kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

De Profundis / Oscar Wilde (Aitor Arana) / Txalaparta, 2007

Barru-barrutik egiten dizut dei Karlos Del Olmo / Eizie.org, 2007-11-15

Atxagak honako hau idatzi zuen Egunkaria itxi eta kazetaren arduradunak atxilotu zituztenean: “Malcom Lowryk esaldi bat sartzen du, ez non eta ez han, harira ere ez datorrela, bere liburu ospetsuenean: ‘Eta orain gauza triste bat etortzen zait gogora: Oscar Wilde Victoria geltokian eskuak esposatuta zituela, Reading-eko presondegira eraman behar zuen trenaren zain, eta jendea berari begira eta esanez, hara, hor dagoen hori Oscar Wilde da'”. Aipua, jakina, ez da hitzez hitzekoa, garrantzitsuena, guztiarekin ere, zertan esanik ez, Bernardo Atxagaren gomutara Lowryren aipua etorri izana da, harira etorri bazetorrelako, hain zuzen ere, bere burua babesgabe eta denon agerian dagoen harako Kontsul idazle frakasatu eta mozkor hartaz berba egiteko zein Oscar Wilde zorigaitzekoaren irudia denon begi aurrean jartzeko, hark esan legetxe: “1895eko azaroaren 13an ordu bietatik ordu bi eta erdietara, Clapham Junctioneko nasa nagusian egon behar izan nuen presoz jantzita eta eskuburdinaz loturik, mundu osoaren begien bistan”. Aresti ere datorkigu akordura ezinbestean, desilusioaren, etsipenaren melodia ezagunaren beste bariazio bat egin baitzuen: “Honera ekarri nuen handikan / nire tristura haundia, / gizon doilorrek egin zidaten / bidegabe itsusia. / Orain zikina, zitala banaiz / orduan nintzen garbia: / MALDAN BEHERA DOA AGURO / NIRE GORPUTZ BILUZIA”.

De profundis ez da eleberria, amorante apetatsu batek eragindako etsipen eta porrot iragarritakoen kronika baizik, zigor-erakarle izan den pertsona maitatu bezain mingarriari gutun moduan kartzelatik idatzia. Izenburua ez zion Wildek berak jarri, haren albazea literario Robert Ross jaunak, post mortem, eskribatzailearen aurkariek prosa bikainetan bikainen fortunatu den lan hau suntsi ez zezaten. De profundis izenburuak Bibliako salmo bati egiten dio aipu, hain zuzen ere, Barru-barrutik Jaunari dei barkamen eske ezagunari, Jaunak Israel (idazlea) erru guztietatik aske utziko duela dioenez gero. Idazlea hil eta handik mende batera ikusi zuen argia gutun osoak, zenduaren birloba batek bultzaturik. Jatorrizkoari Oscarrek Epistola: In carcere et vinvulis jarri zion izenburu.

Aditu batzuek gutunean Oscar Wildek lehengo bizimodua damu zuela besterik ez dute ikusi, beste batzuek, ordea, garai hartako gizarte ingelesak maitasun homosexualari jartzen zizkion hamaika oztopoen ondorio latzen aurkako garrasi minez betea. Edozelan ere den, espetxetik idazle batek sekula santan idatzi dituen gutunik mingarrienak ditugu idazlan honen barruan eskutitz luze bakar moduan eratutakoak. Etsipen, mingostasun, maitasun eta tristura alimalekoak darizkie letrei.

Txalaparta argitaletxeak Felipe Juaristiren sarrera argigarri batez osatu du Aitor Aranak jatorrizko testuaren tonu barnerakoi eta sentipenez betea abiapuntu eginiko euskarazko itzulpena. Nonbait, antzerki bakarrizketa moduko honen barrunbeak gaurko euskal irakurlearentzat onargarri emateko lana ez da ahuntzaren gauerdiko eztul gertatu, aditu batean errazen eman ditzaketen lanak izaten direlako itzultzen latzenak. Normalean testua oso ondo irakurtzen da, nahiz eta lantzean-lantzean itzultzaileak ingelesetik gertuegi jardun duela dirudien, zenbateraino eta batzuetan ilun samar gertatzeraino ere. Azken orraztaldi edo irakurraldi pausatuago baten beharrean dagoela pentsa liteke, han-hemenka belar txarren bat kendu edo aldapa latzen bat arintzeko.

Azken batean, artistarentzat legetxe, itzultzailearentzat ere “bizitza ulertzeko modu bakarra espresioa da. Harentzat mutu dagoena hilik dago”; Aitor Aranak ederto erakutsi du hobe dela lan serio bat itzultzen ausartzea, isilik geratzea baino, askoz ere hobe dela borrokan hiltzea, hilez bizitzea baino. Wildek berak esan zuen bezala, edonork senti dezake adiskidearen nekeenganako begikotasuna, lagunaren arrakastak begi izateak, ordea, izaera delikatu-delikatua eskatzen du.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak