kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Noiztenka / Itxaro Borda / Maiatz, 2007

Munduan zehar travelling Beñat Sarasola / Berria, 2008-01-27

“Zure gorputza highway gisa / imajinatzen dut etengabe”. Euskal literatura irakurri eta jarraitzen duen edonork (baldin eta halako izakirik existitzen bada, esan gabe doa) azkar asko asmatzen ahalko du bi lerro horiek zeinek idatzi dituen. Izatez, idazle bati eskatu dakiokeen gauza funtsezkoenetakoa horixe baita, hain zuzen, ahots berezi bat osatzeko gai izatea; eta Itxaro Bordak ahots hori aspaldian du lortua.

Noiztenka poema liburu honetan, gainera, uste dut oso argiro azaltzen dela bere mundu berezi hori. Liburua Bordak azken zazpi urtean idatzitako poemek osatzen dute, eta mota zein tankera askotako poemak topatzen dira bertan; hala egituraren aldetik (sonetoak, bosdun zein lauko txikiak, bertso librea), nola gai aldetik. Hala ere, liburuari batasuna ematen dion ideia nagusia bidaiarena dela esango nuke. Bidaiaren metafora sarritan erabiltzen da, eta liburuko poema indartsuenak (Milia Lastur on the road, Kreutzer Sonate) bidaiaren ideiarekin lotu daitezke modu batera edo bestera. Eta bidaiarekin batera, jakina, lekuak. Irakurleak munduan zehar bidaia bat egiteko aukera izango baitu liburuaren irakurketarekin batera: Grezia klasikotik Bamakora, Madrildik Berlinera, Bilbotik Maulera. Euskal Herriaz landa, baina, Alemania da liburuan pisu handiena duen herrialdea. Ez bakarrik geografikoki, sinbolikoki ere Alemaniarekin loturiko elementuak maiz erabiltzen dira (hizkuntza bera, Hannah Arendt, Auschwitz, Wim Wenders, Caspar David Friedrich…). Badirudi, adibidez, Berlinek iradokitzen duen suntsipenak poetikoki erakartzen duela Borda, baina era berean hiria askatzaile zaiola: “darabilen hizkuntza berrian, / holderdeutsch oraino, / ez du zorigaitzaren errateko / aditzik ezagutzen”.

Eta arestian aipatu bezala, bidaiaren ideiak Bordaren idazkera ederki laburbiltzen duela iruditzen zait. Identitate finkoak bainoago nomadak (inmigrazioa, homosexualtasuna) mestizaia (hizkuntzen nahasketa), deserrotze sentimendua, norabide eza “(Iparra erraz galtzen da Berlinen”)… Joseba Gabilondo literatur kritikariak esango lukeen moduan, Bordaren “migrantzia errotikako melankolikoa”.

Honekin batera, Bordak osatzen duen Euskal Herriaren irudia ezin pertsonalagoa da. Besteak beste, periferiarekin hertsirik loturik dagoena; eta ez da harritekoa, beraz, euskal munduari eginiko erreferentzia guztiak ez-gipuzkoarrak izatea: Bizkaiko kosta, Gasteiz, Maule, Tutera. Honen harira, plazer bat da Milia Lastur on the road lako poemekin topo egitea, nik dakidala, Bizkaiko kostari egin zaion kanturik ederrena. Bordaren literatura pesimistatzat jo izan da maiz, eta liburu honetako poemek ere badute halako ukitu etsi bat, baina egia da orobat, idazleak berak zenbait elkarrizketetan aitortu duen gisara, etsi honek utzi uzten duela itxaropenerako tarterik (horren adierazgarri Behar duguna poema). Berlini buruz aipatutako kontraesan hori ere testuinguru honetan uler daiteke; erabateko desolamenduaren ondoren ere zorionerako biderik uztea. Bestetik, Bordaren alderdi sarkastiko eta basilikianoena maite duenak ere ez zaio halakorik faltako (Euskadi Morning kalaka).

Segur aski alferrikako auhena da, baina triste samarra da liburu hau izaten ari den oihartzun eskasa. Betikoa, iparraldeko idazlea dela, poesiazko liburua dela, eta gainera Maiatzek argitaratua. Sarritan kexu gara literatur sistema handien eredu eta politikekin, baina inoiz ohartuko ahal gara guk ere haien keriak kopiatzen ditugula sarritan?

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak