kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Suminaren estrategia / Fernando Morillo / Elkar, 2008

Hitza jolas Iratxe Esnaola / Gara, 2008-06-28

Egun arrunt batez ezezagun baten deia jaso. Kasu bat argitu beharra dago. Polizia sekula ez jarri jakinaren gainean. Kontratatzailea emakumea (dotorea, diskretua, aberatsa) izango da. Puskatan egindako gorpu bat, odolez inguratua, agertuko da egunkari zein irratietan. Gezurrezko identitateak eta ezkutuko tratuak nahasian ibiliko dira. Eta delitu asmoak agerira aterako dira azken unean. Detektibe saileko, misterio nobelatako osagai zenbait hona hemen zerrendatuak. Ez alferrik Fernando Morillok intriga eleberria idatzi ahal izateko tradiziora luzatu du eskua eta atera ditu bertatik errepikatuak izanagatik zaleari atsegin izango zaizkion elementuak. Elkarrizketa bizkorrak dira, zuzenean mamira doazenak. Esaldiak motzak eta apaindura gabeak. Kapitulu ultra laburretan, ingurumaritan galdu gabe, istorioa osatzeko balio duten informazio eta piezez harago deskribapen luzagarririk ez da. Eskertu egiten da. Pertsonaiek hizkera eta jarrera ohikoak badarabiltzate ere, asmagarriak izan arren beren asmoak, lehendik beste nonbait ikusiak ditugula irudi izateraino, oro har, ondo lotuak daude elkarri eta balio dute bilatzen den efekturako. Hots; suspentse apur bat sortzeko.

Badu nolanahi ekarpen berririk Suminaren estrategia honek. Tradizioa berritzen ari den seinale edo mundua aldatu egiten den adierazle. Ikertzaile ez baina lanbidez antropologo den heinean, giza jarrerek dakartzaten misterioei adi den gaztea da protagonista. Ez da profesionala hortaz. Alabaina, egungo informazio iturri zabalak eskura izanda, detektibe izateko aukera ez da pentsaezina, are, dezente eskuragarria dirudi. Teknologia berriak, Internet, eskuko telefonoak, Wifia eta Google bilatzailea. Informazio bilaketa edonoren eskura da garaiotan.

Ordainetan ez da taberna ilunetako barratan eskatutako whiskirik, ez eta felpazko kapela, gabardina ilun, zapata beltz edota barne sakelan gordetako errebolberrik. Ahaztu ohar liburuxka txikiaz eta boligrafo beharrekoaz. Hara non goizetik gauera Donostia eta Bilbo aski diren Ipar Amerikako antzezle miretsien antzera paseatzen diren ikerlarientzat. Xarma galduko du, apika, nostalgikoentzat. Zer espero daiteke, ordea, detektibe izateko karrera unibertsitarioak iragarki sailetan eskaintzen diren egunotan?

Irakurleari eskaintzen zaiona gehiago da finean joko intelektual bat. Hain justu protagonistak taxutu duen burubidea jarraitzeko, eta hari aurre hartzeko ahal izanez gero. Xake partida batean bezala pentsatu da dena, pausoz pauso, xehetasunez xehetasun. Estrategia bati jarraitzen dio guztiak. Logika martxan jarri eta probabilitate zantzuak kalkulatu behar dira. Gero kontra estrategia bat abiatu. Azkenerako miresmena zaio kriminalari, artea balira bezala haren planak, bitartekoak eta helburuak onargarriak ez izanagatik ere. Lehia intelektualean aurkaria errespetatu egiten da, xakean legez.

Hiru ataletan banatu da liburua bi arrazoiri jarraituz gutxienez. Aurrena, zati bakoitzari Go Japoniako mahai-joko bateko jolas fase bat egokitu zaio. Xakearen antzekoa antza, 361 koadroz osatua dago. Paratestua bera harremanetan jartzen du nobelako gai eta giroarekin datu honek. Bestalde, hiru atalak aurkezpen, korapilo eta amaieraren egiturari zintzoki erantzuten diote, istorio honi egoki datorkiona. Korapiloa askatzeko unerako lasterketa bat dirudi irakurketak. Garaiz harrapatu beharreko hiltzailea dela eta, narrazioaren martxa azeleratzen da tentsioraino.

Ustekabea eta ezohikoa bilatzea bizitza idorrean. Horra hor ikertzaile izateko motorra. Ezusterako, misteriorako, ezezagun eta jolaserako joera. Nahiago izan behar da etsai azkarra eta arriskutsua egunerokotasun arrunta baino. Mahai-jokoetatik bizitzara pasatu dira jokoak. Bizitzatik literaturara gero, antza. Ekonomia narratiboa ondo maneiatuz soberako konturik gabe baldin badator jolasa, ongi etorria bedi. Istorioa neurtua eta tamainan geratu da oraingoan. Hitza jolas bihurtu da eta jolasa detektibe.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak