« Mozorroaren xarma | Haragiaren komunikazioa »
Azeria eta Lehoia / Edorta Jimenez / Txalaparta, 2007
Itsasoko piztietan piztiena Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-02-24
Baleen berbaroa (1997), Sukar ustelaren urtea (2004) eta orain gutxi, iazko azaroan, Azeria eta Lehoia, horiek ditugu Piztien itsasoa trilogia osatzen duten hiru eleberriak. Hamar urte iraun duen asmo bati amaiera eman dio egileak: itsasoko piztien inguruko nobelagintza historikoa, non gerraontziak baitira piztietan piztienak. Gaztelako Felipe II.aren Itsas Armada Garaiezina hartako piztia itzelak astunegiak izan ekaitzei, haizeei eta ingeles piztia arinago eta prestuagoei aurre egiteko, eta guztiz deseginda suertatu ziren Ingalaterrako kostaldeen aurrean, irlak Trentoko ortodoxiaren pean jartzeko asmoz joanda.
Hirugarren emanaldi honetan, porrot hura kontatzen digu trilogiaren protagonistak, berau preso gertatu zela Ingalaterran, bere oinpeko itsasontzian bolbora-leherketa eta sutea jasan ondoren. Laurogeitaka urtetako adinetik erraten dizkigu gauzak, oroimenak irekitzen dizkion bideetan barna. Oroimen itsasoan lema gisa, protagonistak berak abentura haien zurrunbiloetan idatziriko pergamuak.
Dokumentazio-oinarri sendoa du eleberri honek, pertsonaia gehienak historikoak dira, protagonista salbu, fikziozkoa dena, giza gorpuzkera eman diona narrazioari. Erlijio inguruko gerrak, Inkisizioa, kalbinisten erroak eta adarrak Euskal Herrian, anglikanismoa, liburu trafikoa, Herbehereetako altxamenduak gaztelar mendekotasunetik askatzeko, garaiko armaden osaera askotarikoa (mertzenario eta nobleak gerra-profesional bezala eta kostaldeetan errekrutaturiko itsas gizonak kanoi-bazka eta marinel bezala), garaiko identitate irizpideak… Alderdi asko gurutzatzen dira, bikain gurutzatu ere, berreraikipen historiko literario honetan. Guztiz urrun historia-eleberrigintzak ohi duen hainbat biziotatik: hala nola testu-inguratzera jotzerakoan, fikzioaren funts historikoaren falta entziklopedietatik-eta ateratako jantzi, altzari edo tresneriaren deskripzio azalezkoekin itxuratzeko ohitura; hala nola pertsonaiei gaur eguneko mentalitatetik ikusiriko jarrera eta asmoekin nortasuna emateko ohitura… Nobela honetan XVI. mendeko pertsonaiak ditugu, guztiz sinesgarriak, baita historialari batentzat ere, hartako mentalitate haren arabera sentitu, hausnartu, erabaki eta mugitzen direnak.
Kontakizunaren teknika ere trebe-trebea da. Lineala da historia kronologikoki, baina tarteka-marteka narratzaileak, urte anitz geroago gauzak lehen pertsonatik kontatzen dituela, kontakizunarekiko etorkizunean ikusi-edo elementu batzuk txertatzen ditu, aringarri eta argigarri direnak hariari jarraitzeko orduan. Lehen pertsonatik egiten dutenei dagokien bezala, ez dago narratzaile orojakilerik, berak ikusten duen alderditik, errealitatearen osotasunaz bera jabetzen den heinean, ematen digu kontariak gertaeren berri: osotasuna lortzeko, bertze narratzaile asko sartu ditu, protagonistari (eta guri) bertze aspektu eta istorioen berri ematen, elkarrizketen edo izkribuen bidez. Bereziki lortua da, irakurle honen ustez, kontakizunen osotasuneko bidean, nola doan arian-arian protagonista, bere oroimenaren galeratik, bere nortasunaz, bere egoeraz, berari gertaturikoaz jabetzen, nola doan puzzlea osatzen: mundu berri batera sortzen den baten antzera eta geldo hasieran, bertze jenderen bidez eta eskuetara heldu zaizkion izkribuen bidez gero, erritmo azkarragoan.
Eta bereziki landua euskara. Lan eskerga egin du Jimenezek XVI. mendeko estilo kutsua lortzeko, oso lan egokia, Leizarragaren mende hartako pertsonaia bat mintzatzen zaigunez. Opari txit estimagarria nobela historiko onen zaleentzat.
Itzala
Maixa Zugasti
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Asier Urkiza
Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa
Nagore Fernandez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Maialen Sobrino Lopez
Ni, laiko
Markos Zapiain
Mikel Asurmendi
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Maddi Galdos Areta
Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark
Irati Majuelo
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Joxe Aldasoro
Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Erbeste
Juan Garzia
Asier Urkiza
Barne zerbitzuak
Katixa Agirre
Maialen Sobrino Lopez
Biba gorriac!
Imanol Murua Uria
Mikel Asurmendi
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Patxi Iturregi
Terraza debekatua
Fatima Mernissi
Amaia Alvarez Uria