« Saiakera mozorrotua | Misterioa eta ezustekoa »
Hona hemen gu biok / Dorothy Parker (Mirentxu Larrañaga) / Alberdania / Elkar, 2006
Horra hor gu denok… Inma Errea / Diario de Noticias, 2006-03-29
Dorothy Parkerren ipuinok leitzean, artega moduko bat senti dezake irakurleak, narrazioak aitzina egin ahala hondamendi handi edo ezbehar izugarriren bat jazotzear izanen balitz bezala, eta aztoramen bat, estugarri bezain kitzikagarria, amildegi baten ertzera hurreratzea nola. Bestalde, istorio bakoitzaren lehen lerroak irakurrita, aitzina egiteko beharrak harrapatuko du, ipuinaren gakoez jabetze aldera. Ipuinotan sortutako giroa ezaguna baita, mundutarra, eta aldi berean arduragarria, gogoetarako bide ematen dutenetakoa. Izan ere, etxeen, pertsonaien edo egoeren deskribapen zehatz eta oparoek ez dute mozorrotzen ipuin hauen benetako mamia: pertsonen arteko harremanen azterketa sakon bezain errukigaitza.
Parkerrek zirujau baten eran ebakitzen ditu gizon-emakumeen edo gizarte-mailen arteko hartu-eman beti korapilatsuak. Eta bestela bezala egiten du. Irakurlea, hasieran aipatu katastrofe-sentipen horrek harrapaturik, beldurrak airean iristen da bukaerara, eta bat-batean arindua hartzen du, azkenean iradokitako zorigaitza gertatua ez dela konturatuta. Handik gutxira, ordea, unadura igarriko du berriro, ohartuko baita ipuinean kontatutakoan datzala, berez, kasu gehienetan, zorigaitza.
Kontakizunen ardatz eta zio nagusiak garai eta toki jakin eta zehatz batzuk izaki —1920 eta 1930eko hamarkadak eta New York hiria, hurrenez hurren—, harrigarria da istoriotako gorabeherak hain unibertsal suertatzea, hain klasikoak eta aldi berean hain modernoak.
Dorothy Parker, XX. mendearen lehen erdialdean New York-eko gizarte-giro sofistikatuetako pertsonaia nabarmenetariko bat izateaz gain, behatzaile aztia izan zen, eta bizi zuen giroa zorrotz bezain sakon aztertu zuen, eta idatzietan islatu. Ipuin hauetan nabarmen-nabarmenak dira Parker ospetsu egin zuten zorroztasuna, buruargitasuna eta umorea.
Guztira, 16 ipuin dira, 1923tik 1938ra hainbat berri-paper eta aldizkaritan argitara eman eta 1944an, beste hainbat kontakizun eta poemekin batera, The Original Portable Dorothy Parker izeneko liburuan jasoak.
Istorio hiritar-hiritarrak dira hauek, gizarte-maila ertain eta altuetako jendearen jarrera hipokrita eta aje nagusiak agerian uzten dituztenak maiz; haietan pertsonaiek askotariko grina, jaidura, jarrera, pentsamolde, eta sentimenduak erakusten dituzte, betiko gai nagusiak —amodioa eta desamodioa, heriotza, bizitzaren higadura…— lagun eta osagai dituztela, bizitzaren ikuskizun distiratsu bezain krudela osatuz. Hori dena, erritmo bizian kontatua, ipuinek filmetik ere zerbait badute-eta.
Itzultzaileak, Mirentxu Larrañagak, lan bikaina egin du, istorioek, zenbait ezaugarritan bat etorrita ere, zeinek bere estiloa baitute, zeinek bere kolore eta doinua, guztiz diferenteak haien artean. Itzultzaileak jakin izan du, jakin, ipuin bakoitzari berea ematen, eta egileak adierazitakoak fidelki aldatzen. Eskertzekoa, bestalde, Dorothy Parkerren bizitza grinatsuari zein obra oparoari buruzko sarrera argigarria.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi