kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Parmako Kartusia / Stendhal (Jon Muñoz) / Alberdania-Elkar, 2007

Fabriceren abenturak eta desbenturak Beñat Sarasola / Berria, 2008-03-09

Begiratu azkar batean, azken urteotan batez ere Literatura Unibertsala bildumaren eskutik egin den lan eskerga kontuan izanda ere, oraindik lehen mailako literatur lan ugari geratzen direla euskaratzeke ohartzen ahal gara erraz asko. Narratibara lerratuz soilik gure begirada: Henry Fieldingen Joseph Andrews, Goetheren Faust, Honore de Balzac-en Illusions perdues, Marcel Proust-en À la recherche du temps perdu edo James Joycen Ulises, esaterako, horietako batzuk baino ez lirateke; bada, multzo horretan zegoen, halaber, Stendhalen La Chartreuse de Parme harik eta Jon Muñozek itzuli eta duela hilabete batzuk argitara eman den arte.

Liburuan Fabrice Valserra, Del Dongo dukearen bigarren semearen bizitza gatazkatsua kontatzen da. Frantziako Iraultzaren ondorengo urteetan kokatua, XIX. mendearen lehen erdiko gatazka politikoen —errestaurazioaren aldeko kontserbadoreak eta iraultzaileak— eta aristokrazia eta kleroaren erretratu bikaina eskaintzen digu. Aristokrazia italiarraren dekadentziaren erretratua, zehazkiago esanda. Baina Parmako kartusia, funtsean, abentura eta amodiozko nobela da, Fabriceren abentura (Waterlooko batailatik Farnesio dorreko gotorlekuko iheseraino) eta amodioena (Mariettatik Cleria Contiraino).

Izan ere, XIX. mendeko nobela sendoenetakoa da honakoa, eta plazerez irakurri ahalko du nobela molde klasikoak maite dituen egungo irakurleak. Luzea izanagatik, ez da, inolaz ere, testu neketsu eta aldrebesa. Stendhalen idazle esku bikainak (eta Jon Muñozenak, bidenabar) izango du zerikusirik honetan guztian. Esku hau bereziki agerikoa da zenbait momentutan: arestian aipatu Waterlooko bataila famatuaz aparte (besteak beste, Balzac eta Leon Tolstoik biziki goraipatua), miresgarria da Fabrice eta Cleriaren arteko begirada eta komunikazio jokoa nola gauzatzen duen idazleak, “gure heroia” gotorlekuan giltzapetua dagoen bitartean.

Erromantizismoaren eta errealismoaren artean kokatu ohi da Stendhalen lana, eta narrazio honetan ere bietariko elementuak topa daitezke. Maitasunaren tratamendua eta Ferrante Palla poetaren figura, esaterako, aski erromantikoak direna nahiko garbi dago; haatik, Stendhalen beste nobela garrantzitsuarekin batera —Le rouge et le noir—, Parmako kartusia nobela errealistaren aitzindari garrantzitsuenetakoa izateagatik lortu du, batez ere, sona handia. Deigarria egiten da, ildo honetan, aristokraziako jukutriak eta pertsonaien barne-psikologia —“kontzientzia jarioa” modernistaren aurrekaritzat har litekeena— nolako zehaztasunez deskribatzen diren, narratzaileak berak nobelaren amaiera aldera aitortzen duen gisara: “Irakurlea zertxobait nekatuta egongo da, beharbada, prozedurako zertzelada horietaz, eta ez gutxiago gorteko azpijoko horietaz guztietaz”. Baiki, printze, duke, konde, markesa, fiskal eta kalonjeen arteko azpijoko eta liskarrak etengabe aurkituko ditu irakurleak xehetasunez deskribatuak, batez ere narrazioko bigarren erditik aurrera. Aipatu beharra dago, dena den, Stendhalek oraindik ez dituela espazio deskribapen zorrotzak ematen, urte batzuk beranduago, besteren artean, Balzacek eta Gustave Flaubertek egingo duten bezala, eta, beraz, adibidez, kontakizuneko tarte handi bat Parman jazotzen bada ere, bertako lekuak minimoki deskribatzen direla.

Gauza jakina da, klasikotzat hartzen diren liburu ugari nagitasunez hartzen direla esku artean. Edonola ere, Parmako kartusia Udaran irakurtzekoak izeneko zerrenda amaigabeetan goiko postuetako bat merezi duen nobela dela iruditzen zait, ezbairik gabe.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak