« Zakur kale | Hitzen mekanika magikoa »
Txantxetan ari zara, Tanner jauna / Jean-Paul Dubois (Mikel Garmendia) / Alberdania, 2007
Bizitza, obretan Inma Errea / Diario de Noticias, 2008-04-06
“Idaztea bizitzaren jarraipena da. Soila izan behar du, aise heldu, egunak heltzen diren bezala”. Hitzok, 2004ko elkarrizketa batean esanak, Jean-Paul Duboisenak dira, Txantxetan ari zara, Tanner jauna liburuaren egilearenak, eta literaturaz idazle horrek duen ikuspegia laburbiltzen dute.
Jean-Paul Duboisek (Toulouse, 1950) ideia ezohikoak ditu literaturari buruz, eta haren liburuak ere —hemezortzi, 1984tik hona— ez dira oso arruntak. Duboisek izugarrizko arrakasta lortu du Frantzian azken urteotan bere liburuekin, gaiak zein haiek jorratzeko erak elkarren artean oso diferenteak izanda ere. Arrakasta horren arrazoiak azaldu nahian, hau esan zuen Duboisek, iaz, argitara eman duen azken nobela (Hommes entre eux) dela-eta emandako elkarrizketa batean: “Badira momentu batzuk, oraingoa kasu, non, arrazoi zehatzezinak medio, bat egiten baituzu jendearen bizipenekin”.
Txantxetan ari zara, Tanner jauna eleberriak —Mikel Garmendiak egin duen erako itzulpenari esker Duboisen idazlanetan euskaraz irakur dezakegun lehenak— jendea elkartzeko balio duten gai horietako bat jorratzen du: etxeko obrak. Jende askok ikusiko du bere burua islaturik narrazio honetako pasadizo batean edo bestean. Eta bere etxean obrak egin beharra pairatu duen orok bat eginen du eten gabe nobelako protagonistarekin.
Paul Tanner protagonistak herentzian etxe handi eta zahar bat jaso eta hura konpontzeak eragindako obra-zirimolaren erditik kontatzen dizkigu behin obretan sartuta gertatu zaizkion guztiak, eta bide batez, obran aritzen direnen erretratu zehatzak egiten dizkigu.
Kontakizun dibertigarriarekin irakurleek hartuko duten gozamenaz gain, erretratu-bilduma hori da, nire iritziz, nobela honen lorpen handienetako bat, gizarte mendebaldarretako bizimoduen berri zorrotza ematen baitigu Jean-Paul Duboisek, igeltsero, iturgin, argiketarien eta etxegintzako beste langileen inguruan arituta. Bestelako lanbideetako batzuk ere, notarioak kasu, erretratu-sortan sartu ditu Duboisek.
Egilea, bestalde, ez da konformatzen gertaeren kontakizun hutsarekin, eta gogoetarako gai bilakatzen du etxegintza. “Sekula ez gara etxe baten jabe. Okupatu egiten dugu. Onenean ere, hantxe bizi gara”, dio batean. Eta beste batean, obrek sexu-grina oro suntsitzen duela aitortzen digu. Aurrerago lege orokortzat jotzen ditu gremioen arteko ezinikusiak. Baina agian hausnarketa sakonena metafora hau da: “Hainbeste zulo estali eta hainbeste espazio bete ondoren, barrutik hustua sentitu. Hain hustua. Eta bakarrik”.
Duboisek umore garratza eta apaindurarik eza baliatzen ditu, kontakizuna harilkatzeko. Narrazioa pasarte laburrez osatua da, non idazkera zuzenekoa eta artifiziorik gabea baita, zeharbide gutxikoa. Hori guztia bat dator egilearen literatur-irizpideekin: Duboisek —bere burua John Updike, John Fante, Cormac McCarthy, Philip Roth edo Charles Bukowski idazle amerikarren miresletzat jotzeaz gain— maiz aldarrikatu du soiltasuna, literatur balio gisara.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi