kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Kasandra leihoan / Fito Rodriguez / Txalaparta, 2006

Literatura, funtsean, kontatzen jakitea da Mikel Asurmendi / Irunero, 2007-09

Paisaia gisa irudikatu ohi dugu euskal literatura. Berbera genero hainbatek osatua dela esan ohi dugu alegia. Generoak ez dira beti erabatekoak. Aldion ekarri dugun liburua saiakera edo nobela definitu dezakegu. Demagun liburua generoen erdibidean dela. Liburuak Kasandra leihoan izena du, egileak Fito Rodriguez.

Nobela edo saiakera. Zein duzu genero laketagorik? Zalantza-balantza zaude. Lasai, biak gustuko badituzu, biak dituzu liburu honetan. Liburu hibridoa duzu, alegia. Ez asto ez behorra, mandoa alegia. Barka nazala liburuaren egileak. Trufaz eta txantxaz abiatu naiz errealitatera bidean. Liburuaren irakurketa bukatu berria naiz, eta olgatzeko gogoa laga dit berberak.

Areago, kontu bizi-bizia dut gogoan: liburuaren irakurketa bukatu ahala, liburuaren azalean agertzen diren irudien filma ikusi ahal izan dut telebistan berriz ere. Alfred Hitchcock-en The Rear window edo Leiho begiluzea izenekoa. Film antologikoa.

Azalak adierazten digu liburuaren funtsa, literatur lagun hori. Baiki, zinema duzu gaia. Gaizki adierazi dut. Bizitza da gaia, zinema bitartekoa duzu.

Zinema izaki, bi dituzu protagonistak: Kasandra eta Ihardets. Eta bizitzari begira non kokatu dituen idazleak eta hegazkin batean, hegazkin bateko leihoaren alboan. Horregatik Kasandra leihoan. Non eta nondik begiratu baino, garrantzizkoa da zeren bidez edo bitartez begiratzen dugun mundua. Kasuan zinemaren bidez.

Fito Rodriguez idazleak munduari begiratzeko, mundua ulertzeko, egungo kultur ezaugarriak eta kodeak ezagutzea eta ulertzea funtsezkoak dira. Ez zaio arrazoi falta. Hartara, filmografia ederra pilatu, horiek bipildu eta saiakera ez ezik, nobela ondu digu.

Historia dugu bertan, eta historia ulertzeko funtsezkoa den filosofia ere —egilearen jitea izaki— jorratu du idazleak. Historiaz eta filosofiaz harago, hainbat istorioen bitarteko istorioa gauzatu du alabaina. Horrek ematen dio liburuari nobelaren airea eta jitea. Zinema baliatu du idazteko eta liburuan zinemaren magia eta fikzioa ez antzematea zapuzgarria litzateke.

Lasai egon dadila egilea. Nik neronek behintzat film bat ikusi dut liburuan. Filma gauzatzea bestela litzateke. Alta bada, liburuak berak saio gisa ematen dizkigun gomendioak oso baliagarriak lirateke film txukun bat burutzeko.

Tira, ez dut liburuaren egituraz sobera erran, ia deus ez, hobeki esanda. Zer nahi duzu irakurle? Filma kontatzea? Ziur naiz, zuk zeuk nik neronek ikusi dudan bestelako filma ikusiko duzula bertan. Zinemaren historiaz jantziago aterako zara bidaia honetatik, eta etikaz harago edo honago joan-etorrian, estetikaren balioa preziatuko duzu.

Presta zaitez espazioan eta denboran kokatzeko. Hegazkina oraindik ez da abiatu. Garaiz zaude Kasandra eta Ihardetsen alboan paratzeko, leiho berri bat zabaltzeko, pantaila edo ekran berri bat irudikatzeko. James Stewart eta Grace Kelly protagonisten azalean sartu zaitez eta bizitzako istorio berri bat asmatu. Zinema funtsean kontatzen jakitea baita. Zinema eta literatura.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak