« Ironiaz eta umorez beteriko idazlanak | Bizimodu ona zertan den »
Zeru-lurren liburua / Jon Gerediaga / Elkar, 2023
Galdera sakonak egiten Aitor Francos / Bilbao, 2024-04
Jon Gerediagak (Bilbo, 1975) badaki zer eska diezaiokeen hizkuntzari, hitzek zer emango dioten, eta aurretik argitaratu dituen liburuen hariari jarraituz, bere poemagintza koherentzia handiz mugitu da hastapenetik Zeru-lurren liburua (Elkar, 2024) honetaraino. Aurreko guztiak, Fitola balba, karpuki tui (2004), Jainkoa harrapatzekfj tranpa (2007), Zentauro-hankak (2012) Argia, lurra, zuhaitza, zerua (2015), Urtaroa eta zeinuak (2019) eta Natura berriak (2020), Pamielaren eskutik atera ziren; azkena, aldiz, Elkarrek kaleratu du, Kutxa sarian irabazle atera baitzen.
Ikasketaz, antropologoa; eta ogibidez, filosofia irakaslea Lauro ikastolan. 2011n, doktoretza lortu zuen, Patxi Lanceros filosofoaren gidaritzapean, Drama y símbolo en la espiritualidad mapuche lanari esker. Dramagilea eta gidoilaria, hamar urtez F.T.I.Antzerkiola Imaginarioa taldean kidea izan zen. Beste konpainia askorentzat ere idatzi ditu antzezlanak.
Dagokigun liburuan natura gailentzen da, pisu nabarmena du, eta ez dekoratu legez. Bilduma irekitzeko (ez da ezustekoa margolari baten esaldi bat aukeratu izana), Cezanneren hitz hauek: “Natura beti moldatzen da, errespetatzen dugunean, zer esan nahi duen esateko”. Obra bi ataletan dago banatuta, “Zoeren izenak” eta “Olerkarien liburua”, hurrenez hurren, eta bigarren atalak Shitaoren aipu apropos hau du sarreran: “Gizakiarentzat beneratzen jakitea da garrantzitsuena”. Liburuan, naturak eragin handiko mamu-izaki baten antza hartzen du, natura bera pertsonifikazio bat da, presentzia lagungarria.
Izenburuak bakarrik ataletarako erabili ditu egileak, orri-markatzaileen antzera. Horrela, poemak libre datoz, zenbakiekin; eta errazagoa da pentsatzea, ondorioz, puzzlea osatzen duten puskak direla. Salbuespen batzuekin ez dago erreferentzia literariorik, testua libre eta txukun etor zedin, eta ezinbestekoak zirenak idazpuruetara bidali ditu. Epigrafe batzuk euskaratu dituen bitartean, beste batzuk jatorrizko hizkuntzan daude, agian okerra, agian nahita eginda.
Estetikoki poemak garbiak dira, inausketa erretorikoa egin die, estilizatu, irudi soilak izateko, eta funtsezkoa ez dena baztertzearren. Gainera, neurri jakinekoak dira bertsoak, hamar-lerroko poemak. Gerediagak poemak biluztu ditu, eta horietan zenbait gai landu, baina denek dute zerikusia gizonaren eta naturaren arteko erlazioarekin, eta naturaren gainetik dauden eragin ezezagun eta ikusezinekin. Natura, orrialde hauetan, abstraktua eta erreala da, biak batera, eta poeta hausnarketara bultzatzen du, gehiago jakiteko grinara, poesiari esker zer deskubrituko duen zain, poesia bizitza aztertzeko tresna baita. Poeta (subjektu gisa) gero eta kontzienteagoa egiten da bere lekuaz, eta sinbolizatzen duen ezerezkeriaz. Askoz jota, poesia galdera oinarrizkoenak egiteko baliabidea da berarentzat. Zehazkizun hutsalenetatik abiatuta ere, nia (kasu honetan, poeta bera) lausotuta geratzen da paisaian, puzzleko zati bat besterik ez izateraino.
Paisaiaren garrantzia
Edozelan ere, Gederiagaren obran naturak ez du izaera estatikoa, aldakorra baizik. Eta sentikorra. Beste modu batera esanda, naturak badu eraginik afektuekiko. Paisaiak deskribatzean, poetak darabilen iruditeria intimitate lasai eta adierazgarri baten atzealdera jotzen du. Ildo horretan, amodiorako eszenatoki mugikorra liteke paisaia, meditaziorako aldarea, edo misteriorako atea. Hortik izenburua -aurreko liburuen izenburuekin lotura handia du-, poetaren begirada zeru eta lurraren artean baitago, errealitatearen eta desiraren artean, beti harridurarako prest. Agian horregatik gutxi dira liburuan oroitzapenei heltzen dieten poemak (salbuespenekin, adibidez, XXIII.a). Hala ere, bertsoak oso atxikiturik agertzen dira orainari, poemek argazkien molde eta zentzua harturik. Eta irudi bizi-bizirik dira, ez aldaezinak. Poemak, oso deskriptiboak izanda, lekuraino eta mementora eraman naute. Gerediagaren poesiak, noiz edo noiz, kontzientzia zahar bat berpiztu du nigan.
Irakurlea laster konturatuko da, ordea, poesia oso landua dela, poema bakoitza ahalik eta gehien leundu duela Gerediagak, mamiraino. Eta zer da nahitaezkoena, azken batean? Oso gutxi esanda dena azaldu du, sentipen bat, memento bateko eztanda lirikoa. Eta hain da lasaia idazkera, hain klasikoak gaiak eta jarrera, ezen hunkiturik geratu bainaiz nire baitan hain pintzelkada gutxirekin antolatutako paisaietan sartuta, dena sentitu nezakeela ohartuz, poeta nor den eta gizona non hasi eta amaitzen den bereizi ezinik, zaurituta, batetik, zoriontsu eta osotasunean bestetik.
Gerediagak ez du liburuan erlijioaz zuzenean hitz egin, baina Ni poetikoa oso gutxi azaleratu da atzetik dagoen gizonaz, poeta ondo ezkutatzen da ia poema guztietan izaera zehaztugabe baten esku transzendentala agertu da, naturan gertatzen diren ekintzen bidez adierazi zaiguna, materia gainditzen duen indar ahaltsu eta iragarrezina, eta gizakiaren egotearen kontrapuntu legez aurkeztu dena. Natura, ondorioz, egia baten gordelekua da, egile bilbotarrarentzat.
Aurreko liburuetan bazeuden eta Gerediaga ezaugarritzen duten hainbat bereizgarri errepikatzen dira honetan. Eredurako, poetaren biografiatik oso gutxi antzeman daiteke poemak irakurrita. Darabilen ni poetikoak oso gutxi azaleratu da atzetik dagoen gizonaz, poeta ondo ezkutatzen da begiradan. Horrela, gizonaren (alegia, artistaren edo poetaren) interferentzia eskasa da poemetan. Kontenplazioa bizitza ulertzeko mekanismoa da, baina ez bera denaz jakinarazteko zubia.
Liburu homogeneoa da, baina ez horregatik aspergarria, emeki dastatzekoa, ederra bezain distiratsua. Natura baldin badu gaia, bada hemen giroaz haratago doan dardara bat, poetaren barnemuinetatik sortutakoa, nor den eta zer egiten duen galderei erantzuten diena.
Amaierako XXXII. poemaren lehenengo bertsoetan irakurri daitekeenez: “Gaua handiegia da. Nik / gauak dakiena isildu beharra daukat. (…)”. Egon ziur, Gerediagak poesia erabiltzen du misterioaren komunikaziorako. Mundua arrotza eta ulertezina iruditzen zaigunean, honelako poesiak bare dezake egonezina, kezkak lasaitu, elkartasuna erraztu.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres