« Denbora | Hutsune arrunta kontakizun »
Zulo bat uretan / Iñigo Aranbarri / Susa, 2008
Historia ez, memoria Aritz Galarraga / Gara, 2008-05-31
Hamalau urte luze joan dira Iñigo Aranbarrik bere azken (eta bide batez, lehenengo) nobela, Emon biar yako, argitaratu zuenetik. Poeta gisa beti, baita azken urteotan saiakeragile moduan ere, nabarmendu izan da Aranbarri, baina izango zuen zerbait 94ko nobela hark, Zulo bat uretan bigarren eleberri hau hain gogotsu hartzeko, bai neronek, bai kritikak eta prentsak, oro har, bai eta irakurleek ere (Donostiako Azokan euskarazko libururik salduena izana horren adibide). Gogotsu hartu, gogotsu irakurri eta gustura asko geratu naiz liburua itxi ondoren, nobela ongi harilkatu eta interesduna oso irakurri izanaren sentsazioarekin.
Nobelaren disekzioa egin behar eta Zulo bat uretan honek, bat ez, gutxienez hiru zulo dituela esango nuke nik, narrazioan elkarlotzen diren hiru istorioena, hain zuzen: lehenengoa, pisu handienekoa, Itoizko urtegiaren ingurumarian gertatzen da eta Larraingain fikziozkoaren hilerriko hezur batzuekin du zerikusia; bigarrenak, denboran atzera egin eta Hitlerren marinelek La Platan izandako itsas bataila du ardatz; hirugarrena, eta ez nahitaez azkena, Argentinako diktadurapean airetik itsasora jaurtitakoez mintzo da, besteak beste. Liburuko pertsonaia nagusiak ere hiru dira: Imanol Arellano kazetaria, batetik, “historiaren zabortegian galdu aurretik oroimenak berreskura ditzakeen istorioak direla nire galbidea” adierazi duena; lehen aipatutako hiru istorioen gainean lan egiten du nobelan zehar. Maite Andueza antropologo-forentsea, Itoizko urtegia bete aurretik hezurrak lur azpitik atera eta aurreikusita ez zegoen hezurdura baten bila aritu beharko duena. Eta, hirugarrena, Oscar Iriarte etorkin argentinarra, “okerreko hariez egindako amarauna”, iraganaren mina bizkar gainean dakarrena.
Eta ez ditu hari gutxi josi Aranbarrik nobela bakarrean. Baina, besteren gainetik, akaso, eder askoa egin zait niri kazetariaren kontraesanak hain gordin irakurtzea: zalantza egiten du Arellanok egiten ari dena ongi egiten ari den, kazetaritzak zerbaitetarako balio duen, urrunekoak edo gertukoak, zerk merezi duen arreta? “Hitlerren marinelen bizitzaz arduratzen hasi emigrazioaren mila istorioetako bat kontatu didatelako. Harako hartan ibaiak eramandako emakumea osatu zahar egoitzan ikusitako argazki batetik (?) Kontua da harrapatuta nindutela istorio biek”. Azkenerako, garrantzia handiagoa emango dio Itoizko hezurren kontuari denboran eta distantzian urrun direnei baino. Ezen kazetaritzak eta literaturak bat egin baitute liburu honetan, bat egin baino, elkar topo egin dute, bi animalia ezezagun bailiran, begietara begiratu, batak bestea usnatu, eta elkarri lotu ez lotu ariko balira bezala. Eta ez naiz narrazioaren estiloaz ari, bi jardunok bete beharreko funtzioak, hartu beharreko eremuak dira hemen ibiltzen direnak. “Egunerokoaren idazlea duk kazetaria”, irakurriko dugu uneren batean. Eta hori guzti hori nabarmentzekoa den idazkera batean. Kontatzen dena interesantea bada, interesagarriagoa da nola kontatzen den: garbi, zehatz, harira egiten du narrazioak. Ez pentsa, haatik, dena murtxikaturik eman zaigunik, irakurleak berak osatu beharko baititu askotan iradoki edota, zuzenean, jan egiten direnak.
Liburutik kanpo Iñigo Aranbarriri entzundakoak dira hitz hauek: “historia datuen zabortegi bat da, eta memoria bizidunak eta hildakoak lotzen dituen hari bat”. “Hik memoria maite duk, ez historia” errepikatzen omen dio sarri lagun batek Imanoli. Irakurtzeko modukoa da, ezbairik gabe, horiek eta gehiago hunkitzen dituen Zulo bat uretan hau.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez