kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Gizarte irekia eta haren etsaiak / Karl Popper (Josu Zabaleta) / Pentsamenduaren Klasikoak, 2007

Platonen ikonoklasta Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-05-18

Karl Popper, gure akademikoek izen ezin itsusiagoarekin euskaratu duten gnoseologiaren filosofoa: faltsazionismoarena alegia; erran nahi duena jakintzak ez duela balio absoluturik, behin-behinekoa baizik, une bateko ezagupenak geroko aurkikuntzek zuzendu edo aldatu artean egiatzat har daitezkeela. Popper, ondorioz, erlatibismoaren kontrako filosofoa: gure egiak ezin baitaitezke absolutuak, guztiz ziurrak, izan, baina ezta erlatiboak ere. Popper, totalitarismo eta kolektibismoen kontrako filosofoa, dela arrazaren izenean (nazismoa jomugan), dela ideologia baten izenean (stalinismoa eta marxismoa ituan), irudikatuak. Popper, determinismoen kontrako filosofoa. Popper, indibidualismoan oinarrituriko demokraziaren aldeko filosofoa, gobernuak iraultzarik gabe aldatu ahal daitezen. Popper, “pixkanakako gizarte-ingeniaritza”ren (“gizarte- eta instituzio-ingeniaritza”, erranen nuke nik) aldeko filosofo politikoa, eta, nahi gabe ere, planteamendu teknokratikoei oinarri filosofikoa eman zien horixe. Eragin handikoa XX. mende amaieran, kapitalismoa garaile atera zeneko garaietatik hona, gaizki deituriko neoliberalismoaren zutabe filosofikotzat jo izanda. Haren lanetan hau dugu euskaraturiko bakarra, garrantzizkoenetariko bat, dudarik ez.

Josu Zabaletak euskaratu du meritu eskergaz. Bertan, Platon eta Marx hartu zituen ardatz Karl Popperrek totalitarismoak jipoitzeko, bien ala bien ekarpen politikoak aztertuz. Euskaraz, zein mardula den Gizarte irekia eta haren etsaiak lana, bi zatitan ateratzea erabaki du argitaletxeak, eta lehena, Platoni buruzkoa, dugu gaurkoa. Honi filosofo politiko gisa egiten dion kritika suntsitzailea da, guztiz ikonoklasta eta kilikagarria bere zorroztasunean (eskandalagarria ere platonismoaren estereotipo idealizatuarekin maitemindu guztientzat), totalitarismo guztien iturri intelektualtzat joz greziarra. Platonen sofokrazia (jakintsuen gobernu eredua) salatzen du gogor, haren atzetik asmo zehatz bat ikusiz: demokraziaren etsai (Espartako diktadura zale eta Atenasko demokraziaren aurkari) dugu Popper-en Platon. Honek, Popper-en uste zorrotzean, Historiaren bilakaera geldiarazi nahi bere ideien eta itzalen filosofian oinarriturik, eta aristokraten esku jarri gura izan zuen betiko gobernua, leinu garbikoak zirelakoan Leize-zuloaren Fabulako ideia perfektu eta benetakoen lehen itzalak, perfekziotik hurbilenak, onenak; eta demokratek eta jende arruntek itzal horien lausotzea, endekatzea baizik islatzen ez zutelakoan. Platon bera, jakina, leinu garbikoen semea ei zen.

Azterketa sakonean zehar, ez sistematikoki baina kritikaren kontrapuntua, alternatiba, aletzen doa Popper, bere pixkanakako gizarte- eta instituzio-ingeniaritza alegia. Horretan daude, ene ustez, Popper-en kontraerran batzuk. Platonen sofokraziatik hurbilegi nonbait, historiaren bilakaera geldiarazi ez, baina bai mantsotzeko; eta Platonen sofokrazia-tik hurbilegi dirudielako azken buruan Popperrengan sustraiak errotu dituen teknokraziak. Susmatu du, ongi susmatu ere, Popperrek Platonen ideien klase-jatorria, baina klaserik gabeko gizarte batean egonen bagina bezala planteatzen du bere “pixkanakako gizarte-ingeniaritza” alternatiboa (klase-borroka denez Popper-en mamu politiko bat).

Merkatu murritza izanen du liburuak gure artean. Ezer gutxi, mundu akademikotik kanpo. Baina irakurgarritasun polita lortu du itzultzaileak, eta gaurko arazo politikoei buruzko teoriek kezkatzen duten edozein irakurlek, filosofian aditua ez izanik ere, badu hausnartzeko zuhain-landare freskoa.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak