« Buia itsaso erdian | Parabola berria »
Jeu de paume / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2005
Saiakera mozorrotua Ibon Egaña / Berria, 2006-03-28
Arrazoizkoa dirudi Fito Rodriguezen Jeu de paume irakurri eta Jon Alonsoren Camembert helburu-rekin akordatzea. “Nobelaz mozorrotu den saiakera” izendatu zuten iruindarrarena, eta hala defini genezake Rodriguezena ere, edo saiakela, egilearen beraren izendapenaren arabera, nobelaren eta saiakeraren arteko hibridoa. Alonsok bezala Rodriguezek, margolari baten obratik batak Toulouse-Lautrec-enetik, Magritterenetik besteak abiatuta osatu dute saiakera. Bietan fikzioa saiakera janzten duen mozorroa da, baina planteamendua antzerakoa badute ere, norabideak eta intentzioak ez dituzte berak: Alonsorenak gogoeta, batik bat, estetikaren eta artearen esparruan kokatzen bazuen, Rodriguezenak estetika eta artea oinarri hartuta filosofiara egiten du jauzi.
Eta ber gisan dator akordura Magrittek ez omen zuen pipatzen, egile orotariko honen apunte eta gogoeta liburua, desfilosofatzea helburu zuen filosofia liburu jostaria. Ordukoan pieza solteek, poesia eta prosa laburraren erdibideko eremuan kokatzen ziren testu laburrek ehuntzen zuten liburua; oraingoan gogoetei fikzioak eta Magritteren koadroek ematen diete batasuna. Puskak batzen dituen argumentua oso da laua, hain laua non maiz irakurle honi iruditu baitzaio soberan duela saiakerak mozorroa, sarri kosta egiten da-eta narrazioarekiko interesa mantentzea: Galder Parisko Jeu de Paumen gatibu geratu da Iraken inbasioaren aurkako manifestazio bat inguruan zela-eta museoa itxi ostean; handik ateratzeko moduaren bila dabilela, Magritteren koadroak dakuski bata bestearen atzetik, eta koadro bakoitzak gogoeta labur baterako bidea eta aitzakia ematen dio pertsonaiari.
“Magritteren margolanek logika hertsien eta murritzaileen legeak apurtzen dituzte maiz”, dio J.L. Alvarez Santa Cristinak liburu honen hitzaurrean, eta horregatik gertatzen da gogoeta eta hausnarrerako printza egokia Magritteren lana, besteak beste errealitatearen eta bere errepresentazioaren arteko zuloaz hausnartzeko, ikuspegiaz eta perspektibaz gogoetatzeko, pentsamenduaren zeregina eta izaera birplanteatzeko. Bestalde, pertsonaia giltzapetuta baina aldi berean manifestazio jendetsu batetik hurbil kokatzeak parada ematen dio idazleari banakoaren esparrutik aldendu eta jendartearen gaineko gogoeta abiatzeko, politikaren esparruan sartzeko, edo banakoaren eta gizartearen arteko harremanez hausnartzeko. Hots, esparru pribatu eta publikoaren arteko mugez eta harremanez jarduteko. Halatan, erabat da zabala Rodriguezen gogoeta laburren esparrua: gutiziaren jatorria, beldurra, bizitzaren gaineko kontrola, monoteismoak, hizkuntza idatzi eta ahozkoa… Guztietan ere, Magritte akuilu dela, ezarritako egia ofizialen ifrentzua bilatzen du idazleak, nagusi den pentsamenduari, orokortu den eredu politikoari, ziurtzat ematen den egiari zalantzaren argia ematea, kontraesanaren printza piztea. Bide horretan lagun ditu, liburua hasi eta buka, antzinate greziarreko filosofoak, Sokrates, Platon eta Aristoteles buru direla. Antzinateko filosofiaren ideia, balio eta pentsamenduak gaur egun hegemonikoak diren ideia, balio eta gizarte ereduarekin aurrez aurre jartzen ditu egileak, eta haiek lagungarri zaizkio oraingoa zalantzan jartzeko, oraingoaren kontraesanak bistaratzeko.
Anbiziotsua, agian anbiziotsuegia da Rodriguezen lana, eta zenbaitetan balantza egiten du testuari koherentzia ematerakoan, nobela eta saiakera uztartzerakoan, edo gai batetik bestera jauzi egiterakoan. Edonola ere, filosofiara hurbiltzeko bestelako bideak zabaltzeko, euskaraz urria den pentsamenduari esparru berriak irekitzeko saio eskergarria da Jeu de paume.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi