« Errealitateari hurbiltzekoa nahiz gure baitakoa lotzekoa | Joan-etorrian »
Bizitza homeopatikoak / Xabier Mendiguren / Susa, 2008
Dosiak eta plazeboa Iratxe Esnaola / Gara, 2008-06-07
Hiztegiari erreparatuz dakigu homeopatia sendabide bat dela, gaixoei dosi minimoak aplikatzean datzana, hain zuzen dosi handietan kalte egingo lieketen substantzia berberak erabiliz. Xabier Mendiguren Elizegik idatzi dituen bi nobela labur hauen arteko lotura termino horren bidez adierazi da. Definizio klinikotik harat, ordea, sentimendu homeopatikoa gauzak orekatzen dituen zerbait da orriotan; ondo eginek eta gaizki eginek erantzun konpentsatuak dituzte, nolabait, kristau ikasbideko bekatu-erredentzio edo ongintza-ordain ideien modura. Liburua zabaltzen duen Dante Alighieri-ren aipuak ere —“Gure bizitza bidearen erdian?” (aurkitu nintzen bide zuzena galduta, amaituko zukeen poetak)— abisatuko ditu noraezean, oreka bila dabiltzan pertsonaiak.
Aurreneko eleberrian (“Bizitzaren sentimendu homeopatikoa” deitutakoan), lehenengo pertsonan ari da liburu saltzaile euskalduna tonu hurbil, konfesiozkoan. Espasa argitaletxeak sustatzaile eta saltzaile aurreratuak transatlantiko bidaiekin saritzen dituela jakinda, dendako erakusleihoa atondu du hartarako: bere ustean Espasa nabarmentzen denez euskal abertzaletasunaren kontra, sail horretako liburuekin “Basta Ya” irudia moldatu du erakusleihoan. Indar espainolistei men egitea eta neskalaguna itsasbidaian Espasako antolatzailearekin oheratzea kausa-ondorio bezala lotuko ditu. Konpentsazio bat egon da hor, abisu dosia, kode morala urratzearen ondorioz.
Baina oreka homeopatikoa gizarteari ere badago lotua eta erantzukizun sozialei bizkar emanez gero ezin da heldu. Horren adierazle dira bikoteak heldutasunera bidean zenbait gairen gainean dituen ezbaiak: euskaltzaletasunaren alde egin ondoren Opusko unibertsitatean lana onartzea, unibertsitate sistema bera, euskal idazle kanonikoen zerrenda? Denek posizio hartzea eskatzen diete. Gizarteak duen garrantzia erakusteko HB legez kanpo utzi ondoren 2002ko irailaren 14an Bilbon egin zen manifestazioaz amaitzen da kontakizuna, protagonista atxilotu dutenean. Kartzelatik idatzi du hain zuzen justiziaz galde eginez: injustizien mundu pragmatikoan oreka homeopatikorik heltzerik ba ote duen batek.
“Bizitzako garairik onena” bigarren kontaketan, Mertxe Oiartzabal, gurasoengandik urruti, Bruselan bizi da Europako Parlamentuan itzultzaile. Bizimodua hankaz goratu zaio aita gaixorik dela amak hura ez duela zaindu nahi erabaki duenean. Itzultzera behartuta, berekoikeria egotzi nahi lioke amari eta haren obligaziotzat luke aita zaintzea. Egoerak gogoetara eraman du altruismo eta egoismo, zordun sentipen eta abarren gainean. Biziaren gurpilak ustez arduragabe jokatu zuen kontuekin zorrak kitatzera eramango du azkenik.
Konpentsazioa zuzenaren eta okerraren parametroetan kokatu da. Oker dosia ongintza dosiekin orekatu da (errespontsabilitatearen esanahia du hemen). Asmatu uste da harmonia bat legokeela kontzientziaren muinean, zer den on eta txar zigor eta satisfazio mekanismo bitxien bidez seinalatuko lukeena. Ostera, aurreneko narrazioan ikusi bezala, norbere erabakiez aparteko faktoreek baldintza dezakete hori. Hortaz, nolabaiteko justizia araurik balitz, haren iturburua ezezaguna litzateke, eta dosiak nola aplikatzen dituen ezin jakinik, pentsatzen jarrita, jainko ahalguztidun baten antzik ez litzaioke falta.
Bekatu egin eta askespena jasotzean kristauak benetan uste du libratu dela egindako gaitzetik. Baina pertsonaiok nola lortu beren bizibidearen erdian oreka aitortzarako aukera gabe? Eurentzat plazeboa da ekintzekin iragan akatsak garbitzea. Irakurleak izango du plazebo honen berri. Literaturaren maitaleak, irakurriz zein idatziz, inoiz kontsolamendua bilatu du letren artean; hots, sendabide faltsu honen bidez sintomak sendatu zaizkio, uste edo espero izatean hala izango zela. Agian irakurleen noraeza neurriratuko da homeopatiaren hastapenetako baten arabera: antzekoa antzekoaren bidez sendatzen da.
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi