« Haurtzaroa Kabulen | Bizitza homeopatikoak »
Infernuko hesteetan / Charles Bukowski (Mikel Olano) / Elkar, 2008
Gizakiaren kontra Beñat Sarasola / Berria, 2008-11-02
Euskal literaturaren egungo gabezia argienetako bat poesia itzulpenak dira. Ulergaitza egiten zait nola den posible 2008. urtean ez existitzea oraindik Charles Baudelaire-n Les Fleurs du mal-en euskarazko itzulpen eskuragarri bat. Nork pentsa dezake fundamentuzko literatura bat bere heldutasunera irits daitekeela halako obrak eduki gabe? Zenbaitzuk kexu dira poesiaren balizko prestigio hanpatuaz, ene aburuz egun benetan existitzen ez dena, baina errealitatea da poesia euskal literaturan hutsaren hurrengoa dela —eta antzerkia hurrengoaren hurrena—, bereziki itzulpenei dagokienez.
Hala, Charles Bukowskiren Infernuko hesteetan salbuespentzat har dezakegu. Bitxi da, haatik, gure artean hain poesia itzulpen gutxi egonda honakoa Bukowskiren bigarren liburua izatea. Lehenengoa Susak ateratako Poema antologia izan zen, 1997. urtean argitaratutakoa eta Josu Lartategik itzulitakoa. Liburu berri hau, ostera, Bukowskik publikatutako azkeneko liburuko, Septuagenerian Stew-ko, poemek osatzen dute. Ezer baino lehen, Mikel Olano itzultzailearen lana nabarmendu nahiko nuke —eta baita Felipe Juaristiren hitzaurre txukuna ere—, Bukowskiren mintzaira euskaraz ematea ez baitirudi nolanahiko egitasmoa, eta Olanok jatorrizko mintzaira horretara asko hurreratzea lortu duela iruditzen baitzait.
Liburuaren edukiari helduz, poesia-liburu irregularra dela esango nuke lehenik. Badaude ale batzuk (mintzo esaterako) zirriborroak direnak gehiago, elaborazio gutxiko idazketa frogak. Gauza ezaguna da Bukowskirena poesia narratiboa dela: mikroistorioak kontatzen ditu maiz, elkarrizketak erabiltzen ditu, lagunarteko —edo kasu honetan hobeto, etsaiarteko— hizkera da berea. Bat-batekotasunaren poetika honen bidetik, ordea, emaitza kaskar samarrak gauzatu daitezke, gainontzeko poetika guztiekin bezalaxe, bestalde, eta, arestian aipatu legez, liburu honetan badago egon horien adibiderik. Alabaina, halako batean, poema bikain (kausa eta ondorioa) edo metafora harrigarri batekin topo egingo dugu, zeintzuek Bukowski alproja lotsagabe bat baino —edo horretaz aparte— idazle handia dela erakusten baitigute. Esate baterako, Azken pertsona poemako amaiera aldeko metafora hau, ez dago ezein poetaren eskura: “tira, espero dut / ulertuko didazula, / esaten badizut / emaztea / bere senarra / ulertzen duen azken / pertsona dela, ispilu bati / begiratuko balio / bezala da, / baina hain / hurbiletik / (sudurra estu zapalduz) ezin baitu deus ere / ikusi”.
Interesgarria da, bestetik, liburuan agertzen den Bukowski zaharra. Ordurako idazle kontzientzia bete betean zuen barneratua —bere erara, hori bai—, eta ondorioz, nahiko errepikariak dira literaturako eta literatur sistemako erreferentziak. Han-hemenka beste idazleei buruzko aipamenak daude (inon ez), bere editoreari buruzkoak (zurubian gora), kritikariei edo idazketari berari buruzkoak (hau ospatzen). Mundu literarioan eskarmentua duen idazle gisa azaltzen da, baina ospeak ematen duen erosotasunean erori gabe: “ingurura begiratzen dut, eta / begiratu / eta / diot: non dira / idazleak?”.
Bukowski sarritan mozkortien eta gisa guztietako lunpen-en poetatzat hartzen da. Hala ere, garrantzitsua da azpimarratzea beregan ez dagoela galtzaile edo marjinatuaren epikarik, aberats eta gizon prestuekin bezain gogor eta gupidagabea da pelaje horretako jendearekin. Ez du errukirik haiekiko eta ez du, jakina, gizakiaren berreziketa eta erredentzioan sinesten (“zerrendaren garbiketa”). Bukowskik gizakia iraintzen du salbuespenik gabe, ez da etxe oneko jendeaz errazkeriaz trufatzen den gorteko bufoia.
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi