kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Haragia / Eider Rodriguez / Susa, 2007

Biluztasuna Felipe Juaristi / El Diario Vasco, 2007-12-28

“Sufritzen duen gizaki oro da haragia” irakurtzen da Errautsa izeneko ipuinaren buruan. Ipuina Eider Rodriguezena da. Esaldia Elisabeth de Fontenayrena da, Silence des bêtes liburuari esker filosofoen artean ezaguna. Esaldia irakurri eta “oinaze” hitza etorri zait akordura, ez dakit zergatik, beharbada oinazeak, nonahi egoteagatik, ez duelako zergatirik behar, beharbada arrazoimenaz haratago egonik sentipen hutsaz adierazi behar delako, beharbada oinazea ez dagoelako adierazterik. Aipatutako ipuina, Errautsa alegia, honelaxe hasten da: “Aitona hil zenetik astean behin joaten zen amona Luciarenera”. Barthesen esaldi bat etorri zait, halabeharrez, akordura: “Maite izan dudanaren heriotza ikusi dut, erotzen ari naiz”. Hildakoa bere ama zen. Barthesek bere neurriak berreskuratu zituen heriotzari begira. “Bat-batean berdin zait moderno ez izatea” idatzi zuen gero. Oinazeak, izan ere, geure baitara bihurtzen gaitu, geure muinen hutsak erakusten dizkigu, gure izaera primitiboa jotzen du. Biluzik uzten gaitu. Eider Rodriguezen ipuina hirugarren pertsonan hasten da, baina amonaren heriotzaz jabetzen denean, amonak bere buruaz beste egiten baitu, lehen pertsonara da itzultzen, bere oinarrizko izaerara. Gustatu zait ipuina. Itxuraz azala, sakona da berez. Oinazeak, izan ere, azalekoa den oro sakonera eramaten du, norberaren barneraino. Barnetik kanpora joatea zailagoa da. Norberaren sufrimendutik besteenera joatea komeni den arren, gutxitan egiten da halako ariketarik. Nor bere baitako oinazearekin jartzen da bizitzen, kanpokoari begira gabe.

Liburua hamabi ipuinek osatzen dute, maila onekoak gehienak. Nahiago nuke gezurrik ez esan, esaterako. Elkarrizketa moduan dago antolatuta, prosaren berezko edergarririk gabe. Lortzen du, hala ere, hasieratik amaieraraino tentsioari eustea eta bukaeran sentipen suntsitzaile halakoa jabetzen da irakurleaz. Ez da ipuin kafkianoa, baina badu Kafkaren aire bat; ez absurduagatik. Mundu honetan absurdoa errealitatearen beste adiera baino ez da, sinonímoa.

Lehen ipuinak Haragia izenburua du. Jokoa balitz bezala, Karlos Linazasorekiko keinuz josita dago. Ipuinik diferenteena da, konplizitatea adierazten du.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak