kritiken hemeroteka

7.850 kritika

Azken kritikak

« | »

Oromenderrieta / Xabier Amuriza / Elkar, 1984

Oromenderrieta Kaekus / Pamiela, 1985-11

*Nola hel lekiokeen kontzientziari, berorretan aldaketa genetikoa sortarazteko asmoz

Horixe da, ene iritzirako, Amurizaren “Oromenderrieta” liburuaren mezu nagusia. Bertsolari honek ez dihardu, baina, liburuon biologiaz, edota medikuntza esparruan genetika arloaz: mundu eta mende orotan zehar ibili den gizonari so eginez diagnostiko batzuk egiten ditu, autoreak, mundua historiaren laboratorioa bailitzan. Biologoa dugu?, Filosofoa ote? Medikua agian! Profeta hutsa! Mintza bedi berau!

“.., “Herri batza inoiz ez zanpatua”. “Lehentxoago edo gerotxoago, egia beti nagusi” eta horrelakoak esaten dira, baina benetan sentitzen dena agertuko balitz, ez da sekula izan herri baturik ez banaturik, zanpatua izan ez denik. Eta mutilak: “Sekula ere ez” hori ez duk atzo goizeko kontua. Zenbat mende eta milurte dira gizakumea munduan zehar dabilela? Ba, inoiz ez inon ez da zanpatu gabeko herririk izan. Gogorki edo ez hain gogorki, ohartuz edo ez hain ohartuz, egoera hori ez da sekula inon gertatu. Askok parabisua hasieran jartzen dute, beste askok azkenean. Baina parabisurik ez da ez hasieran ez azkenean. Lau-hankan eta zuhaitzetik eroriz, bere buruaren kontzientzia hartzen hainbeste kostatu zitzaion lehen gizakume hari parabisua bizkarreratzea zelebrea da benetan. Hasieran zentzurik ez zeukana norbaitzuek azkenean jarri dute, baina horrek ere, zentzu gehitxoago daukala eman arren, engainu sikologikoaren oinarria besterik ez dauka. Eta hasieran eta azkenean, bietan dagoela emanik ere, hemen bitartekoaz ari gara. Ez daukat beste munduaz hitz egiteko gogorik, mundu honetakoa argitu arte.”

Baina mundu honetakoa argitzeko kandelak behar dira, tresnak, hortxe daukaguna ezagutu eta aldatu ahal izateko, oraingoz, diru dienez ez baitugu gauza handirik egin:

“…Sufrimendua kontzientzi haro osoari datxekona da. Orain arteko giza kondaira guztia (pentsa zenbat mende!) sufrimenduaren kondaira da. Horixe da haro guztia gehien markatzen duena. Horren ondoan, beste sailkapenak bitxikeriak dira. Lehen haroa, harri haroa, burdin haroa, erdi haroa, industri ahora, nuklear haroa eta horrelako bereizketak azalekoak dira beste batasun funtsezko horren ondoan. Haro guzti horietan sufrimenduak agindu du eta, faktore hori deino, ez da funtsean ezer aldatuko…”

Sufrimenduaren sorburuen bila abiaturik, egungo eta aspalditik darabilkigun kontzientziarekin topatzen da X. Amuriza, eta kontzientziaren erro-erroan aldaketa bat sartu nahi du. Bisturia eskuratu orduko, gero, ebakuntza egin baino lehen, zehaztasun osoaz lekutu behar da ezabatzeko organoa: sufrimenduaren iturburu emankorra. Beharbada nire partez gehiegizko laburpena eginez, sufrimendua desberdintasunetik dator, eta azken hau kontzientziaren “eraso-sistema” eta “denfentsa-sistema”-ren arteko desorekatasunetik gertatzen da, nahi eta nahi ez, automatikoki, gupidagabeko pilakuntza abiaraziz.

“…Zergatik ez defenditzaileak ere kontzientziaren kalkulamena berdin erabili? Bai, adiskidea, baina ez erasotzailearen neurrian. Defentsa definizioz mugagabea da, eraso posible guztietarako eraturik egon behar batzuk, baina hori ezinezkoa da, izaki infinitua izan ezik, eta horrelako izakirik apenas den. Defendatsa mugatua da, mugagabea izaterik ez daukalako. Erasoa ere mugatua da, baina ez dauka mugagabea izan beharrik. Areago oraindik, zenbat eta mugatuagoa eta hartaratuagoa izan, hainbat hobeki, defenditzailea ustekabean harrapatzeko. Erasotzaileak bere eraso motak aldatzen baldin badaki, defenditzaileak ez dauka denetarako defentsarik prest edukitzerik. Zer egin? Erasotzen diotenean, orduantxe defentsa eratu, astirik ematen badiote. Erasoaren lehentasuna abantaila estrategiko funtsezkoa da eta, zenbaki handien garantia kontuan harturik, erasoa nahitaez nagusituko zaio defentsari. Panorama polita, ez.”

Oso egoera kafkianoa isladatzen da hemen: “En quoque fili mihi” unibertsal bat. Izan ere liburuak ipuin itxurarik ez eduki arren, gaixotasuna agirira atera du X. Amurizak, ezkutalekutik, kontzientziatik. Ez badago inorekin fidatzerik ere, nahiz eta atakeak edonoiz eta edonorengandik gertatu beharra duen, sufrimenduaren iturburua ikusmiran jarrita dago, agian bidea erdi egina legokeela esan liteke: erasoaren lehentasuna edo prioritatea abantaila estrategiko funtsezkoa denez gero, eraso-sistema eta defentsa-sistema berdindu litzakeen gauza baten bila abiatu beharrean gaude. Hau da: kontzientzia “oharturik”, gaur arte izan dugun kontzietziatik, kontzientzia “lehertura” pasatu beharra dugu:

“… Nola kontzientzia lehertu? Defentsa sistima eraso sistima bezain jotzaile eginik. Ez da gehiago behar, aski da hainbeste izatea. Eraso sistimak bere helburua (pilakuntza) iraun sena edo heriotzaren ihes errozkoa manipulatuz lortzen baldin bada, faktore horiei buelta emanda bakarrik iraul liteke egoera, zeren iraun senak indar berbera baitu erasotzailearengan ere, gehiago ez bada. Eraso-defentsa grinak gizaki guztiengan daude. Defentsan bildurrik ez badu, erasora joko du, baina bere defentsa sistema zulatzen baldin bazaio, harentzat ere defenditzea da nagusi. Defentsarik onena erasoa dela esaten da eta pilatzaileek ederki erabiltzen dute lege hori. Baina zenbat eta gehiago erasotzen duten, hainbat eta defentsa sistema gehiago urratzen bazaie, orduan nahitaez defentsara pasatu beharra daukate. Erasotzeko moduan dagoenak bakarrik erasotzen du eta erasotzeko gutxienez bizirik egon behar da.”

Hau da, eta liburuaren pasarte aberats asko nire kaxa berriro laburtuz, pilatu nahian urratsa ematerakoan, jakingo balu baten batek heriotza datorkiola, adore emango lukeela iraun senak abisaturik. Pilatzeko kalkulua edota gogoetan egin bezain pronto, jaiotzean bertan iraun senak ezabatuko lukeela une berean. Iraun sena barruko eta aldioroko zaindari genuke.

Balitz, …baleki, …balego, …balu, …irrealitate mailan ibili gara orain arte: —pentsamenduan—. Hortik jaitsiz erreala dena hauxe da: bi etxe daukadala eta hirugarrenaren bila abiatzerakoan ez dudana iraun sena oztopo. Eta laugarrena, eta bosgarrena. Beti gorantz. Behar dudana baino gehiagoren bila. Nola pasa ba, sermoi mailatik, hitz hutsetatik, filosofia hutsetik, nahi duzun literaturtasunetik errealitate esparrura?

Non kokatu aldaketa, non sartu bisturia?

“… Pilakuntza norberak norbere eskuz daraman bitartean ez da hain haundia izango. Hori hornikuntza dela esaten genuen. Hornikuntzako diferentziak ez dira hondagarriak. Puntu bateraino konbarazioa lasai utz genezake. Norbaitek bola haundiagoa egiteko trebetasuna daukala? Lanerako gogo gehiago daukala? Utziozu bakean, horrek ez baitu orekarik hautsiko. Elur bola bera bakarrik abiatzen denetik aurrera, pilakuntzaren prozesu gupidagabea harten den unetik aurrera, hortxe dago gorabehera. Hortxe behar da prozesuaren urkamen automatikoa. Pilatzailearen heriotza. Pilakuntzak ez dauka izate pertsonalik, ez eta animalizkorik ere. Makina bihozgabea da. Non daude errozko zartada hori hartzeko organuak? Pilatzaileengan. Baina horretarako defentsa sistimak bere mekanismorik ezkutuena eta indartsuena utzi behar du. Hiltzera joan behar du zuzenki, heriotzari ihes egiteko grina errozkoa gainditurik. Eta horra jokabide horrekin heriotza guztiak ebitatzen direla, behar beharrezkoak izan ezik. Sistima bueltagabe eta selektibo horrek heriotza bakarra eragiten du, bestela milaka izan beharko lukeen lekuan. Nola? Ai, adiskidea! Piramide legea zetorrek hemen. Oraindik jakiteko al dago?.”

Liburuan zehar, narrazioaren ibai lurperatuak bailiren deskribatzen dira zenbait jauntxoren garbiketak, monopoliodunenak, James Bond ez bezalako tipo batzuk eginak, pantailara eramanak izango balira arrakasta segurua luketenak. Nik ez dut uste nobelatzat hartzekoak direnik, zenbait kritikori iruditu izan zaionez, goian aipatu dugun teoria edo metodoaren islada modelikoak lirateke, ene ustez.

Bestela ez legoke errealitatera jaisterik.

Piramide edo pilakuntza sistema lurreraturik, hau da: gizarte kapitalista desmontaturik, zer egin?:

“… Pilakuntzarik ez bada, antolakuntza egina da eta antagonismoak deseginak izango dira matrakak, eztabaidak eta haserre txikiak agian, baina ez etsaigo funtsezkorik. Zergatik eta norekin etsaituko zara, ba, inoren azpian egoterik ez inor azpian edukitzerik ez baduzu? Utz antolamendu ardurak geroko, antolamendurik izango baldin bada. Oraingoa bezalakorik ez dela izango jakitea aski zaizu. Alderdiek ez dute zentzurik izango, ez aldekoek ez kontrakoek. Horrexegatik bakarrik merezi luke aproba egitea. Ez da gerrarik pairatu beharrik ez bakerik defenditu beharrik izango. Ez da inflaziorik ez krisirik izango. Ez da pilakuntzatik harako gaitzik bat ere izango. Hortik gora zer antolatu behar duzu, ba? Behar balitz, orduantxe pentsatuko dugu, gaur baino sanoago egongo gara eta.”

Neuk esan dizuet aldaketa genetikoa sortarazteko xedez eginda dagoela liburua: “…bestela haro berean jarraitu beharko sekulotan sekulotan, naturak kontzientziaz kanpoko eskusartze errozkoren bat egiten ez badigu “.

Baita azken orrialdean ere:

“— Izaera ere aldatzeko asmoa al daukazue?

—Zergatik ez, bada? Lehenago hankalaukoitzak gintuan (tximinoak ginenean) eta orain ez gaituk gogoratu ere egiten (…) Ez al duk kirol ederra? Noiz ikasi duk hik honelako estadiorik?”*

Bukatzeko esan behar dizuet neu literaturzale amorratua izanik ere, ogia baino, ogia bera eskuratzeko moduak liluratzen nauelarik halere, ez dudala ikertuko zer nolako literaturtasuna !!!, daukan, edo zelan esaten duen, esaten duena Amurizak. Orri magistral batzuk daudela seguru nago. Bihoakio hemendik nire agur txikia autoreari, ezen nik gauza asko ikasi eta ikasi baitut bere liburuan. Agian ez da oso liburua erraza, Hegelenak ere ez, tira! ba liteke. Nik gutxienez Mungiako frontoi arkupean irakurri izan dut eta gustora gainera.

Azken kritikak

Sortaldekoak
Hedoi Etxarte

Asier Urkiza

Dama
Jon Gerediaga

Nagore Fernandez

Bihotz-begietan
Xabier Lizardi

Igor Estankona

Argiantza
Pello Lizarralde

Jon Martin-Etxebeste

Taxiak ez dira inoiz gelditzen
Xabier Montoia

Txema Arinas

Eskuan beti zerbait
Maialen Berasategi Catalan

Irati Majuelo

Empar Pineda Erdozia: gorputzak hala eskatua
Kattalin Miner

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zeruko belardiak
John Steinbeck

Hasier Rekondo

Arkanbele kantak
Mikel Taberna

Mikel Asurmendi

Urpean murgildu
Lidia Txukovskaia

Nagore Fernandez

Bertute txikiak
Natalia Ginzburg

Asier Urkiza

Algara mutilatuak
Ane Labaka Mayoz

Maitane Legarreta Etxezarreta

Haragi hosto
Juan Ramon Makuso

Jose Luis Padron

112 poema biziari hegalak jartzeko
Begoña Abad de la Parte

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Artxiboa

Urria 2021

Iraila 2021

Abuztua 2021

Uztaila 2021

Ekaina 2021

Maiatza 2021

Apirila 2021

Martxoa 2021

Otsaila 2021

Urtarrila 2021

Abendua 2020

Azaroa 2020

Hedabideak