kritiken hemeroteka

8.651 kritika

« | »

Elurra / Orhan Pamuk (Monika Etxebarria / Fernando Rey) / Elkar, 2007

Elur isilgarria Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-02-10

Elurra, mara-mara eta isilean, uniformatzaile eta isilgarria. Mugaldean bazterturiko hiri bat, Kars, Ararat mazizoaren inguruetan, Turkia osoko arazoen isla: laizismoa eta islamismoa, mendebalde zaletasuna eta tradizionalismoa, nazionalismo anitz kaxa itxi batean… Elurteak estaliriko agertoki horretan, estatu-kolpe jakobino teatral bat, antzokian bertan eta telebistako kameren aurrean hasia, aktore batek bultzatua, hiru egun iraunen duena, atxiloketa, tortura eta hilketen parafernalia osoarekin, baina biztanle gehienek antzezlana izanen balitz bezala ikusiko dutena. Elurtu, izoztu, bakartu eta isilduriko hiri galdua dugu Kars, ez dago tragediaren berririk mugaldeko bazter horretatik kanpo.

Hirian, tragediako protagonistengandik aparte, lekuko bat dago, Elurra eleberriko Ka protagonista alegia, bertakoa jaiotzez, baina Alemanian erbesteratua hamabi urte duela, Istanbula itzuli berria eta, kazetari gisa, Karsa etorria hauteskunde kanpaina batez eta neskato belodun batzuen suizidio harrigarriez erreportaje bat egitera. Kazetari bainoago poeta dugu Ka, ospe oneko poeta, aitortua, profetak ez bezala, baita bere jaioterrian ere. Ospe horrek emanen dio aukera hiru egun horietan batzuekin eta bertzeekin hitz egiteko, bitartekari lanean jarduteko borrero edo biktima diren alde desberdinetakoen artean.

Bertzalde, maitemindurik dugu protagonista, bi planotan —politiko eta pertsonala— eraiki delarik eleberria, hain ongi loturik bata bertzearekin non ulertezinak izanen bailitzaizkiguke plano bateko bizipenak bertzekoetatik at. Lekuko, bitartekari, maitale jeloskor, mendebalde zale baina tradizionalisten sentimenduekiko begirunetsu, sentibera dugu Ka; alta, horren guztiaren gainetik, poeta da, etorrera handikoa, bere bizipen guztiak idazgai bihurtzen dituena. Sufritu, sufritzen du Kak, baina lasaitu ere poemak lortzen baditu. Izatez, poeta gogoetatsu eta hotza dirudi, elur maluten kristal-egituraren antzekoa ikusi nahi du bere burua, egitura horren simetria hotzean kokatzen ditu bere poema guztiak: Turkiako arazoen sinbolo isilgarria baldin bada elur geruza, elurraren barnea dugu poetaren izaeraren sinbolo.

Ez ditugu poemak ezagutzen, galdu baita haiek jaso zituen azal berdeko koadernoa. Haien inguruan Kak berak egindako hainbat gogoeta baizik ez dugu ezagutuko, narratzaile orojakileak ekarririk; Orhan narratzaileak, orojakile, nola ez?, berak lortu baititu ohar horiek eta zenbait gutun, berak arakatu artxibategiak eta berak bildu dituelako Karekin ibilitako lagun anitzen testigantzak, Ka bere lagunaren bizitzaz eta gorabeherez idazteko asmoz. Orhan, dudarik ez, Pamuk bera dugu, Hitchcock bezala bere obran sartzen delarik, diskretuki hasieran, gero eta sarriago eleberria aurrera joan ahala, azkeneko atalean protagonista nagusi izateraino, eleberri osoan Ka izan den bezala. Orhan, bada, Karen isla, amaieran; Ka, bere aldetik, Pamuken isla, eleberriaren enborrean.

2006ko Nobel saridunaren bermea du liburuak autoretzaren aldetik. Euskal bertsioak ere Monika Etxebarria eta Fernando Reyren lana du berme, jakin-gose gelditzen bada ere irakurlea zein hizkuntzatatik ekarri duten: turkieratik ez, noski; gaztelaniaz eta frantsesezko bertsioak ibili dituztela pentsatu beharko. Luzera, pertsonaia ugari eta gertakari korapilatsuak gorabehera, irakurterraza da denbora linealean garaturiko eleberri hau, oso interesgarria hain hurbil izan eta hain urrun sentitzen ditugun jendeen kezka eta ikuspuntuak ohikoa baino begirada zorrotzago batekin ikusteko.

Azken kritikak

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Independentziaren dekalogoa
Joseba Gabilondo

Mikel Asurmendi

Beste zerbait
Danele Sarriugarte

Maialen Sobrino Lopez

Palinpsestoa
Joxe Austin Arrieta

Asier Urkiza

Katona
Antxiñe Mendizabal Aranburu

Nagore Fernandez

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak