. Izan ere, benetan jazotako gertaeretan oinarritu da Montoia Felisaren kalbarioa narratzeko, eta nobelako fikziozko pertsonaiaren atzean, hezur-haragizko emakume baten bizitza dago. Iñaki Egaña historialariak bere blogean duen artikulu baten hariari tira eginez ezagut daiteke nobela honek zein neurritaraino edan duen benetako gertaeretatik, baina harrigarriena fikzioak errealitatea nola biltzen duen jabetzea izan da niretzat. Protagonistak ezinbestez jakin bezala, oroimenak presente dirauen bitartean, ahanzturak ez duelako lekurik izan behar eta horren aurka ari delako kontu-kontari narratzailea.

Azken kritikak

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Barazkijalea
Han Kang

Jon Martin-Etxebeste

Café Mokka
Jabier Muguruza

Aiora Sampedro

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak