kritiken hemeroteka

8.754 kritika

« | »

Non, nondik, alde, aurka / Gabriel Villota Toyos / Arteleku, 2008

Profanoentzat ere bai Aritz Galarraga / Gara, 2008-07-12

Arte eta, zentzu zabalago batean, pentsamendu garaikidea jakin-minen artean dituenak ez du, zoritxarrez, aukera handirik horien gaineko saiakera kitzikagarri asko irakurtzeko. Ez etxeko uztan, bederen. Orain baina, eta Gabriel Villota Toyos idazle eta unibertsitate irakasle bilbotarraren eskutik, Non, nondik, alde, aurka. Arteari buruzko euskal kronikak mendearen hasieran artikulu bilduma interesgarria irakurtzeko parada dugu, Arteleku beti interesgarriaren edizioan. Liburuan bildutako testu gehienak Mugalari gehigarri honetantxe kaleratu ziren 2000 eta 2004 urteen artean. Gainontzekoak, berriz, Zehar, Acción paralela eta bestelako agerkari espezializatuetan. Iritzi zutabeak dira batzuk, artista jakinen gaineko lanari buruzkoak besteak. Eta gehigarri honen jarraitzaileak testu hauetarik zenbait irakurriak izango dituen arren, testu horien guztien bilduma osatua irakurtzeko aukera ezin hobea du orain, Fito Rodriguezek hitzaurrean dioen moduan, “garai hartako arte panoramaren airetiko ikuspegi bat osatzen dute” eta. Testuok ezagutzen ez dituenak, aldiz, mende hasiera honetan arte eta kultura esparruetan egindakoak dastatu ahal izango ditu, gaztelerazko orijinalak eta euskarazko itzulpenak tartekatzen dituen lan elebidunean.

Mende hasierako arteari buruzko euskal kronika hauetan asko eta askotarikoak dira hunkitzen diren gaiak, arte garaikidearen gisako jardun anitz eta diziplinarteko bati dagokion bezala: artea eta politikaren arteko harremanak, artea eta bizitzaren artekoak edota subjektuaren krisia eta, ondorioz, objektuaren birplanteamendua, horietarik batzuk. Baina kritika honen irakurleari liburuaren nondik norakoak hobexeago kokatzeko, eta gehiegi laburbilduz, esan genezake, Benjaminen eskutik, politikaren estetizazioaren salaketa eta artearen politizazioaren aldarria dituela ardatz nagusi. Kasu konkretuetatik abiatzen ditu Villotak hausnarketa gehienak eta, hala, aipatzen direnen artean Guggenheim, Artium, Arte Ederren museoa, Foru Aldundiak, Eusko Jaurlaritza, Mina Espazioa, Manifesta, Sergio Prego, Txomin Badiola, Azucena Vieites eta abar luze bat aurkituko ditugu, aldez edo moldez, hona ekarriak.

Umberto Ecok 2001ean Guggenheimen emandako hitzaldi bat abiapuntutzat hartuta, museoek egun betetzen duten funtzioaren hausnarketa egingo zaigu, adibide bat jartzearren: “funtzionamenduaren ikuspuntutik, ikuskizunaren ideologian oinarritutako merkatu gizarte batean txertatutako produkzio aparatua” da Villotarentzat museoa, egun planteaturik dagoen gisan. Eta berandu baino lehen intuitzen da ondorengoa beharko lukeela izan egilearentzat: “eztabaida sortzeko espazio testual bihurtzea, sinbiosiz beste zenbait errealitate soziali lotua, eta jada inoiz ez pentsatua aukeratuen uhartetxo kultural moduan”. Adibide bat baino ez da, baina, hitzaurrera itzuliz, bertan azaltzen zaigun liburuaren bertuterik behinena bikain ilustratzen duena: “benetako balioa da inskribatzen den kultur politikei inoiz begirik ez kentzea, komunitate artistikoan gertatzen aritu diren mugimenduak sumatzea eta hark erakundeekin edo errealitate sozialarekin dituen harremanak zundatzea”.

Procul este profani, profanoak urrun mantendu, du izenburutzat Villotak hemen bildu duen lehen zutabeak. Eta bertan, testu hauetara artearen eliztarrak bakarrik hurbilduko direnaren kezka adierazten badu ere, emaitza ikusita esan daiteke irakurlego zabal batentzako lana dela eskuartean dugun hauxe, arte eta pentsamendu garaikideaz ardura duen ororentzat irakurketa baliagarria eskaintzen duena.

Azken kritikak

Garondoan
Gorka Bereziartua

Asier Urkiza

Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa

Nagore Fernandez

Kantu leuna
Leila Slimani

Maialen Sobrino Lopez

Odola kantari
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak