kritiken hemeroteka

8.629 kritika

« | »

Beste bat apalerako / Askoren artean / Mikelazulo Kultur Elkartea, 2001

Apaleko txoko berezi baterako Igor Estankona / Gara, 2002-02-16

Askotan esan izan dugu proiektu txiki eta ausartek egiten dutela literatura handi. Errezitaldiak eta paper zati banatuak dira basoak behar duen goroldioa. Hitzaren inguruan biltzen diren taldeak dira, biltzar horrek sortzen dituen harremanekin, letren sarea sendotzen dutenak. Gero, zoritxarrez, txanponak alde bi baino ez baitu bezala jokatzen dugu: liburuak argitaratu ezik, idatzitakoa urdindu egiten da. Hori gure errua izaten da gehienetan, txanponak bere ertza daukalako. Txanpona egiera jartzea, batzuetan, ez da horren zaila. Irudimena eta lanerako gogoa baizik ez dira behar. Eta norberak idatzitakoa besteek idatzitakoarekin hartu-emanean jartzeko dohaina. Itxura batean proiektu bat dago lan honen ostean, edo gutxienez asmo bat, norabide bat. Iritzi hori daukat liburuaren diseinuan eta mamian parte hartu duen jendeak ez baitu bilduma soil bat sortu. Horren adierazle dira egileen aurkezpen emanaldiak. Era horretan bultzatzen da ondoen zaletasuna. Eta hori nahikoa ez dela, berez merituzko ahalegina dena kalitatez gainezka datorren liburu batean islatu da.

Beste bat apalerako hau, berez, ez da poema eta narrazio bilduma bat. Hainbat egileren artean burututako liburua izan arren ez zaio txatalik sumatzen inondik. Autore batetik besterako saltoa igarri egiten da, noski, baina idazkera bakoitza osotasunari soldatuta doa. Poemen eta narrazioen freskurak orrialdez orrialde irauten du.

Gainera, gurata zein gura barik, adinaren ondorioz edo euren izpirituen nolakotasunagatik, badaude guztionak diren puntuak. Behin baino gehiagotan aipatzen da gizakiok denborari diogun errespetua. Liburuaren azken orrialdeetan datozen biografietan zein poema askotan kezka ia obsesibo bihurtzen da. Biografien tartean, Ane Gojenolak Gazte Txartela edukitzeko adina izatearen edo ez izatearen artean jartzen du mugarria, ondoren aldats-behera baletor bezala. Umorez zein saminez jantzitako denboraren kezka unibertsala oso presente dago. Bide batez esanda, aipagarriak dira beronen poemak, maitasunari buruzko pieza ederrak, akabera indartsukoak guztiak. Maitasuna da, nola ez, bigarren zutabea. Absentziaren itxurapean, larruaren gorri kolorean edo zapore mikatz egina.

Bat baino gehiago dira, halaber, tonu sozialeko poema eta narrazio laburrak. Hirugarren zutabe honetan dotorezia literarioz eta artez salatzen dira guztion ahotan baina gutxiren luman ageri diren hainbat bidegabekeria. Palestinan zein hemen gauza asko beti bezain oker doazela ohartarazten gaituzte. Horren berorren falta nabaritzen da askotan: irakurlea pizteko gaitasuna duten gisa honetako lerroak.

Halabeharrez solte gelditzen diren ñabarduren artean ondo etorriak dira umorezko keinuak. Neurrian egiten dute barre, egia esan, baina Aitzol Ezeizak asmatutako Sabino Aranaren felazioak satiraren kuota bete egiten du berak bakarrik.

Idazteak gauza askotarako balio dezake. Terapiatzat har daiteke, edo beste era batera esan ezin direnak esateko. Salaketarako tribuna bihur daiteke, edo irribarrerako tresna. Ipuinetako batean esaten den legez, “batzuk ahoa zabaltzen dute eta beste batzuk ez” baina bere buruarekin ari da jende guztia. Horixe berori frogatzen du apalean leku berezia merezi duen liburu honek. Denok ari gara geure buruarekin. Hori banatzea da gakoa. Horretarako bildu eta maitasun guztiarekin liburu bat egin behar badugu ere, gure eskuekin.

Azken kritikak

Odola kantari
Unai Elorriaga

Asier Urkiza

Rosa Parks: Nire istorioa
Rosa Parks / Jim Haskins

Nagore Fernandez

Eguna hasteko olerkiak
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Iraitz Urkulo

Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"

Mikel Asurmendi

0 negatiboa
Arantzazu Lizartza Saizar

Maddi Galdos Areta

Hiria gure oinetan
Irati Majuelo Itoiz

Maialen Sobrino Lopez

Silueta
Harkaitz Cano

Aiora Sampedro

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Felipe Juaristi

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Mikel Asurmendi

Denbora bizigarri baterako
Marina Garces

Irati Majuelo

Jostorratza eta haria
Yolanda Arrieta

Amaia Alvarez Uria

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Ibon Egaña

Artxiboa

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

Hedabideak