« Mamu bat gure artean da | Itsaso oso bat tarteko »
Altxa, hildakoak / Fred Vargas (Beñat Irastorza) / Txalaparta, 2023
Hiru ebanjelari eta polizia ohia Joxe Aldasoro / Deia, 2024-04-27
Fred Vargas, Frédérique Audoin-Rouzeau-ren pseudonimoa (Paris 1957), idazle frantziar ezaguna da. Genero beltza arrakastaz landu du eta lan batzuk telebistara eta zinemara eraman ditu. Makina bat sari jasotakoa da. Zientifikoa ere bada eta hainbat lan ditu publikatuta. Ebanjelariak sailaren lehen liburua da Altxa, hildakoak.
Lau pertsonaia ero, zoro, eszentriko, Ignatius izugarria ekarri didatena gogora. Ez dira ezpal berekoak: John Kennedy Toole-ren pertsonaia bakarra eta errepikaezina da: eskrupulurik gabekoa, nazkagarria, zekena, arrazista, koldarra, otzana boteredunarekin eta tiranoa tratu txarrak ematen dizkion amarekin, hori guztia gainik ezagutzen ez duen harrokeria eta handinahikeria itzelarekin nahastuta. Maite dudan piztia gorrotagarria.
Lucien Devernois, Lucas; Marc Vandoosler, Marcos, eta Mathias Delamarre, Mateo, Parisko etxean bizi dira: La Baraçue Pourrie-n. Behar ekonomikoak, zein, pertsonaiak ezagutu ahala, agerian geratzen diren beste batzuk ere, elkartu ditu. Unibertsitate garaiko ezagunak, historia dute lotura. Bakoitzak aro edo alor bana maite duen adina gorrotatzen ditu beste biak. Marc-ek Erdi Aroa maite du; Luciene aditua da Lehen Mundu Gerran eta hizkera militarra erabiltzen du: etxeko alde edo norabideak “fronteak” dira. “Lubakiak” arriskuak ekiditeko edozein ekintza. “Operazioa”, ekintza. “Erretagoardia”, esperoan egotea. “Zelaiko indarren bilakaera”, egoeraren eboluzioa. Mathias aurre-historian da iaioa eta zarpaila du janzkera. Dagokion pisuan dagoenean biluzik egoteko ohitura du. Bizi diren solairua ezagutzen duten aroaren arabera aukeratua izan da: Mathias lehenengoan, Lucien bigarrenean eta Marc hirugarrenean. Laugarren pisuak ere badauka etxea, eta bertan, Marc-en osaba bizi da: Armand Vandoosler. Polizia inspektore ohi zaharra, lanetik gezurra eta hainbat trapu zikin ongi garbitzen ez jakiteagatik kanporatua.
Bada, festarako dena prest. Hildakoa falta. Agertuko da noski, ezin dio hitzorduari huts egin. Nahi gabe, haien bila joan dela esan daiteke. Arraroak izan arren, onak dira, Ignatiusen kontrara; horregatik, agian. Oso onak, adeitsuak eta errespetu handiarekin tratatzen dituztenak parean egokitzen zaizkienak. Kuriosoak, txutxu-mutxu zale apartak, afizioa ezkutatzen ez dutenak, enpatia dosi handikoak. Ezaugarri positibo hauek guztiek dosi egokian nahasturik daude bakoitzaren xelebrekeriekin. Agian, horregatik egin zait hain erakargarria eleberria.
Bada, hiru ebanjelariak eta polizia ustela bizi diren ondoko etxeko lorategian zuhaitz bat agertuko da landatuta, goizetik gauera, literalki, egun batetik bestera. Istorioa abiatzeko sinple bezain originala. Trama gutxika-gutxika joango da korapilatzen. Nahi gabe eta aldi berean, nahita, lau pertsonaiek gero eta lotuago ikusiko dute euren burua arazoan murgilduta. Hala behar du.
Altxa, hildakoak Txalaparta editorial nafarrak (H)ilbeltza sailaren baitan editatu duen seigarren alea da, Beñat Irastortzak itzulia. Beñat izan zen propio genero beltza zabaltzeko Baztango Udalak antolatzen duen lehiaketaren irabazlea. Urte batean Euskal Herriko idazle bati ematen diote saria, hurrengoan, itzultzaile bati. Ekimenak badu hirugarren hanka, antolaketan parte hartzen duten herritarrak, eta publikoa gehitzen badiogu, laugarrena ere agertuko zaigu. Merezi du, ederki merezi ere, saila irakurtzeak.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi