kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Euskal Herri imajinario baten alde / Santi Leone / Elkar, 2008

Asmazio askatzaileen alde Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-03-09

Irakurle porrokatu honek, hilabete zenbait duela sail honetako kritika literaioei emana, bertzeak bertze, historia irakasle ere nauzuen honek, erantzun bat eman ohi die ikasleei, “zertarako balio du historiak?” galdezka hastean: “Horixe da, maitea, historiaren arazoa: jende gehiegik gauza gehiegitarako baliatu nahi duela historiaz!”.

Horrekin sinetsirik, kitzikagarri izan zait Santi Leoneren liburu hau, izenburutik bertatik hasi eta haren sei atalek prometatzen dituzten fruituetaraino. Espezializaturik dago egilea historiari buruzko diskurtso historikoetan, hain gai kuttuna modernia osteko garaiotan, eta, bere doktore-tesia oinarri, Los fueros de Navarra como lugar de la memoria eskaini zigun. Orain euskarazko liburu honek, ikerketa akademiko haren tresneria eskuan, gaur eguneko nazionalismo askotako diskurtso historiko-politikoei bisturi zorrotza sartu die.

Izenburuan bertan dugu Leoneren aldarria: Euskal Herri imajinario baten alde. Horrela, lehen ataletan, nazionalismoen (batzuen) aurka jotzeko asmoz nazioak guztiak asmazio hutsak direla dioten diskurtsoei hartu dizkie neurriak. Gure artean ohikoa ez den modu batean erantzuten die egileak diskurtso horiei: nazio asmatzearena bere eginez, baina asmazio eta gezur kontzeptuak bat egiteari ukoan. Asmazioak ere, irudimenezko izakiak ere, errealitate kulturaletako kontuak dira. Eta “asmatua izatea gezur ideologiko eta antzu gisa ikustetik fikzio emankortzat jotzera doan mugimendua guztiz askatzaile gerta liteke”, dio.

Gero, gaurko nazionalismo mota desberdinen esentzialismoari egiten dio aurre, nazionalismo espainiarra eta Nafarroa ardatz duten bi diskurtso nazionalistak (espainiar zalea eta euskal zalea) jo puntuan. “Espainia: hiru mila urteko historia?” galde egiten du ironiaz hirugarren atalak, eta hurrengo biek navarrismo-aren “ziurtasun absolutuak, egia eztabaidaezinak” eta Nabarralde mugimendu berriaren “estatu galduaren bila” ibiltze hori errefusatzen dituzte, molde bakarrean egindako moneta berbereko aldea eta ifrentzua direlakoan. Historiaren zalekeria, manipulazioa eta gehiegizko erabilera interesatua leporatzen die hirurei.

Irakurle honek oso begi onez ikusten du historiografia berrien ardura, hainbat mendetako eta gaurko diskurtso historiko-politikoak aztergai hartzen dituena: erran nahi baita diskurtsoak euren baitako mintzoetan aztertzen dituena. Alta, Santi Leone baino dezente zaharragoa, bertze belaunaldikoa eta historiako kontuak bertze ikuspegi ekonomiko eta sozio-politikoagoetatik ikustera emana izan naizen aldetik, badago zerbait sarri faltan sumatzen dudana horrelako ikerketetan: alegia, diskurtso horien erro ekonomiko eta sozio-politikoak, hala hierarkia bateko talde sozialekiko haien erlazioa, nola zein botere-mekanismoei esker lortzen duten hegemonia diskurtso batzuek, bertzeen kaltez. Diskurtso hutsen azterketari bertze osagai horiek gehitu izan balizkio Santi Leonek, Nafarroari buruzko bien parekotasunarekin batera haien arteko diferentziak ere zehaztu zituzkeen. Baina bistan da, egilearen hautua ez da izan diferentziak aztertzea —azaleko begirada batean guztiz diferente agertzen baitzaizkigu bi diskurtsoak—, alderantziz baizik, haien sakoneko antzekotasunak azaltzea.

Azkeneko atalak, galbiderik gabeko ibilbide diskurtsiboari jarraikiz, Euskal Herri imajinarioa aldarrikatzen du, garapen luzeagoa mereziko lukeen ideia, ene gusturako.

Saiakera irakurterraza, labur-laburra, emankorra berez, hausnarketa gehiagoren egarriz uzten gaituen horietako bat. Biziki eskertzekoa.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak