kritiken hemeroteka

8.811 kritika

« | »

Gu, nafarrok / Xabier Zabaltza / Alberdania, 2007

Arragoa Aritz Galarraga / Gara, 2008-03-29

Nafarroa, arragoa” zioen Xabier Leteren kantu ezagun hark eta ezin esan okerreko ezer esan zuenik, ez horixe: elementu desberdin ugari nahasten diren lekua da Nafarroa, nortasun bat eta bi baino gehiagoren (presio?) eltze, desio askoren erdigune. Gainera, euskal abertzaletasunak Nafarroa berraurkitu duenetik eta nolabaiteko zentraltasun politikoa (maila espiritualean, nahi bada) aitortu dionetik, protagonismo handiagoa hartzen ari da. Horrek badu isla literaturan ere, eta zentzu hertsiagoan saiakeragintzan. Hala uler daiteke, adibidez, azkenaldian nafar auzia, aldez edo moldez, hunkitzen duten hainbat libururen agerpena: Aingeru Epaltzak Bezperaren bezpera kaleratu du orain gutxi; Santi Leonek Euskal Herri imajinario baten alde lana; eta aste honetan aipagai dugun Xabier Zabaltzaren Gu, nafarrok liburua ere talde horretan sartzekoa da. Nafarroaz hitz egiten da, beraz, azkenaldion eta, zalantzarik gabe garrantzitsuagoa dena, Nafarroatik hitz egiten da. Autoreok horren adibide. Eta ezin uka, halaber, halako aire berri bat dakarkiotela euskal pentsamenduari.

Aipatutako hiru saiakera horietarik bat dugu eskuartean (etorriko dira besteak), esan dugu, Xabier Zabaltzaren Gu, nafarrok testu laburra (ozta-ozta 110 orrialde). Zabaltza tuterarra Historian doktore da, eta nazionalismoan aditu. Bi liburu argitaratu ditu aurretik gai horien inguruan: Mater Vasconia. Lenguas, fueros y discursos nacionales en los países vascos (Hiria, 2005) eta Una historia de las lenguas y los nacionalismos (Gedisa, 2006). Gu, nafarrok lan honetan errepasoa egin die Nafarroaren inguruko hainbat konturi eta, oroz gain, lehen aipatutako Nafarroaren arragoa izaera nagusitu zait liburua irakurri ondorenean. Berrazterketa egin zaie hamaika konturi, baina tesi nagusi batetik abiatuta beti: Nafarroan bi komunitate ezberdin eta ezberdindu sortzeko arriskua egon badagoela. Lagun batek komentatzen du liburu baten ideia berriak, askotan, hitzaurrean edo lehenengo atalean daudela. Gainontzeko atalek ideia berak garatzen dituztela, kontzeptu berririk atxiki gabe. Ez dut esango Zabaltzaren liburuarekin horixe bera gertatu denik, baina bai lehenengo ataletik bertatik lerro nagusiak nahikoa ezarriak geratu direla. “Espainia eta Euskal Herria nazio gisa irudikatu baino lehen zegoen nafar sentimendua bi nortasun nazionaletan zatitu zeneko prozesua” aztertzeko asmoa erakutsi da sarrera hitzetan, aurrerago egun hain usu erabiltzen den nafartasun edo navarrismo kontzeptua ez dela existitzen defendatzeko. Bi nafar nortasun daude Zabaltzarentzat: espainola eta euskalduna. Eta horiek aipatzearekin batera euskaltzaletasun eta erdaltzaletasun berri bat asmatu beharra ere nabarmendu du, Nafarroaren izaera kontuan hartuta: euskal nortasunik gabe ez da ulertzen, baina bakarrik euskal nortasunarekin ere ez.

Akaso saiakeraren laburtasun eta arintasunak eraginda, kontzeptu batzuk behar baino gutxiago defendatu eta garatu direnaren sentsazioa izan dut liburuan zehar. Kontziente da Zabaltza erronkaren zailtasunaz: “badakit hipotesi guztiak bezala, nafartasunik eza zaila dela frogatzen”, eta gero behar baino adibide gutxiago jarri ditu, labur jokatu du. Eta, kasu, ez naiz liburuko tesiak ezeztatzen ari (hemen aitortu beharko ez nukeen arren, horien gehiengoarekin bat egingo bainuke, gainera), baina bai horien plazaratzeaz. Gehiago da, hala ere, liburuak sortu didan grina eta ezinegona. Baina horixe da, hain justu, pentsalari bati eskatu behar zaiona: eztabaidarako ideiak planteatzea.

Azken kritikak

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak