kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Mesfida zaitez / Bea Salaberri / Txalaparta, 2024

Atzera begiratzearen beharraz Irati Majuelo / Berria, 2024-04-14

Mesfida zaitez, hala dio Bea Salaberriren azken argitalpenaren izenburuak. Mesfidantza, diskrezioa, klandestinitatea, bakardadea nagusi diren giroa ekarri du fikziora, eta, horien bidez, Euskal Herriko historian isilpean geratu diren pertsona, ekintza eta pentsamendu ugariri egin die leku eleberri honetan. Honenbestez, mesfidantza bai, baina haren gibelean loratzen diren elkartasuna, grina eta ausardia ere ikusarazten ditu idazleak.

Euskal Herriko nazio gatazkaren bi une gako ditu testuingurutzat istorioak. Liburuaren lehen zatia Lizarra-Garaziko akordioaren ostean abiatzen da, eta, milurtekoa igarota, 2000ko hamarkadako lehen urteetako militantzia politikoak, poliziaren sarekadek, Hegoaldeko kideen aterpe bilakatu beharrak, Ipar Euskal Herrian izan zuten eragina azaltzen du. Bigarren parteak, aldiz, Luhusoko armagabetzearen aurreko garaiak islatzen ditu, borroka armatuaren amaierak markatutako erritmo-aldaketa eta gizarteak garai, hizkera eta borrokan egoteko modu berrietara moldatzeko egindako ahalegina. Transformazio horrek utzitako arrastoak eta minak, inertziak eta ilusioak. Memoria lan ederra da, alde horretatik, Salaberrik proposatzen duena.

Memoria ariketa, alabaina, neska gazte baten bizipen partikularretatik osatzen da. Nafarroa Behereko landa eremutik Baionara ikastera, eta, bide batez, mundu berri bat ezagutzera joaten da Laurendia. Gaztetasun alai eta suhartsuak abiarazten du neskaren kontzientzia politikoa, eta ondoren, militantziari emaniko bizi bat, kontraesanak kontraesan. Elkartasunaren printzipioak oinarri nagusi izanik, behar zutenei atea zabaldu zieten laguntzaile anonimoetako bat da Laurendia, ETAren laguntza-sarean ibilitakoen adibide bat, historia kolektiboa eraikitzen laguntzen duena. Halaber, nazio gatazkarekin elkarrizketan, XXI. mendean oraindik ere familiak duen pisua agertzen du Salaberrik, egitura patriarkalek emakumeen bizitzetan eragiten dituzten baldintzapen eta pairamenak argitara ekarriz.

Deskribapenek ezaugarritzen dute eleberri honen idazkera. Xehetasun handiz aletzen dira paisaiak, pertsonaien bisaiak eta janzkerak, ekintzak zein keinuak. Tonu deskriptiboak zeharkatzen du istorio osoa, eta berezko estiloa ematen badio ere idazleari, istorioa hainbatetan kargatuegi bilakatzen da. Alde horretatik, eta deskribapenei uko egin gabe, traman zehar elipsi gehiago tartekatzeak erritmoa arindu eta on egingo liokete istorioari, irakurleari dena kontatzeko beharrik gabe, loturak, hausnarketak, aurreikuspenak bere esku utziz.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak