Euskararen sendabelarrak / Koldo Zuazo / Alberdania, 2000
Euskararen sendabelarrak Larraitz Zubeldia / Gogoa, 2002-02
Koldo Zuazo EHUko irakaslea kezkatuta dabil, aspaldi honetan euskarak hartu duen bidea dela eta. Gaitz asko ikusten dizkio, eta berehalako irtenbide bat behar dutelakoan dago, etorkizunean euskara biziko bada. Ez da arduratuta dagoen bakarra; gauzak konpontze eta zuzentze aldera egindako urratsa da Euskara batuaren ajeak, 1997an Sarasolak kaleratutako lana. Zuazok “arrazoi biribil asko” agertu zela dio, “zenbaitek tonu errea eta zitala egotzi badio ere”. Saizarbitoriaren Aberriaren alde (eta kontra) eta Lertxundiren Gogoa zubi etorri ziren hurrena (1999an); Zuazok berak aipatzen ditu bere lanean, “gogoeta zuhurrak eta zorrotzak” agertzen direla dio.
Berak ere bide beretik segitzeko asmoz atera zuen plazara Euskarararen sendabelarrak saioa, beste arazo batzuk aztergai zituela: euskarak dituen zenbait gaitz euskalkiak baliatuz senda edo, behintzat, arindu daitezkeela iruditzen zaio. Hortik datorkio izena liburuari, berak argitu bezala: belarrak sendagarri naturalak dira, gaixoak sendatzeko erabiltzen ditugunak. Horiekin lotzen ditu euskalkiak, gaixo dagoen euskara sendatzeko sendabelarrak dirateke. Metafora horretan dago, beraz, lanaren muina. Euskalkien bidez lortuko dugu euskara biziberritzea; arantzak eta zornea ateraz, zauriak sendatuz, uste ustelak uxatuz, buruko gaitzei erremedioa emanez… Zertarako joan kanpora, dendara sendagaiak erostera, etxean bertan badauzkagu edo egin baditzakegu? Ba al da etxeko osagaiekin egindako errezeta baino hoberik eta eraginkorragorik?
Bost ataletan dago banatuta liburua, eta bakoitzak hainbat kapitulu du bere baitan; izenburuetan laburbiltzen du edukia. Dena dela, Atarikoak izendatutako sarrerarekin hasten da liburua, 1960-75eko hamarkadako iraultza du hizpide. Haren ondorio onuragarriak aipatzen ditu: ikastolak, gaueskolak, euskara batua… sortzea, batetik; eta euskal literatura modernoa, euskarazko irratiak, aldizkariak… sortzea, bestetik. Baina baita egindako akatsak ere. Ordura arte euskara erdi klandestinoa eta “gaixo terminala” izan zela dio, baina iraultza handia eta arrakastatsua egin zen. Aitzitik, hazkundea itsu-itsuan eta bururik gabe egin zelakoan dago, beste irtenbiderik ez zela aitortzen duen arren; eta orain komeriak, konponbidea behar. Saio hauxe da, bada, berak proposatzen duen irtenbidea; lehen aipatutakoen lekukoa hartuta.
Baina irtenbideak topatu aurretik, beharrezkoa da lehenago zer eta nola egin den jakitea; beti ere harri berean estropezu ez egiteko, eta gauza onetatik ikasteko. Hala, beste ezertan hasi aurretik, iraganari begira jartzen da Zuazo lehenengo atalean; Iragana deiturikoan. Lau kapitulutan laburbiltzen ditu XVI. mendetik hasita gaur eguneraino izan diren joerak. Lehenengo kapituluan XVI. eta XVII. mendeetako iraultzaz ari da; Leizarragak egindakoaz, hain zuzen. Gainerako idazleak euren euskalkian oinarritzen ziren lanak egiterakoan. Leizarragari, aitzitik, itzulpen bat egiteko lantegia jarri zioten, eta bere helburua ahalik eta jende gehienarengana iristea zen, erlijio berri batera erakartzeko; protestantera, hain zuzen. Hortaz, lapurtera hautatu zuen; bere hizkera behe nafarrera bazen ere. Hain justu ere, lapurtera nagusitu zen garai hartan; batez ere Sarakoa. Nolanahi dela, gauza bat azpimarratu nahi du Zuazok: 1968ra arteko guztia euskalkian idatzi zela, gaia zeinahi zela ere (nahiz eta euskalkien ugaritasuna arazo zen idazleentzat). Eta euskara batua ez zela sortu gai jasoez jarduteko, elkar ulertzeko baizik; gerora bestelako usteak sortu diren arren.
Bigarren kapituluan, XVIII. mendea eta XIX.aren lehenengo erdia ditu mintzagai. Garai hartan euskaldunen arteko eztabaidak hasi ziren, “jarrera txokozaleak” zirela eta; norberaren euskalkia goratu eta besteena gaitzesten zuten. Euskara “giputza” gora bidean hasi zen, eta hori nagusitu zen Hegoaldean; hori iruditzen zitzaien ederrena, samurrena, egokiena… Ez horratik Iparraldean. Hala, bide desberdinetatik jo zuten, eta aldeak gehiago nabarmendu ziren.
Hirugarren kapituluan, XIX.aren bigarren erdiaz dihardu. Oraindik gipuzkera gailentzen zen arren, hortxe zebiltzan lapurtera, bizkaiera eta zuberera ere. Lau eredu zeuden, beraz. Hala ere lotsek, beldurrek… bere horretan iraun zuten, eta gehienek gipuzkerara jotzen zuten, euren euskalkia baztertuta.
Azkeneko kapituluan, berriz, XX. mendea du hizpide. Iparraldea eta Hegoaldea gehiago aldendu ziren, politika kontuak, administrazio kontuak… zirela eta. Gainera, Iparraldean haustura izan zen, hiru lurraldeak bi barrutitan banatu baitzituzten 1926an: Zuberoa, batetik; eta Lapurdi eta Nafarroa Beherea, bestetik. Geroztik zuberera ahulduz joan da, erdarak (eta lapurteraren nagusitasunak) eraginda. Hegoaldean gipuzkerak jarraitu zuen gailen.
Bigarren atala mendebaleko euskarari eskainia da oso-osorik (12 kapitulu), oraintsu arte bizkaiera deitu zaionari (Zuazok deitura berria darabil). Lehenengo kapituluan aurkezpen modukoa egiten du, eta hizkera berezia eta eremu zabalekoa dela dio; euskara bizi-bizirik daukana, gainera. Bigarrenean euskalkia bi azpieuskalkitan banatzen dela dio: sartaldekoa eta sortaldekoa. Bi horietatik sartaldekoari eman zaio indarra, eta akatsa iruditzen zaio. Izan ere, horixe aldentzen da gehien gainerako euskalkietatik. Eta, bestalde, sortaldekoak du indar handiagoa; industriak ere bertan du pisu handiago.
Hirugarren kapituluan, norberak bere euskalkia erabiltzeko dituen lotsez eta beldurrez ari da. Hain zuzen, bizkaieraz mintzo direnek izan dituzte gehienbat sentipen horiek; euren (eta zuberotarren) hizkera baitago erdialdekotik, euskara batuaren oinarrian dagoen euskalkitik urrutien. Galtzaile sentimendua izan dute, eta hortik etorri da erdialdekoa miretsi eta eurena zokoratzea. Hori baieztatzen duten lekukotasunak biltzen ditu, eta Mogelengandik hasita hainbat idazlek aldarrikatutakoa jasotzen du; norberak bere euskalkia lotsa eta beldurrik gabe erabiltzeko, alegia. Mendebaleko euskarak literaturan izandako bitasuna du hizpide hurrengo kapituluan. Idazle batzuek sartaldekoan idatzi dute; beste batzuek, sortaldekoan. Bosgarrenean, berriz, gramatikalariek izandako jokabidea gaitzesten du. Esaterako, Zabalak bizkaieran “arauzkoena” bultzatu zuen; hedatuena eta, era berean, jatorrena eta zuzenena bultzatu beharrean. Azkuek ere berrikuntzak jaso zituen bere gramatikan, nahiz eta beranduago lan hura “gaztetako bekatua” izan zela aitortu. Jokabide horiek tradizioari traizioa egiten zioten, eta bizkaiera beste euskalkietatik urrundu. Seigarren kapituluan, EAJ eta Sabino Aranaren jokaeraz ari da. 60-75eko iraultzara arte batasunaren kontrakoak ziren gehienak, eta bereizketa bultzatu zuten: bizkaiera (sartaldekoa gainera) bultzatzen zuten. Hortik aurrera iritzia aldatu zuten.
Zazpigarrenean, Azkuek proposatutako “gipuzkera osotua” du mintzagai. Gipuzkoarren jarrera itxia ekarri zuen, eta besteek makurtu egin behar izan zuten. Azkenean, nazkatu eta eurenera jo zuten. Ez zuen batere mesederik egin, berriro ere urruntzea ekarri baitzuen. Gainbehera joan zen azkenerako. Hain zuzen, zortzigarren kapitulua hiperbizkaierari eskainia da. Bizkaieraren ezaugarriak (asko berriak, oraindik gehiago bereizteko) nabarmentzen dituzte etengabe, gainerakoetatik ahalik eta gehien urruntzeko asmoz. Egile asko bi hizkuntza desberdintzeraino iritsi dira: bizkaiera eta baskoia (euskara). Jokabide hori katalana eta valentziera bereizten dituztenekin alderatzen du. Hala ere, hainbat idazle hiperbizkaierari aurre egiten hasi zen, bederatzigarren kapituluan dioenez. Altube izan zen bide-urratzailea; ondoren Mitxelenak eta beste batzuek jarraitu zioten, testu zaharretan begiratzea aldarrikatuz. Zuazok euskalkiak zoro-zoro bultzatzea saihestu egin behar dela dio; bestela, akabo euskararen batasuna.
Beste muturreko jokabidea ere gaitzetsi egiten du (hurrengo kapituluan); betidanik mendebalekoak izan diren ezaugarriak baztertzen dituena, alegia. Batua bultzatu da, baina ez dago euskalkien gramatika aldatu beharrik. Aski da lexikoa eta esamoldeak zaintzea; ez du besterik eskatzen. Sarritan gaizki ulertzen da “batuak” esan nahi duena. Badirudi norberaren euskalkiko ezaugarri guztiak baztertu behar direla batuan ari garenean; eta hori ez da hala, Zuazok garbi asko adierazi bezala. Hamaikagarren kapituluan, mendebaldean egindako akatsak ekartzen ditu berriro ere gogora, eta besteek horiek gogoan izateko eskatzen du; hanka sartze berak egin ez ditzaten. Azkeneko kapituluan, etorkizunean egoera irauli egin beharra dagoela dio; hau da, euskalkiak “bereizgarri” ez, baizik “aberasgarri” eta “gozagarri” direla ulertu. Azken batean, helburua norberaren euskalkian jardun eta gainerakoek ulertzea da, eta horretarako ezinbestekoa da txokokeriei, berrikeriei… muzin egitea.
Hirugarren atala Euskalkiak eta euskararen osasuna. Etorkizuneko iraultza izenekoa da. Lehenengo kapituluan sena berreskuratu beharraz ari da, egun galdua duguna. Hiztunak ziurtasuna behar duela dio, zer dagoen ondo eta zer gaizki jakin dezan. Horrez gainera, eskoletan txiki-txikitatik estandarra irakasten dela dio, eta haurrak etxean jasotzen duenetik horra salto handia dagoela iruditzen zaio. Hobe litzateke hasieran euskalkian aritzea; eta, ondoren, poliki-poliki batua sartuz joatea. Bigarren kapituluan, berriz, “Marteko” hizkera sortu dela dio, jasoa eta jantzia delakoan; erdal kutsu handia duena eta ezer irabazten ez duena. Ez du inork ulertzen; euskaldun arruntak ez, behinik behin. Hori dela eta, behin baino gehiagotan aipatutako lotsa sortzen da; eta, ondorioz, norberaren hizkera baztertzea. Hurrengo kapituluan, edonon eta edonorekin euskara jasoa erabiltzeko dugun joera du mintzagai. Lehen, berriz, jasoa eta lagunartekoa bereizten zituen hiztunak. Lagunartekoa bultzatu beharra ikusten du, hizkuntza mailak bereizteko. Laugarren kapituluan, zenbaitek darabilten “orotariko euskara” gaitzesten du, euskalki guztietako ezaugarriak nahasian dituena. Batu beharrean bazterrak nahastu eta nazkatu egiten dituela iruditzen zaio. Hobe da norberak berea erabiltzea, eta egokia den unean edo behar denean besteetatik hartzea. Gainerakoan, betiko ondorioa izango dugu: lotsatzea eta baztertzea. Bosgarren kapituluan iraultza aldarrikatzen du: eguneroko hizkerari heldu, eta sena, ziurtasuna eta belaunaldien arteko lotura berreskuratzeko premia dakusa. Horretarako, euskalkiak landu eta erabili behar dira, gure iturrietatik edan. Euskara lurtarra egin beharra dago batzeko, eta kalitatea, osasuna eta etorkizuna izateko.
Hala, laugarren atalean, egitasmoaren zirriborroa aurkezten digu. Dena den, garbi uzten du proposamen hutsa dela. Lehenengo bi kapituluetan euskara batuari buruz ari da. Lehenengoan, euskara batua sortzea aukera zuzena izan zela dio; eta 1968an sekulako eztabaidak izan baziren ere, egun denok ohartzen garela beharraz. Gainera, erdialdeko euskalkia hartu zen eredu (guztiontzat ulerterraza, euskaldun gehienena eta prestijioa zuena); aukerarik onena hori ere, bere ustetan. Bigarrenean, berriz, batuak muga txikiak dituela dio; hiru ardatzetan eraikia da: ortografia, aldaera lexikoak eta aditza. Berak laugarren muga bat eransten dio: euskalkiak ez nahastea. Hortik aurrera askatasun handia uzten du batuak (lexikoan eta sintaxian), ia erabatekoa.
Izan ere, askotan uste okerrak sortzen dira. Bestalde, “nazioko batua”, “eskualdeko batua” eta “herrialdeko batua” bereizten ditu; Iparraldean hobeto asmatu omen dute horretan.
Gainerako lau kapituluetan euskalkiei buruz dihardu. Hirugarren kapituluan, euskalkien esparruak zehazten ditu: aisialdia, irakaskuntza (eskola eta euskaltegiak), lan arloa (kanpoko harremanak, barrukoak eta buruz burukoak), herri hedabideak (ahozkoak eta idatzizkoak), administrazioa eta literatura (ahozkoa eta idatzia). Laugarrenean euskalkien mugak aipatzen ditu. Esaterako, Guggenheim museoan batua erabili behar dela dio, nahiz eta Bilbon egon. Bosgarrenean, euskalkiak erabiltzeko arautegi bat proposatzen digu; ortografia, fonetika-fonologia, morfologia eta lexikoa eta sintaxia arloetan bereizita damaizkigu ezaugarriak. Bukatzeko, azkeneko kapituluan, eremu erdaldunetan euskalkiak nola landu daitezkeen esaten digu: “herrialdeko batua” bultzatuz. Orain arte esandakoak gune euskaldunetarako besterik ez baitu balio. Gune erdalduneko hiztunari bertakotzen lagundu behar zaio, baina ez “Martekoa”, sasiletratua edo orotarikoa den hizkera erakutsiz.
Azkeneko atala Epilogoa eta bibliografia dugu. Saio hau egiteko izan dituen hiru helburu nagusiak biltzen ditu, eta zein iturriz baliatu den aipatzen du.
Liburua irakurri ondoan, ondorio nagusi hau atera daiteke, Zuazok behin eta berriz gogorarazten diguna: euskalkidunak baino lehen euskaradunak garela. Orain arte alderantzizko jokabidea izan dugu; eta, ondorioz, hainbat gaitz sortu da. Urte askotan zehar norberaren euskalkia aldarrikatuz aritu gara euskaldunok; batik bat, euskara batua dela-eta “kaltetuen” —hala esaterik baldin badago— sentitu direnak. Horrek elkarrengandik aldentzea ekarri du, eta euskara batuaren eta euskalkien arteko bereizketa sortu du. Zuazok dioenez, euskalkiak lehen batuago zeuden orain baino; eta hortxe dakusa etorkizuneko ikasgaia. Elkarrengandik bereizi beharrean, elkarrengana biltzen egin behar ditugu ahaleginak; batean ditugun ezaugarriak bultzatu behar ditugu, eta bereizten gaituztenak alboratu. Horretarako, Mitxelenak esan bezala, alde eta aldi guztietako euskara ezagutu beharra dago Zuazoren ustez; eta maizegi bultzatzen diren berrikeriak, txokokeriak, aldrebeskeriak, hizkera artifizialak… zokoratu. Kontuak kontu, ikusi nahi dituenarentzat hor daude egungo euskarak dituen arantzak edo zauriak; bat baino gehiago dabil kezkatuta. Aurrerantzean ere euskaraz aritu nahi badugu, eta ez euskañolez edo euskara frantsesez, ezinbestekoa iruditzen zait piskanaka urratsak eman eta egoera iraultzea; Zuazorena bezalako lanei jaramon eginda. Geuk eskertuko dugu beste inork baino gehiago; hiztunok, alegia.
Bukatzeko, hainbat ohar egin nahi nuke liburuaren gainean, gehienak onak. Izan ere, ez da batere erraza irakurlea hainbeste betetzen duen lanari gabeziak, hanka okerrak aurkitzea. Aspaldiko kezkak era oso ulergarrian eta argian azaltzen dituela irizten diot, zimendu sendoetatik abiatuta ematen ditu ideiak. Zenbait gogoeta behin eta berriz errepikatzen ditu, irakurleari behar bezala hel dakizkion. Batzuetan pisua egiten da ideia bera hainbestetan irakurtzea, baina prozedura egokia da gogoan ondo hartzeko. Laburpenak ere egokiak egiten ditu oso. Ez da erraza hainbeste urtetako kontuak hain leku txikian biltzea, baina ideia nagusiak jaso eta garbi ematen dituelakoan nago. Kapituluetako izenburuetan jasotzen du bakoitzean esango duena.
Horrez gain, azalpenetan, tarteka, frantsesezko nahiz gaztelaniazko zitak sartzen ditu; esanen hariari jarraituz, kontakizuna puztu gabe, era samurrean. Baina eragozpen bat ikusten diet, itzuli gabe datoz. Ez dut uste irakurle guztiek ulertuko dituztenik. Niri, behintzat, hala gertatu zait: gaztelaniazkoak ulertu ditut, baina frantsesezkoak hala nola; dakidan frantses apurrak piska bat lagundu didan arren. Iparraldeko hainbat irakurleri ere gauza bera gertatuko zitzaion alderantziz. Zergatik ez itzuli guztiok ulertzeko moduan?
Bestalde, proposamenak egiterakoan, oker dauden gauzak aipatzen dituenean…, edozer gauza azaldu behar duela ere adibideak ematen ditu. Hartara, ez daukazu zer esan nahi duen asmatzen edo interpretatzen aritu beharrik (zenbaitetan gertatu ohi den bezala); eta ideiak gertuago geratzen dira, bizipenak, inoren esanak, ateraldiak… biltzen baititu.
Hala ere, bi kritikatxo egiten ausartuko naiz. Batetik, euskalkien erabileraren gainean proposamena egiten duenean, hainbat ezaugarri onartzen ditu eta beste hainbat ez. Ez ditut mugak ondo ikusten. Azaltzen duenean garbi dagoela dirudi, baina zure euskalkiko zein ezaugarri onartuko liratekeen eta zein ez pentsatzen hasitakoan, zalantzak sortzen zaizkizu. Beharbada polikixeago eta arreta handiagoz aztertzea izango da kontua.
Horrez gain, irakaskuntzan euskalkiek izan beharko luketen lekuaz ari dela, irakasleen lana aipatzen du. Bere ustez, eskolako lehenengo urteetan, haurrari bere euskalkian egin behar zaio; gertutasuna senti dezan eta hasieratik zalantzarik sor ez dakion. Bat nator horrekin; baina, egun, zaila delakoan nago. Izan ere, herri bakoitzeko eskoletan zenbat irakasle dago herrikoa bertakoa dena, haurrari bere euskalkian egingo diona? Herri batzuetan apika batzuk bai, Baina beste batzuetan? Eskualdekoak bertakoak, edo herrialdekoak direnean, gustura.
Dena dela, puntu hauek lan osoaren baitan txikikeriak besterik ez dira; eta, beharbada, beste ezer gehitu aurretik hobeto aztertu beharrekoak. Ez dugu, beraz, honegatik orain arte esandako gauza lardaskatuko. Bego bere horretan.
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Asier Urkiza
Kanbodiako enbaxada
Zadie Smith
Nagore Fernandez
Herriaren hezkuntza eta demokrazia
Nadezhda Krupskaia
Jon Jimenez
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Joxe Aldasoro
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Mikel Asurmendi
Rifqa
Mohammed el-Kurd
Irati Majuelo
Loak ezkutatzen duena
Patxi Zubizarreta
Aiora Sampedro
Gari eta goroldiozko
Anari Alberdi Santesteban
Mikel Asurmendi
Itsaso amniotikoa
Oihane Jaka
Asier Urkiza
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon / Piszifaktoria Ideien Laborategia
Nagore Fernandez
Gurpilak
Eztizen Artola Iturrate
Jon Jimenez
Gizon barregarriak
Joxean Agirre
Hasier Rekondo
Detaile xume bat
Adania Shibli
Irati Majuelo
Barkamena existituko balitz bezala
Mariana Travacio
Ainhoa Aldazabal Gallastegui