kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Volksgeist - Herri gogoa / Joxe Azurmendi / Elkar, 2007

Herri gogoa eta dinosauroa Beñat Sarasola / Berria, 2008-02-24

Trilogia bateko bigarren liburua da Volksgeist – Herri gogoa: Ilustraziotik nazismora hau, 2006an argitaratutako Espainiaren arimaz haren aurrekoa. Trilogia atzekoz aurrera argitaratzen ari da, eta, honenbestez, lehenengo liburua UEUk berriki argitaratu duena da, Humboldt: hizkuntza eta pentsamendua izenekoa.

Volksgeist kontzeptua sakonki aztertzen duen saiakera da honakoa, bere sorrera (Hegelek asmatua) baino lehenagotik hasita beste zenbait deribazioetaraino. Kontzeptu hau jaurtigai modura erabilia izan da maiz euskal abertzaletasunaren kontra (Mikel Azurmendik, Jon Juaristik, Juan Pablo Fusik…), eta Joxe Azurmendiren asmoa pentsalariok Volksgeista gaizki ulertu eta erabiltzen dutela salatzea da. Bere tesi nagusia honakoa da: auzia ez dago Volksgeist kontzeptuan, baizik eta kontzeptu honen ulertzeko moduan. Alegia, jatorrian (Herder-Hegel-Savigny), Volksgeistak ez du zerikusirik inolako planteamendu arrazista eta esentzialistekin, kontrakoa baizik, hizkuntzaren gaitasun autokreatzaile eta, beraz, antiesentzialista seinalatzen du.

Hala, arrazialismoaren eta arrazismoaren sorrera lotuagoa dago XIX. mendeko bigarren erdiko positibismo zientifistarekin eta, bereziki, Charles Darwinen teoriekin, Volksgeistarekin baino.

Debateak teknikoegia irudi dezake, espezialisten arteko ezbai antzua, eta Azurmendik berak aitortu duen gisara, Volksgeista ikerketa akademikoan baztertu samarra dagoen terminoa da. Haatik, Volksgeistaren eztabaidak, eta, ondorioz, liburuak berak, egun pil-pilean dauden gai asko ukitzen ditu: modernitatea (ilustrazioa eta erromantizismoaren arteko harremana), nazionalismoa, arrazismoa, zientifismoa… Ildo honetan, gauza kuriosoa da Azurmendik idazten dituen kontu askok eta askok gaur egun zenbait testuingurutan postmoderno etiketaren pean hitzetik hortzera entzun daitezkeen ideien antz handia dutela, soilik eta gehienez ere Heideggerreraino iristen dela bera —ez dago Michel Foucault, Gilles Deleuze, Jean François Lyotard eta enparauen arrastorik ere—. Honek guztiak aditzera ematen digu, bidenabar, erromantizismoaren, idealismoaren eta bitalismoaren irakurketa zorrotzak postmodernitatearen balizko haustura errotikakoa dezente erlatibizatzen duela, nahiz eta hau guztia liburu honen asmo nagusietatik urrun geratzen den.

Liburua maila handiko saiakera da, oso zorrotz eta dokumentatua, badaude ezin hobeak diren orrialde batzuk —esaterako, bi modernitateen bereizketa azaltzen duenekoak—, baina zalantzaren bat sorrarazi dit orobat. Izan ere, uste dut liburuaren edizioa aski hobe zitekeela. Azurmendiren prosa berezia errespetatzea erabaki bikaina iruditzen zait, bereziki zenbait idazkera unibertsitario ortopedikoen aldean, baina uste dut testua apur bat gehiago ordenatu eta orraz zitekeela. Bestetik, aipuei dagokienez, eskertzekoa da Azurmendik hartzen duen lana bere tesi oro beste testuen bidez “frogatzeko”, baina ez da erabiltzen irizpide finkorik. Aipuak nahasi samarrean ematen dira, batzuetan jatorrizko hizkuntza erabiliz, beste batzuetan ez, batzuetan paragrafoka bereizturik, bestetan ez eta abar. Inpresioa dut edizio lan on batek lagundu lagunduko lukeela liburua irakurlearengana eramaten, eta pena da horren faltan zenbaiti liburuak atzera eragitea.

Liburua irakurri bitartean irudipena izan dut aski interesgarria datekeela liburua gaztelaniara itzultzea, autokontsumoan ez erortzeko eta akaso eztabaida interesgarria sorrarazi lezakeelako Espainiako intelligentsian; baina esnatu eta baiki, dinosauroak hantxe jarraitzen zuen.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak