kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Iragaitzaz --ilunbistan-- / Pello Lizarralde / Erein, 2008

Garen huskeriaren adierazgarri Mikel Asurmendi / Irunero, 2008-10

Pello Lizarralderen Iragaitzaz –ilunbistan– narrazio liburuaren beraren izenburuak intriga sorrarazi zidan ezagutu nuen une beretik. Ez da oso ohikoa izenburua maiuskulaz idaztea. Gainera, iragaitzaz izenari berari ez nion berehalakoan antzik eman. Azaleko irudiak Ilunbistan delakoarekin bat egiten zuen. Ilunbista ez da ere hitz konbentzionala.

Semaforo bat ageri da ilunabarrean edo arginabarrean: anbar-kolorean. Iragaitzaren gaitza delakoak nahasi ninduen nolabait. Ezin zela pasa-edo, zaila zela aurrera egitea, iragarri edo iradoki zidan azalak.

Iragaitzak baditu hainbat adiera. Egileak, nik uste, transito adierazi nahi izan digula. Hots, bidenabar edo bide batez dabilena.

Jarri zaitut atezuan irakurle menturazale hori. Egin dezagun bide, aurrera.

Nobelako protagonista, Martin edo Laster kamioilaria bidean bide dugu mundu ilun samar nabarrean. Laster izengoitia izanagatik mundu geldo batean ibiltzearen inpresioa jaso dut nik. Hots, nobelak ibili-ibilian bizitzaren iragan gaitza transmititu dit bereziki.

Iragaitzaz –ilunbistan–eko gertakariak ez dira Hollywood-eko gidoilariek edo best-sellerren egileek istorioak eraikitzeko behar dituzten modukoak, ez dute fantasiarik isurtzen ez helarazten. Gasolindegiak, kamioak, txoferrak eta biltegiak dira iragaitzaren lekuneak. Eta bidea bera, bistan da. Ilun bistan, bistan denez.

Gertakariak beraz ez dira beste mundukoak, eta egileak mundu hori deskribatzeko darabiltzan eleak ere ez dira inoiz sobran. Martinen berba jarioa neurtua da, eta berarekin gurutzatzen direnen berbak ere neurritsuak. Kontatzeko moldeak egiten du bereiz Lizarralderen literatura. Edo bestela esanda: Lizarralderen literatura batez ere mundua kontatzeko modua da.

Konparazio baterako: kamioiaren kabinan sartuta, bolantearen noranzkoari tankera hartuko diozu, motorearen soinua entzungo eta gidariaren beraren usaina adituko.

Hain doa azkar mundua! Ez naiz Lizarralderen nobelako munduaz ari, gure eguneroko munduaz ari nauzu. Erran nahi baitut, hain da arranditsua ardura bizi uste duguna, bertatik bertara iragana dena aditzeko eta hautemateko gaitasuna galtzen ari garela.

Iragaitzazkoak gorpuzten du Pello Lizarralderen mundu literarioa. Zehatz-mehatz emana, edo hobeki erranik, xehetasun oro ematera dator, gizakiok munduan garen huskeriaren agergarri. Ilunbistan iragaten den mundua deskribatu ohi digu idazle honek. Munduan, baita Lizarralderen mundu birtualean, iragan direnak ez dira huskeria, iragaten direnak izugarriak dira. Gu gara ordea, bere pertsonaiak kasurako, txiki-txikiak eta ia ez deus bihurtu garenok.

Patuak edo halabeharrak FICOBA azokara eraman ninduen, eta nirekin liburu hau berau bukatzeko falta nituen azken orrialdeak irentsi nituen. Ez azokan, edo azoka deitzen dugun eraikin erraldoian, kanpoan. Eraikinean sartzeko zain nengoela, ondoko gasolindegiko harresi gainean paratuta amaitu nuen liburua, ilunabarreko azken eguzki errainuek ferekaturik.

Honela diote Pello Lizarralderen azken lerroek: “(…) Martinek bere burua begietsi du giltza sarrailan sartu aurretik. Gero, atea ireki eta gauaren osinera jaurti du bere aurpegiaren isla margula”.

Ordurako izerdi tanta hotz bat jaitsia zitzaion Martini, bizkarrean behera. Baita niri ere!

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak