kritiken hemeroteka

8.700 kritika

« | »

On Camillo / Giovannino Guareschi (Koldo Biguri) / Ibaizabal, 2001

On Camillo Igor Estankona / Gara, 2002-02-02

Italiako iluntzetan plazako eserlekuan kontatutako istorio laburrak dirudite Guareschirenak. Koldo Bigurik egin du posible hizkuntzen arteko zubitik behera bizitasun izpirik ez erortzea.

Marx eta erlijioa

Errespetua diet itzultzaileei. Ibaizabalek orain dela gutxi aurkeztu dizkigun bost perlak —Ionesco, Valle-Inclán, Jan Neruda, Bulgakov eta esku artean darabilgun Guareschi— euren zolitasunaren adibidea dira. Ez ditut guztiak irakurri, “On Camillo” honekin ibili naiz buru-belarri, baina argi dago literatura unibertsalaren gero eta ideia osoagoa ematen digun apala sortzen ari garela apurka-apurka. Osotasun hori derrigorrezkoak diren liburu bildurgarriekin eta eskuratzen dizkiguten titulu “arinagoekin” lortzen da. Parmako idazlearen istorio bitxi bezain biziak azpiliteratura direla uste dutenei esan behar zaie baietz, hala definitzeko nahi badute. Ukaezina da, ordea, era honetako lanen balioa eta irakurleari ematen dion plazerra. Italian bertan konturatu dira jadanik horretaz. Izan ere, epika eta berba handi bako istorio xelebre hauek dira literaturak gerraostearen gainean utzi dizkien argazki fidagarrienak.

47ko Italiar Konstituzioaren lehen pausu dudatiak aztertzen dituen liburua da, nolabait. Testuan behintzat komunismoari ateak zabalik uzten zizkion mendebaldeko europako konstituzio bakarra izan zen. Joko demokratikoa hain zabalik eta gerra hain hurbil egoteak moldatzen ditu alegiazko herri txikitxo bateko gertaerak. Tradizioa eta kristautasuna ordezkatzen dituen abadea eta hala-moduzko ideial sozialistak maite dituen alkatea dira protagonistak. Lehenak “gauzak herri kulturako ministerioa zegoenean baino okerrago” ikusten ditu eta besteak langile libreen mundua eraiki nahi du bere alkatetza umiletik. Mundu librea, bai, eta ez Italia librea. Abertzaletasunaren ingurukoan baino areago justiziaren inguruko burruka dialektikoan ari dira. Arlo horretan askotan egingo dute biek bat, nahiz eta hori onartzea baino nahiago izango duten urkamendia. Itxurak gorde arren akordioetara iristeari buruzko istorioa da, azken batean.

Eurena defendatu arren gizalegearen mugen barruan ibiltzeari garrantzi handia ematen diote biek. Abadeak ukabilkadak ogi-santua baino errazago erabili arren funtsean miretsi egiten du alkatearen zuzentasuna. Alkateak ere zartadak tradizio boltxebike artezenari jarraituz banatu arren, abadearen humanismoa ulertzen du. Bata bestea baino astoagoak diren botere faktiko biak, beraz, ez dute hitz zorrotzen eta mendeku originalen muga zeharkatzen.

Sinestezina eta inbidia ematekoa da, bestalde, idazlearen luma. Gona altxatzea, adibidez, “antzokiko ohiala altxatzea” da. Lerroz lerro somatzen den satira kutsua laster ulertzeko moduko irudiekin landuta dago. Mapan galduta dagoen herri txiki bateko arazoak Kominternaren eta Vatikanoaren arteko burrukaren adibide bezala jartzeak asmo satiriko hori indartu egiten du. kontsigna izugarrien garaian berauek traizionatu ez baina elkarbizitza posible bihurtzeko behar den arteaz ari da Guareschi, modu xelebrean. Koldo Bigurik ere ez dauka meritu txikerra, ahozko kontakizunetik oso hurbil dagoen euskara bizian itzulpenaren miraria posible egiteko.

Liburua ixtean autorea bera ere busti egiten dela dirudi. Azken istorioan balantzak abadearen alde egiten duela esango nuke. Badirudi Marxi esaten ari zaiola bere kalkulu ekonomikoen gainetik badagoela ahazten zaila den zerbait: erlijioaren inguruko batasun sentimentala. Gizakiaren azpiegituran kokatzen du Guareschik azkenean erlijioa. Konstituziorik zabalenarekin ere betiko ideia zaharrek irabazten dute. Historia perfektua ez bada, zelan izango da ba perfektua italiako herri txiki bat.

Azken kritikak

Erbeste
Juan Garzia

Ibon Egaña

Utopiaren belaunaldia
Pepetela

Paloma Rodriguez-Miñambres

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak