« Ezer susmagarririk ez | Munduan zehar travelling »
Bezperaren bezpera / Aingeru Epaltza / Pamiela, 2007
Nafarroako abertzaletasunaren akats-mapa bat Bixente Serrano Izko / Berria, 2008-01-27
Egokiak, egokiak direnez, Aingeru Epaltzaren Bezperaren bezpera liburuaren azaleko irudiak, Xabier Idoateren 24 x 4 akats mapa-renak alegia. Ohiturik gaitu Pamiela argitaletxeak sinbolismoz beteriko azalak ikustera. Akats-mapa, horixe baita gure idazlearen asmoa, aztertzekoa zer egin den gaizki abertzaleen aldetik azkeneko 30 urteotan, gaurko emaitzak direnak bezalakoak izateko: Nafarroaren eta EAEren arteko distantzia gero eta luzeagoa agertzeko, Nafarroan bertan abertzale eta euskaltzaleak gero eta baztertuago gelditzeko instituzioetan eta gizartean.
Oso ikerketa pertsonal eta subjektiboa, nerabezarotik gaur arte bere begiekin ikusi duena narratzen, berak bizi izanikoaren harira gogoeta politiko eta kulturalak egiten. Prosa eder eta adierazkorraz, euskara propio eta aberatsaz, ohikoa duen bezala. Zentzu handiz, argitaletxe iruindarreko Saio eta Testigantza liburu sailean plazaratu du. Hain zuzen, saiakera bat da, baina bere autobiografiaren alde abertzale eta euskaltzalearen testigantzatik abiatu da gogoetak harilkatzeko, pisu handia hartu duelarik liburuan kontu hauetarako ongi baino hobe jantziriko hiritar oinetako baten eskarmentuak. “Hiritar oinetakoa”: erran nahi baita, ez gaudela bere burua zuritu behar duen politikari baten memorien aurrean; eta “ongi baino hobe jantzia”: hau da, betaurreko apartak dituela urte hauetan guztietan gauzak sakon begiratu eta aztertzeko. Azken buruan, bizitasuna, jatortasuna eta sinesgarritasuna ematen dizkio zimentarri autobiografiko horrek lanaren arkitekturari.
Jakin, ongi daki Aingeru Epaltzak (nola ez du jakinen haren mailako nobelagile batek!) lekuko bat ezin daitekeela narratzaile orojakile izan, eta zintzoki aitortu du liburuari buruzko elkarrizketetan bere ikuspegi pertsonal eta subjektiboa. Horretan datza lan honen ekarpena, ez, ordea, azken hamarkada hauen ikerketa erabateko eta oso bat izatean. Tradizio eta heziketa familiar nola sozio-politiko baten semea da egilea, mundu horretako betaurrekoak erabiltzen ditu begirada zorrozteko. Francoren gerran galtzaile atera eta tradizio politiko nazionalista luzeko, eskarmentu nabarmeneko giro baten kumea dugu; meritu handiz hamarkada luzeetan beldurpeko eta isileko lanari esker iraun eta memoria propioa gorde behar izan zuen giro sozio-politiko berezi haren kumea. Horrek markatzen ditu, nire ustez, neurri handi batean Aingeru Epaltzaren izaera eta ikuspuntuak. Horrek markatzen ditu, adibidez, ez soilik bere kritika errotikoa ETAri, baita ere bere gibel-beldurrak frankismo amaieran eta ostean zabaldu ziren mobilizazio masiboen aurrean. Giro berri haren alde positiboei (azken buruan, akatsak eta guzti, abertzaletasun eta euskaltzaletasunaren gizarteratzea ere islatzen zuten), mobilizapen haiek sortuko ote zituzten erreakzioen aurreko beldurra eta zuhurtasuna gailentzen zaizkie Epaltzaren idazluman. Berdintsu antzematen zaio bere gaurko esperantzak zuhur marrazten dituenean, Ibarretxeren asmoek sor ditzaketen zailtasunen aurreko bere gibel-beldurra adieraztean, adibidez.
Mereziko luke agian ikerketa historiko sozio-psikologiko bat egitea zera honetaz: frankismoaren azkenaldiko industrializazio azkarraren ondorioz Nafarroan lehertu egin zuten mugimendu berriek zein ezustean harrapatu zuten frankismoaren aurretik zetorren tradizio politikoko gutxiengo garaitu hura, tradizio horren sua ezkutuan zuhurki gorde izan zuena; eta zein mesfidati ikusi zituen gutxiengo eskarmentudun hark bertze giro sozio-politiko, kultural eta familiar batetik atera berrien (hein handi batean frankismo soziologikoaren barnetik ihesean sorturiko mugimendu berri haien) ekimenak, eskarmentu gabeak eta ausartegiak zirelakoan.
Edonola ere, horrelako subjektibotasunaz ondurik, liburu ederra, argia, sakona eta aberasgarria du honetan irakurle jakin-minak, berdin duela zein bizipenetatik edan dituen bere usteak. Horrela deritzo, behintzat, mugida berri haietara frankismo soziologiko barneko girotik ihesean jauzi egin zuen irakurle honen subjektibotasunak.
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Jon Jimenez
Amaieratik hasi
Naia Torrealdai Mandaluniz
Amaia Alvarez Uria