kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Labirintoaren orduak / Amaia Iturbide / Erein, 2008

Poesiaren labirintoak Beñat Sarasola / Berria, 2008-06-29

Euskal poesiagintza garaikidea ulertzeko Bernardo Atxagaren Etiopia eta Xabier Montoiaren Anfetamiña bi liburu mugarri dira; beraiek ekarri zituzten, euskal poesiara, besteak beste, Shell konpainiako gasolinategiak eta David Bowie, pop-a eta rock-a. Aurretik idatzi zenarekiko haustura proposatzen zuten biek ala biek, eta ondoren agertu izan diren makina bat liburu bi obra hauen gerizpean izan dira idatziak. Dena den, bi obra hauek agertu aurreko tradizioari loturiko obrak ez dira argitaratzeari utzi, jakina, eta badirudi egun interes berezia dagoela 60ko eta 70eko hamarkadetako euskal poesiagintza berreskuratzeko, bereziki Gabriel Arestiren figuraren bitartez. Bada, Amaia Iturbide ere garai hartako poesiarekin lotuko genuke gehiago, bere ikerketek (B. Gandiaga, J.A. Artze eta X. Leteren poemagintza. Poesia tradizionalaren bidetik) nahiz bere produkzio poetikoak (Labirintoaren orduak, urrutira joan gabe) erakusten digutenez.

Labirintoaren orduak poema-liburu luzea da —89 poema orotara—, euskal literaturan argitaratu ohi direnekin alderatuta behinik behin, 2003-2007 denbora tartean idatzitako poemaz osatua. Poema sorta honetan molde diferentetako piezak topa litezke, baina Iturbidek mundu poetiko sendoa eraikia du, eta poema gehienak mundu horretan kokatutakoak dira. Sinbolismoa oinarri, ez dira gutxi elementu (neo)klasikoak, barrokoak eta baita abangoardistak ere (nahiz eta nonbait aldarrikatu izan den baina maila apalagoan). Nahasketa arraro honen emaitza sarritan poesia metafisiko deitu izan zaionetik gertu geratzen da, non heriotza, bizia eta denbora gai funtsezkoenetarik baitira.

Hau guztia osatzeko bilbotarrak darabilen hizkuntza da liburuko gauza nabarmenetako bat. Esan bezala, idazkera honen oinarrian poesia sinbolista dago, metafora ezinezko eta zentzumenentzako kontraesankorrekin, erreferentzia mitologikoekin (Giges, Leteo, katoptromantzia), eta hermetismorako joerarekin. Poesia mota honek hizkuntz luzimendurako parada ederra eskaintzen du, eta liburu hau ez da salbuespena. Hala, zenbaitetan lerro (“nork askatuko du bere buruaz ahanzten den ordu hau?”) edo poema (S.A, Menina ohi batek ezpain pinturaz ispilu nekatuaren masailetan idatzitako bina ahapaldi, Autografo) interesgarriak aurkitu ditut, baina oro har, hizkuntzaren exhibizionismotik haratago interes gutxiko poemak iruditu zaizkit gehientsuenak. Honek zerikusi asko dauka nire filia eta fobia poetikoekin, esan gabe doa, baina edonola ere, uste dut estilo honetan idatzitako liburu interesgarriagoak badaudela egon (Erein poesia bilduman bertan, bereziki).

Lehen esan dut 60ko eta 70eko hamarkadako poetak aldarrikatzeko joera dagoela egun euskal literaturan. Arestiz aparte, hor daude JosAnton Artzeren Isturitzetik tolosan barru-ren berrargitalpena, Xabier Lete-ren abestien bilduma, Abestitzak eta poema kantatuak, Bitoriano Gandiagaren Adio eta Poema argitaragabeak edota Amaia Lasa eta Mikel Lasaren figuren aldarrikapenak. Ez da modu txarra aurreko poesia berreskuratzea bide berriei ekin eta ahots berriak sortzeko. Seguruenik, ez dago tradizioa ezagutu eta eskuratzea beste erremediorik abangoardista izateko. Kontua da, Karl Marxen aipu famatua parafraseatuz, idazleak tradizio poetikoa soilki errepikatzea ekidin behar duela berau fartsa gisa ekarri nahi ez badu. Sarritan, irudipena izan dut Iturbidek, tradizio poetikoaren labirintoan galdurik, ez duela asmatu eguneratzen, eta nik bederen, herdoil gehiegi sumatu dut azkenerako orrialdeotan.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak