« Hutsuneak | Trilluelosko itsasoak »
Josafat / Luis Haranburu Altuna / Kutxa, 2007
Euskal Herria epaitzen: Josafat Karlos Del Olmo / Hegats, 2007-12
Lerrootara Donostia Hiriko Kutxa Literatur Saria 2007an irabazitako lana, Haranburu Altunaren Josafat antzezlana ekarri dugu, aldez, azken urteotan Euskal Herrian saritzen eta argitaratzen den antzerki mota baten erakusgarri egokia gertatzen delako. Egilea ezaguna da, ibilbide luzea izan duelako euskal literaturan, nahiz eta azken urteotan batez ere editore moduan jardun duen, eta horrek, aldez, idazletzan eginikoak gandutu ditu.
Antzerkia, osotasunean hartuta, hizkuntza bat da, eta hizkera horretan trebatu beharra dago; ahozkoarekin bezala, belarriak hartara egin behar du eta horrek, nahitaez, antzerki asko ikustera eta, jakina, entzutera behartzen du. Euskal literatura dramatikoari dagokionez, antzerki idazleen belarria nekez zailduko da euskaraz propio sortu eta ekoizturiko antzezlanekin; Katalunian ez bezala, adibidez, gaur egungo euskal kulturan eta gizartean (ezta euskararen unibertsoan ere, itxura batean) antzerkia ez delako sektore estrategikoa, are gutxiago industriala ere —industriala? Bai, jakina, antzerkia, ikus-entzunezkoen antzera, industria ere badelako—. Euskal antzerkiak oraindik eginkizun du antzerkigintza bihurtzea. Euskal antzokietan nagusi dira euskaraturiko antzezlanak, lehenik beste nonbait arrakasta ondo egiaztatua izan dutenak. Osterantzean, negu partean telebistan arrakasta izandako antzezleek uda sasoirako propio ekoizturiko (elikabidezko) antzerki moduko batzuk —barregarriak, jakina, dramek, tragediek edo testu sakonek ez dutelako hainbeste saltzen—. Antzerkia herri baten kultur enbaxadorea izanez gero, zein litzateke Euskal Herriarena?
Josafat honetan hemezortzi pertsonaia ditugu norgehiagokan; gehienak historikoak, hemengo zein kanpoko, erraz identifikatzeko modukoak: Dante, Unamuno, Santakruz, Axular, Pirandello, San Migel arkanjelua… Asmaturikoak ere txertatu ditu egileak, nahiz pertsonaia literario ezagunak, nahiz egileak berak sortutakoak: ETAkidea, Nartziso, Mari, Aitor… Zertan esanik ez dago, halako pisu eta diskurtso nabarmenak dauzkaten hemezortzi lagun eszenan behar bezala egokitzeak ekoizpen ahalegin handia eskatuko du noizbait eszenaratzea lortzen badu egileak. Nolanahi ere den, gaurko baliabide teknikoek konponbide errazen bat eman lezakete giza baliakizunen beharra zati batean konpontzeko, eszenetako batean pertsonaia guztiak batera agertzeak irudimena ederto dantzatzera behartuko badu ere.
Luis Haranburu Altunak Euskal Herriko gizarte politikoan izan duen jarrera politikoarekin erraz ezkontzen da argiro eduki politiko handikoa den lan hau. Josafat berba biblikoak “Jainkoa epaile” esan gura ei du, ez du toki zehatzik adierazten, irakurleak bestela pentsa balezake ere; zentzu sinbolikoa du. Gure poeta lehenak deituriko azken judizioa dakar gogora. Epai zelaia, beraz. Eta idazleak, horrenbestez, Jainkoaren pare jarrita, batzuk infernura, beste batzuk zerura eta besteren batzuk linbora bidaliko ditu.
Entsegu dramatiko honek antzerkigintzan hain erabilia den auziaren baliabide dramatikoa darabil zenbait ikuspegi abertzale juzkatzeko. Elkarrizketaren piura eduki arren, batzuetan urrun samar dabil ahozkotasunetik, areago barneratzen da filosofoek hain kutun dituzten elkarrizketa filosofiko-politikoen baranora. Euskal tradizioan, bestalde, ez dira ezezagunak Peru Abarka-ren moduko elkarrizketak. Dramaturgiaren argigarri eta lagungarri, autoreak zenbait musika pasarte aipatzen ditu; haietako pare bat, behintzat, zuzendu beharrekoak badira ere (testu osoak, orokorrean, behar lukeen hizkuntz orrazketarekin batera).
Auzigaia konflikto dramatikoa argia denean, joko handikoak gertatzen dira epaiketa baten inguruan antolaturiko antzezlanak; alegia, benetako pertsona batek galtzeko handirik edukitzeak, berez, tentsio dramatikoa sortzen du. Testu honetan protagonistak arketipo edo ikur diren aldetik —egileak gurata hala bilatuta?—, urrun samar senti ditzake ikusleak edo irakurleak, hau da, beharbada haragi gutxi eta gogoeta asko dagoela. Zelanbait, asmo didaktikoa eta filosofi usaina apurtxo bat arindu behar lituzkete taulara egoki eraman nahi izanez gero. Hitzarekin batera, ekintza bide da gakoa antzerkian. Hau da, pertsonaiek hitz egin bitartean, zer gertatuko da, zertan dihardute berbetan jarduteaz batera? Zertan ari dira eszenategian, zein dira ekintza txiki horiek, ezinbestekoak, egunero benetako bizitzan ia ezari-ezarian denok egiten ditugunak? Nolanahi ere den, ezerk ez du behartzen fikzio bat sinesgarri izatera. Izan ere, antzerkian fantasiarik handiena bera ere hurbil-hurbileko senti daiteke, eta bizitasunez betea, harekin identifikatzeko modukotzat; horixe da artea, hain suertez. Horixe da literatura dramatikoaren dohain nagusia, literatura bezainbeste izatea drama. Edo komedia. Edo tragikomedia; beti ere, baina, bizitasunez betea; halakoxeak dira-eta drama klasiko edo dezimononiko —itxuraz— geldoak ere.
Lanak baditu alderdi dramatiko eta komiko nabarmen batzuk, ez dago ukatzerik, baina edozein modutan, asmo politiko eta didaktikoa nabarmenegia da haietan ere; zalantzan egongo gara beti ea idazleak gurata bilaturiko ondorioa denentz. Horrelako lan baten aurrean, nahitaez egin behar diogu itaun geure buruari ea zer harrera izango lukeen Euskal Herritik kanpoko antzerkigintzan. Edo euskal herrietan ere bai, jakina. Edukiari zein formari dagokienez, noski. Ikusita ia ez dela euskal antzerkirik sortzen, ezinbestean pentsatu besterik ez dago gaur egungo euskal literatura dramatiko gehiena ezin dela homologatu kanpokoarekin —itzultzen den kanpoko teatroa euskaraz estreinatu egiten delako, hain zuzen ere—. Zer (eta zenbat) saritzen eta argitaratzen den ikusita, euskal kulturgintzaren alor honetan nor diren guztiek, lotsaren lotsaz, burua nonbaiten ezkutatu beharko lukete. Euskal antzezlanek ez dute inoiz Espainiako sari nazionalik lortzen, eta, askozaz ere txarrago dena, ezta Euskadi saririk ere, hartara jarriz gero. Horrek zer edo zer esan gura du aditzeko belarririk duenarentzat. Antzerkiaren gailurra antzezpena bera da, eta taularik ezagutu gabe geratzen den lana, basamortuan aldarri egiten duenaren pareko.
XXI. mendearen hasieran Haranburu Altunak, zelan edo halan, kitatu egin nahi du orain arteko Euskal Herriaren historiarekiko zorra. Beraz, mende honetatiko atzera begirako bat genuke testua, nahiz eta oso argi egon ez mende berriko dramaturgiarik eratu duen hartarako. Halere, testua eta antzezpena banaezinak dira literatura dramatikoa taularatzeko orduan, eta testuak beste kode batzuk ere behar ditu: dekoratua, tresnak, jantziak, makillajea, keinuak, argiak, soinua… Nolanahi ere, nekez jakin liteke zelan hartuko lukeen jendeak, hemengoek zein kanpokoek, euskal kultura osoaz zamaturiko juizio hau. Ikusleak elkarren arrimuan, elkarrengandik hurbil egoteak aurretik espero ez diren ondorioak izan ditzake, erabateko arrakasta edo porrotik itzelena! Aldez edo moldez, lana zenbait abertzalek eraiki duten historiaren euskarri —egilearen ustez— sasikoak desmitifikatzen ahalegintzen da. Eta esaten dituenetako batzuk ez dira erraz irensteko modukoak, ez etxean, ezta kanpoan ere. Lehen aipaturiko pertsonaiak eskematiko samarrak gertatze hori, beharbada, egilearen beraren bozeramaile huts izatetik datorke. Eskematikoak izatea, ordea, ez da oztopo gaur egungo dramaturgiaren aldetik. Zein da, nolanahi ere testu dramatiko baten balio literarioa? Nork neurtuko du esaldi bakoitzaren pisua, benetako antzezleek ozenki esan ezean?
Bestalde, ezin amaitu artikulu hau kontraesan moduko bat aipatzeke: egia da euskaraz idatzitako antzerki gutxi heltzen dela eszenatokietara. Baina, bestalde, inoiz baino literatura dramatiko gehiago idazten da Euskal Herrian. Kontua da literatura dramatiko hori ez dela gorpuzten eszenategi klasiko baten gainean, kamera aurrean baino, pantailetako antzoki birtualetan gauzatzeko. Jakina Josafat honen destinoa, antzokia ez bada, nekez egokituko da aspaldi honetan euskal pantailetan nagusi diren umorezko saioetako idazketa dramatikoan. Baina hamaika antzezteko jaioak gara, ordea. Oihala behera.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres