kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Chevrolet tropikala / Rafa Egiguren / Susa, 2007

Ezer susmagarririk ez Iratxe Esnaola / Gara, 2008-01-26

“Guantanamera, guajira guantanamera…”. Ongi etorria Kubara. Hemen Habanako kale, musikari bero, sargori eta juguito de toronha fresko. Iraultzako heroien argazkiak hormetan. Incapturable bat badoa bidean. Noranahi eramanen zaituen Chevrolet zaharra zain da aireportu irteeran eta dolarrak gobernatzen ditu merkatu beltzak. Nahiko horrekin. Kuba erregimen, Kuba iraultzaile, aldeko zein kontrako iritziak badatoz mordoiloan.

Ideia hauek guztiak irakurleagan dira eleberria hasterako. Ederki baliatu da horretaz Rafa Egiguren. Ezer esan gabe, trabeska, narratzaileak susmorik agertu gabe, irakurlea, bera bakarrik, hasten da asmatzen mamuak. Migel Salaberriak atsegin bidaian Kubarako hegazkina hartu orduko, aldamenean jesarri zaion kubatar berritsuaren berri dugun orduko, lausoki asmatu uste dugu intrigazko kontakizuna dela esku artean duguna.

Euskal Herrian Cheren heriotzaren urteurrena ospatzeko asmotan dabiltzala, Migeli ordezkari lanak egiteko eskatuko diote. Chevrolet gidariaz eta beste zenbait lagunez inguraturik hara-hona eramango du eginbehar horrek. Honaino ezer susmagarririk ez. Haatik, kapituluak aurrera joan ahala, zerbait ernatzen da. Pertsonaia inguratzen duen kubatar oro, une batean edo bestean, susmagarri izango zaio irakurleari. Gobernuaren aurka ari diren disidenteak ote haiek? Atzerritarrak zelatatzen dabilen funtzionarioa ote hura?

Tentsio horretatik dator liburuak sortzen duen jakin-mina. Gazte baten bidaia xumea da kontatu dena. Ezinegonezko bilaketa da irakurketa. Zinez zer pentsa eragiten du honek. Testu bakarra irakurle bakoitzarentzat liburu ezberdin bat bada, berritu eta asmatu egiten badu, kasik idazleak adina, kontakizuna, azken unera arte mantendutako intriga hau irakurlearena da erabat.

Kuba ikusi, usaindu eta batez ere entzun egiten da. Gaztelania erabili du kubatarrak hezurmamitzeko. Are, kubera halako bat simulatu du grafiaren bidez: “—Acá, Miguelsito, la Pioneer que buscaba. Pero aguarda un instante, chico, ¿por qué no me preguntas si quiero un blumer o unos ahustadores de fantasía?”. Ingelesak dakarren itzal komertziala ez da oharkabean pasako. Ez alferrik: “Eguneroko premiak kario samar ordaindu behar izaten zituen herri xeheak nonahi”.

Aurreiritzien gaineko gogoetaren ertzean aurkituko da bat baino gehiago orduan. Baina ez da izango egungo egoera politikoaz hausnar asko egiten delako. Apenas mintzo dira kubatarrak orainaz. Iraganean hitz egiten da iraultzaz. Are, Zhivago Doktorea filma aitzakia hartuta Errusiakoa gogoratuko da eta, aldiz, Fidelen hitzaldi bati ez zaio iruzkinik egingo. “¿Observó qué raros son los rusos hasiendo revoluciones?”, eta interes puntua badoa airean, bazter utzita, beste behin. Apika, badute zerikusirik egilearen hurrengo hitzek: “ez zait gustatzen ari nola ari diren gelditzen garai batean egindako iraultzak, baina oraindik ez dut etsi”.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak