« Profanoentzat ere bai | Errealitateak adina ertz eta (h)egi ditu fikzioak »
Tom hil da / Marie Darrieussecq (Karlos Zabala) / Alberdania, 2008
Doluaren hitzak Beñat Sarasola / Berria, 2008-07-13
Euskaraz irakurri dezakegun Marie Darrieussecq-en bigarren liburua da Tom hil da hau. Lehenago, 2004an, idazlearen opera prima arrakastatsua argitaratu zen, Ahardikeriak —Truismes—, Alberdaniaren eskutik hau ere. Tom hil da, berriz, Darrieussecqen azkeneko emaitza da, zeina 2007an P.O.L argitaletxeak publikatu baitzuen, Tom est mort izenburupean. Hasi-hasieratik polemika eragin zuen liburuak, Camille Laurens idazleak bere aurreko liburu bati —Philippe— “plagio psikikoa” egin izana egotzi baitzion Darrieussecqi. Laurensen liburuak gehiago zuen testigantzatik, bere bizitzako benazko pasarte batean oinarritzen zelako, alegia, bere semearen heriotzean; Darrieussecq, aitzitik, fikzioaz baliatu da seme baten heriotza kontatzeko. Eztabaidak auzitan jarri zuen idazleak zuzen-zuzenean bizi izan ez dituen gertaerak idazteko duen eskubidea, hots, fikziorako eskubidea.
Kontu zaharra da, ordea, literatura egian baino egiantzekotasunean oinarritzen dela. Gogora ekar ditzagun Poetika-ko Aristotelesen hitzak, Kristo aurreko IV. mendekoak: “Poetaren (idazlearen) eginbeharra ez da gertatutakoa kontatzea, gerta litekeena baino, posible dena, egiantzekotasuna eta beharrezkotasunaren arabera”. Kontua ez da, honenbestez, Darrieussecqek bizitzan seme bat galtzearen tragedia pairatu duenentz, testu sinesgarri eta eraginkorra osatzea erdietsi duen baizik.
Alde horretatik, ez dut uste liburuari gauza asko lepora dakizkiokeenik, oro har, sinesgarritasun handiarekin kontatzen ditu-eta lau urte eta erdiko semea galdu ostean ama batek pentsatu eta pasatu behar dituenak. Xehetasun handiz narratzen dira heriotzaren ondorengo eginbehar dorpe denak: hilerria, heriotzaren berri ematea… Liburua Tomen amak, bere semea hil eta hamar urte geroago idatzitako koadernoa da, zeinetan tragediaren ondorengo bere prozesu psikologiko latza kontatzen baita. Aldi berean azaltzen dira amaren pentsamendu eta burutazioak, kontzientzia jario gisa, eta heriotzaren inguruan berari eta bere familiari jazotako gertakariak. Testua, bada, “ni” indartsu batek gobernatzen du, esaldi motzeko idazkera sarkorrarekin.
Emaitza irregular samarra begitandu zait. Eleberriko lehenengo partea astunegia egin zait, errepikakorregia, ez zait iruditu idazleak ongi asmatu duenik hor amaren oinazea adierazten. Inpresioa izan dut kiosko-literaturako liburu sentimental eta topifikatu baten aurrean nengoela, eleberri sendo baten aurrean baino. “Haur hilak, ikaragarria da”, edo “Vincek luzatu zidan banillazko izozkiak banillazko izozki-zaporea zeukan” bezalako esaldiek hasierako tonu melenga horren adibide izan daitezke.
Haatik, liburuak gora egiten du apurka-apurka, amaren barne mundu fazati horretatik aldendu eta kanpoko munduko kontuez mintzatzen den ahala. Idazleak aski adimentsu berreraikitzen du istorioa. Informazioa ez da linealki eta ordenatuta ematen, tantaka eta estrategikoki baizik, eta esaterako, bukaera arte ezingo ditu jakin irakurleak Tomen heriotzaren inguruko gorabehera zehatzak. Horrek guztiak testuari interesa gehitzen dio, eta irakurlea harrapatzea lortzen du. Zinez ongi osatuak dira zenbait pasarte, irakurle laztuenari ere zirrara eragingo dizkietenak. Horren adibidetzat har litezke amak etxeko zokoetan magnetofonoak jartzen dituenekoa, ala Stella txikia “T” esaten hasten denekoa.
Tom hil da honetan, esan gabe doa, gai delikatu eta zail bati heldu dio Darrieussecqek, eta niri bederen, sentipen gazi-gozoa utzi dit. Baloratzekoa da idazleak zeinen ondo eta sineskor landu duen gaia, baina idazkerak sarritan kirrinka egin dit.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi