« Berria zahar | Dosiak eta plazeboa »
Antzararen bidea / Jokin Muñoz / Alberdania, 2007
Errealitateari hurbiltzekoa nahiz gure baitakoa lotzekoa Mikel Asurmendi / Irunero, 2008-06
Negu aldean irakurri nuen Antzararen bidea puska ederra eta udaldiaren atarian ekin diot berriz ere. Bigarren aldion, orainokoan, sartze laburra egin dut. Taxuzko zerbait idatziko badut, nire burua girotzeko eta pertsonaiekin berriz sintonizatzeko hurbiltze doi-doia.
Eleberriak eskaintzen dizkigun bi eremuetako baten aldean —Donostia— bizi naiz, itsasertzean —Hendaian—. Alde honek zerua nahiz mundua, aldian urdin aldian grisa, azaltzen dizkigu, baita espektroaren beste koloreak ere. Nobelako beste eremua berriz, lehorra da: Bardeak —Trilluelos—. Bigarren hau duzu istorioaren abiapuntua. Bardeak ez da itsasoa, baina lurraz batera, itsasoa legez imajinatu zenezake. Alderik alde, biziki koloretsua da Antzararen bidea. Gure iraganeko —1936ko Gerra Zibileko— ozeano ahantzia kolore biziz margotu digu eleberrigileak.
Ez zaitez nire eleotan galdu irakurle. Jokin Muñoz eleberrigilearen antzo, neronek ere metafora hartu dut baliabide bere lana azaltzeko.
Gure herria —herri imajinarioa— paisaia edota aburu anitzek osatuta dago. Demagun, “Euskal Herria sozialista eta independentea” dela imajinatutako horietako bat. Urte luzetan Euskal Herriaren izate hori uste zabaldua izan da gure imajinarioan, eta demagun ere, Euskal Herri hori Gipuzkoako Goierrik, Beterrik edo Bizkaiko Txorierrik edo Arratiak osatuta dagoela. Alta bada, beste paisaiak, kolorek eta bizipen askok ere osatuta dago Euskal Herria. Kasurako, Erriberak ere osatuta dago Euskal Herri erreal hori.
Euskal Herria izan badago, kulturala batez ere, eta espresio anitzak ditu horregatik. Eta burujabea izateko eskubidea ere badu. Haatik, imajinatua gorpuztera iritsiko bagara erreala hobeto ezagutu beharra daukagu. Politikagintzak eta honen jarduerak hedabideen bidez Euskal Herriari buruz sorrarazten dituen hitzak ez dira nahiko Euskal Herria eta bere historia azaltzeko.
Jokin Muñozek literatura hartu du horretarako bitarteko. Literatura du begiko lurraldea —imajinarioa— eta begiko bitartekoa Euskal Herria erreala ezagutzeko eta deskribatzeko. Antzararen bidea-n Euskal Herriko historiaren iragan berriaz erretratu koloretsua bezain gardena egin digu. Horren garden egin ere, ezen idatz moldearen gardentasunean Euskal Herriko lur arrea nahiz ur nabarra ikusteak min egiten digula.
Paisaia horretan pertsonaiak ez dira oharkabean iragan noski. Lisa, Gigi eta Jesus gure iraganaren eta orainaren arteko lekukoak eta adierazleak dituzu. Hori ezezik, pertsonaia hauek gure iraganaren eta orainaren lotzaileak dira. Lotuaren adiera, kasuon, bizidunak artatzeko edo sendatzeko modura ulertu behar duzu.
Eleberriko pertsonaiak burua moztutako antzaren moduan dabiltza. Bururik gabe, gogoa iraganean duten pertsona hauek zailtasunak dituzte munduan. Antzararen bidea-n sartzen bazara, alegiazko mundu batean eginen duzu bide, eta mundu hori alegiazko izanagatik, bidaiak Euskal Herria erreala hobeto ulertzen lagundu diezazuke. Literaturak eta metaforek errealitatearen krudela lotzen —sendatzen eta artatzen— lagunduko dizute.
Neuri behintzat, gure errealitatera hurbiltzeko nahiz nire baitakoa lotzeko eztigarria izan zait Antzararen bidea.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez