kritiken hemeroteka

8.656 kritika

« | »

Zu bezain ahul / Karmele Jaio / Elkar, 2007

Hutsuneak Iratxe Esnaola / Gara, 2007-12-29

Azkena argitaratutako bi liburuen ondoren, “Hamabost zauri” eta “Amaren eskuak”, hamabost ipuin elkartu ditu Karmele Jaiok. “Zu bezain ahul”, jarri die izenburu. Ahultasunak mugitzen baititu liburuko pertsonaiak aurrez burututako ideia bati eutsiz; hauskorrak garela jaiotzez, izatez. Ez ditu alferrik kontakizun asko bigarren pertsonan idatzi. Badirudi irakurlearen bizi ezintasunei konplizitatea eskatzen zaiela pertsonaiak epaitzeko orduan.

Ipuinei batasuna zenbait gairen inguruan biraka ibiltzeak eman die. Bikoteen gorabeherez ari da sarri. Aldenduak agertzen dira, eta ez gutxitan distantzia erreala bikote distantziaren metafora bihurtzen da. Pertsonaiek, zeharka edo zuzenean, zuloen edo hutsuneen ideia iradokitzen dute: “Biriken eta sabelaren arteko hutsunea sentitu duzu berriz, eta irudi bat etorri zaizu burura: kristalezko ontzia…”. Edo: “Zulo beltz eta amaraunez beteriko bat imajinatu du. Zuloak eragin dion mina eztarriraino igo zaio eta horrela sartu da medikuaren gelara, mina eztarrian duela”.

Hutsuneak era batera edo bestera betetzen dira. Hortik datoz liburuko ekintzak. Dinamika honetan deigarria gertatzen da genero bakoitzari ezarri zaion jokabide patroia. Gizonezkoa da beti bikotea engainatu duena sexu harremanak tarteko, arduretatik ihes dabilena. Aldi berean, bera da lan munduan ardurazko karguak dituena, bidaian irteten dena. Emakumea pasiboagoa da. Bakardadea gehiago azpimarratzen zaie. Batzuetan ahiturik daude seme-alabak zaindu eta soldata etxera ekarri beharraz. Baina bestetan amorrazioa gainditu gabe eta beldurrek eragotzita daude bakarrik.

Denboraren esperientziak ere indarra hartzen du liburuan. Noiznahi iraganeko jendearekin gurutzatzen dira pertsonaiak. Ugariak dira haurtzarora edo gaztarora egindako erreferentziak oraina baldintzatzen dutela erakusteko. “Aitonaren kanikak” deitutako ipuinean ikusten da tratu txarrak bizi izan dituenak nekez aldatuko duela jokabide hura gerora. Eta “Cry Baby”deitutakoan hor da gaztetako baloreak galdurik atzera begira jarri eta damu den emakumea.

Idazkera garbia da ipuinetakoa eta irakurterraza. Euren luzera laburrak laguntzen du haria ez galtzen; ez dago arriskurik egitura korapilatsuetan galtzeko. Aukeran, ipuinei iradokitze ahalmena falta zaie, ordea. Ipuinak zabalik utzi dira askotan, baina gauza bat da ipuinak zabalik uztea eta bestea iradokitze indarra izatea. Esandakoa ondo esana egon arren, ez dago asko ondorengo gogoetetarako, hipotesietarako. Honen eragileetako bat aipamen zehatzegiak egitea da. Alegia, gauzak esatea gauzak erakutsi beharrean; ekintzen bitartez pertsonaiei asmatu beharrekoa adieraztea: “Haserre zaude, benetan haserre, ez bakarrik zeure buruarekin, baizik eta zure aurrean dagoen gizonezkoarekin(?)”, esaten da “Oihaneko erregean”. Edota “Disneyland Paris” izenburukoan: “Kanpora zoazen guztietan erosten diozu zerbait. Nathalierekin egon ondoren, aireportuan semeari zerbait erosiz gero, errua uxatzea lortzen duzu. Pixka bat bada ere. Eta aitago sentitzen zara”.

Ondorioz, irakurleari asmatzeko aukera gutxiago geratzen zaio, esparrua mugatzen zaio. Ipuinak izebergaren punta bezalakoa izan behar zuela esan zuen Ernest Hemingway-k. Hark izebergen puntak bezalakoak irudikatzen zituen kontakizun laburrak. Ikusten dena tontorra izanda, azpian, irakurketa agerikoaren atzean, izebergaren beste parte guztia altxatzen zen esan gabearen poderioz. Hitzen arteko hutsuneak ziren izeberg haiek.

Azken kritikak

Silueta
Harkaitz Cano

Irati Majuelo

Koxka bat estuago
Henry James

Aritz Galarraga

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Hasier Rekondo

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Maddi Galdos Areta

Poesia kaiera
Frank O'Hara

Asier Urkiza

Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa

Nagore Fernandez

Beste urte batez
Samira Azzam

Maialen Sobrino Lopez

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Iraitz Urkulo

Auzokinak
Gorka Erostarbe

Mikel Asurmendi

Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez

Amaia Alvarez Uria

Zer egin Miranderekin?
Askoren artean

Irati Majuelo

Silueta
Harkaitz Cano

Ibon Egaña

Azken batean
Lourdes Oñederra

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

Hedabideak