kritiken hemeroteka

8.750 kritika

« | »

Wakefield / Nathaniel Hawthorne (Koro Navarro) / Alberdania-Elkar, 2007

Wakefield Mikel Garmendia / Eizie.org, 2007-12-10

Hamabi ipuinez osatutako sorta bateko lehena dugu Wakefield izenekoa, Koro Navarrok euskaraturik Literatura Unibertsala bilduman berriki argitaratua. Wakefield ipuinak eman du eta ematen du, berak bakarrik, nahikoa zer pentsatu eta zer ikertu. Borges bera izan zen, esaterako, ipuin honen balio eta garrantzia hasieratik azpimarratu zituena, edizio honen itzultzaileak egindako hitzaurre interesgarrian azaltzen digunez.

Wakefield 1837an argitaratu zen eta hori ez da, besterik gabe, datu huts bat, deigarri egiten baita Wakefield ipuinaren amaieran egindako planteamenduak nola “aurreratzen” digun gerora Poeren, Melvilleren, Kafkaren edo Borgesen beraren idazlanetan aurkituko ditugun gai eta lekuak. Hona: “Gure misteriozko mundu honen itxurazko nahasmenean, hain ederki daude gizabanakoak sistema bati egokituak, eta sistemak elkarrekin eta osotasun baten baitan, non baldin gizon bat une bakar batez alde batera mugitzen bada, bere lekua betiko galtzeko arrisku izugarrian gertatzen baita. Wakefield bezala, bihur daiteke, nolabait esateagatik, Unibertsoko Paria”.

Wakefield ipuina interpretazio bat dugu, azken finean, Hawthornek ustezko berri baten irakurketatik abiatuta egiten duena: senar batek hogei urte emango ditu etxetik kanpo emazteari astebeterako zihoala esan ondoren, eta hogei urteren buruan etxera itzuliko da, deus gertatu ez balitz bezala. Hawthorren ipuin honen —eta gainerakoen— alderdirik interesgarrienetakotzat daukat pertsonaiei egiten dien azterketa psikologikoa. Horretan ere garaiei aurre hartzen diela ematen du. Argitaratze-datarengatik ez balitz, erraz esango genuke idazleak asko duela joera psikoanalistetatik edo, bestela esanda, Freud edo are Lacan-en planteamenduetatik. Bi hitzetan esatearren, Hawthornek gerora psikoanalisiaren kezka-iturri nagusienetako bat izango zena jartzen digu begien bistan: zenbateraino gara geure buruaren eta geure ekintzen jabe? Zer indarrek eramaten gaitu halako edo halako erabaki hartzera? Horra inkonszientziaren mundua.

Ipuin honek zer esan eta zer pentsatu handia ematen jarraitu izan du eta, hala, hortxe daukagu, esate baterako, Wakefielden emaztearen balizko ikuspuntua jorratu duen Eduardo Bertiren eleberria: La mujer de Wakefield (ed. Tusquets).

Aipatutako ezaugarriez gain, badira beste batzuk hamabi ipuinetan sumatuko ditugunak: ipuin guztietan jorratuko zaizkigu gai sakonak, transzendentalak, filosofikoak… baina horiek tratatzeko tresna fantasia izango da. Baita nolabait kritikagarri gerta litezkeen amaieretan ere —halako ikasbide gisa emanak baitaude—, zeren amaierak ere fantasiazkoak eta are absurdutik hurbilekoak ere izango baititugu. Iradoki egiten dute, beraz, Hawthornen ipuinek; fantasiaren bitartez iradokitzen digu nolakoak garen barrutik gizakiak: moral bikoitza, geure baitan daramagun gaizkile-izaera… Askotan jauzi handiak egingo dizkigu denboran fantasia horren bila, antzinako garaietara ere joango zaigu tarteka eta, kontaketari dagokionez, ikuspegi bat baino gehiago erabiliko ditu narratzaileak. Alde horietatik garai hartarako ere oso teknika aurreratuak direla esango genuke. Idazkerari dagokionez, berriz, trinkoa bezain zehatza da haren idazkera Koro Navarrok eman digun bertsioan. Bainaren bat jartzekotan nik, aukeran gehiagotan erabiliko nuke aditza aurreraturik: “Damek (…), entzungo zutela nire irakurketa adierazi zuten / Damek (…), adierazi zuten entzungo zutela nire irakurketa”.

Patxadaz hartu eta gozatzeko liburua dugu, ipuin bakoitzak bere autonomia erabatekoa du eta alde horretatik irakurketa independenteak egiteko abantaila ematen digu sorta honek. Badute, halere, estiloari eta sakoneko gaiari —azterketa psikologikoari eta gizakiari buruzko kezkari— dagokionez lotura estu bat.

Azken kritikak

Bihotzean napalma
Pol Guasch

Irati Majuelo

Izatearen arintasun jasanezina
Milan Kundera

Aritz Galarraga

Zerua hemen
Oihana Arana

Ibon Egaña

Espekulazioak
Arrate Egaña

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Asier Urkiza

Fikziraultzaileak
Kamikaz Kolektiboa

Nagore Fernandez

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Maialen Sobrino Lopez

Ni, laiko
Markos Zapiain

Mikel Asurmendi

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Maddi Galdos Areta

Alderantzira zamalka
Mckenzie Wark

Irati Majuelo

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Joxe Aldasoro

Gaueko zaintzailea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Erbeste
Juan Garzia

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

Hedabideak