kritiken hemeroteka

8.666 kritika

« | »

Iragaitzaz --ilunbistan-- / Pello Lizarralde / Erein, 2008

Joan-etorrian Mikel Ayerbe / Berria, 2008-06-08

Errealitatearen eta fikzioaren arteko gurutzaketa batetik abiatzen da Pello Lizarralderen Iragaitzaz —ilunbistan— nobela berria. Liburua zabaltzen duen irudia ustekabean aurkitu zuen idazleak, elkarrizketa batean adierazi duen bezala: “egunkarian albiste oso labur eta itxura batean garrantzi handirik gabekoa irakurri nuenean. Albisteak zioen kamioilari baten gorpua aurkitu zutela restop bateko aparkalekuan, kamioiaren azpian; bi egun eman zituen gorpuak han, inor ohartu gabe”. 2006ko urtarrilean atera zen berria egunkarietan. Orain, albiste hori abiapuntu duen nobela aurkeztu du Lizarraldek.

Abiapuntu diot, Martin pertsonaia nagusia hildako kamioilariaren kamioia jaso eta eraman beharreko lekura eramateko agindua jasotzen duen kamioilaria baita. Eta Martinek bere bidaia bikoitzean (hildakoaren kamioiarekin eta ondoren berearekin) egiten dituen ibilerak jasotzen dira liburuan.

Iragaitzaz izenburuko hitzaren esanahiak ezin hobeto biltzen du nobelaren azpiko muina. Entziklopedia batean aurkitutako definizioetako sarrera baten arabera, iragaitzaz hitzak “beste toki batetik etorriz eta beste batera joateko, bertan gelditu eta finkatu gabe” esan nahi du. Definizioa osatzeko adibide bezala, berriz, Axularren aipu bat: “Mundu haur bideazkoen ostatua da, iragaitzaz gare hemen”. Horregatik beharbada, liburua heriotza batekin hasten da, eta amaiera aldera ere, beste heriotza bat aurkituko du irakurleak. Laster, Martinen ezizenak ere, iragaitzaren eta azkartasunaren ideiak eman ditzake aditzera. Izan ere, guztiok gara iragaitzaz mundu honetan, eta zer esanik ez joan-etorrian, pausalekurik gabe, bidaia luzeetan errepidean aurrera eta atzera dabiltzan Martin bezalako kamioilariak.

Lizarraldek berea duen estiloari helduz, Sargori ipuin bilduma zein Larrepetit nobela goraipatuetan bezala, ez dago hari narratibo edo trama literario korapilatsurik. Guztia doa iragaitzaz aurrera, “nora ezak gidatua dirudien norabidea harturik”, eta Martinen ibilbidea unean uneko ezusteko itxura batera garrantzigabeek markatuko dute: beste kamioilariekin eginiko bidaia zatiek, autobus-gidari bilakaturiko lankide ohiarekin izaniko enkontruak, elurra dela-eta La Nava herritik ezin aterata gelditzeak, hildako kamioilariaren semeari hildako aitaren kamioiko gauzak itzultzen dizkionekoak, amarekin telefonoz izaten dituen elkarrizketa behartuek… eta, nola ez, etengabe esperoan dagoen telefono dei horrek.

Bereziki azpimarratzekoa iruditzen zait eszena hauen gainean idazleak eginiko girotze lanaren lorpena. Kamioi gidaria bere baitara bilduta agertuko baita bakarrik dagoenean. Baina beste pertsonaien aurrean ere (izan treneko ama-semeak, izan kamioian hartzen duen gizon zaharkitua, izan bere ama), Martin bakar-bakarrik dago, eta bere bakardadea are nabarmenagoa egiten da Lizarraldek aukeratzen dituen keinuen, esaldien eta bestelako xehetasunen deskribapenen bidez. Sarritan, pertsonaien aho eta ekintzetatik isurtzen diren axola gabeko hitzen atzean ezkutatzen den bestelako zer hori atzeman ahal izango baitu irakurleak, ilunbistan. Deigarria da eszena hauetako pertsonaiak eraikitzeko idazleak erabiltzen duen teknika, hitz gutxi batzuekin eta deskribapen oso zehatzekin ezin hobeki osatzen baitu pertsonaia bakoitzaren izaera. Bitxia da paisaien eta eguraldiaren inguruko xehetasunek pasarte askotan duten indar iradokitzailea ere.

Irakurketa pausatua eskatzen duen liburua izanda ere, une luze-labur horietan fikzioaren eta kontakizunaren baitan barneratzeko aukera eskaintzen baitu Lizarralderen Iragaitzaz nobelak.

Azken kritikak

Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez

Irati Majuelo

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Paloma Rodriguez-Miñambres

Diesel
Bertol Arrieta

Joxe Aldasoro

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Mikel Asurmendi

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Asier Urkiza

Ni, laiko
Markos Zapiain

Nagore Fernandez

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Maialen Sobrino Lopez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Sakelako bihotzak
Julen Apella

Jon Agirre

Emognosia
Mitxelko Uranga

Mikel Asurmendi

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

Hedabideak